Iruña Veleia, CSI eta arkeologia

2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gutxik jakingo dute CSIko ikertzaile nagusia, Gil Grissom, hau da, Wilian Petersen aktorea, Arrasaten bizi izan zela gure antzinako kultura ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean. Gainera, antza, bere alaba bati euskal izena jarri omen zion. Deitu eta gonbidatu egin beharko dugu Euskal Herrira bigarren bisitaldi bat egiteko, oraingoan Arabara, Iruña Veleiako misterioa argitzen laguntzeko.

Grissomek Estatu Batuetan zientzia forentsea nola hasi zen kontatuko liguke, orain dela mende bat baino gehiago, hilketa bat gertatu zenean, herriko biztanle guztiak ohiko lan tresna zuten aitzurrarekin etortzeko deitu zituztenean. Hilketa berehala argitu zuten, errudunaren aitzur gainean eltxoak gelditu gabe zebiltzalako, ikusten ez ziren baina bertan zeuden odol arrasto batzuengainean.

Gero bi alde dituen zientzia kriminalistikoaren faseak azalduko lizkiguke. Alde bat proba zientifikoen elaborazioa da, eta hor 5 urrats daude: delitua gertatu den lekua babestea; behatzea; ondo mantentzea; indizioak jasotzea eta, azkenik, indiziook laborategitara bidaltzea azter ditzaten. Beste aldean ikerketa lan osagarri guztia dugu, analisiak bezain garrantzitsua dena, eta hor ekintza deliktiboarekin zerikusia izan duten pertsona guztiak sakonki elkarrizketatzea dago… eta, garrantzitsuena, delitua zergatik egin den aztertzea, hau da, horretatik nork atera duen onura argitzea.

Ondoren, Grissomek galdetuko liguke ea Arabako Iruñan lan hauek egin diren. Zoritxarrez, berak aipatutako gauzetatik ia bat ere ez dela egin esan beharko genioke. Lehendabizi, Aldundiaren Batzordean arkeometria alorreko aditu bat bera ere ez zegoela esango genioke, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den zehazten duen jakintza alorrekoa. Hilketa baten ikerketan DNA probak egin litzakeen teknikaririk egongo ez balitz bezala.

Zientzien alorreko zeuden kide bakarrak Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta J. Manuel Madariaga kimikaria ziren. Legardak zeramikak erromatar garaikoak zirela baieztatu zuen. Bestetik, Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako. Eliseo Gilek argitu zion gaia, Madariagak aurkitutakoa zeramika zatiak lortzeko erabiltzen den kola zelako, ez besterik.

Ondoren, Iruñako indusketa eremura Batzordeko aditu bat bera ere ez zela joan esango genioke, Lurmen enpresak azken urteotan egindako lana in situ ondo aztertzera. Ez zutela proba bakar bat ere jaso, ez zutela laborategietara ostraka bakar bat ere bidali, nahiz eta akusatua zen Eliseo Gilek eskatu. Grissomek ez sinesteko moduko aurpegia jarriko liguke, baina Batzordeko inor ez zela indusketako langile guztiekin egon informazioa jasotzeko edo kontraesanetan harrapatzeko ere esango genioke.

Horrez gain, delitua egiteko arrazoia, hau da, «mobila» ez dela aztertu esango genioke. Eliseo Gilek agertzen ari ziren pitxar, plater eta abarrekin urte askotarako finantzaketa ziurtatuta zeukan, nahiz eta ostraka bakar bat ere agertu ez. Zergatik arriskuan jarri berak abian jarri zuen indusketa? Faltsifikazioak egiantza izateko egiten dira. Orduan, zer zentzu zeukan ohikoak ez diren hitzak jartzeak, ez inoiz ere ez agertu gabeak?

Onura atera dutenak argi ikusi da zeintzuk izan diren azken urte honetan. Batetik, Julio Nuñez EHUko irakaslea, Eliseo Gil indusketatik kanporatu zuen Batzordeko kidea eta Iruña Veleiako oraingo zuzendaria, nahiz eta hondeamakinarekin sektore oso bat suntsitu duen. Bigarren «onuraduna» Joseba Lakarra da, bere aintzineuskararen teoria irakasten jarrai dezakeelako EHUn, nahiz eta ostraken testuek haren teoria hori ia erabat pikutara bidali duten.

Grissomek, seguruenik, errepublika bananera batean gaudela pentsatuko luke. Baina, zentzuz jokatzen duen jendea egon badagoela ikusarazteko, Epaileak datazio eskaera onartu duela esango genioke. Nahiz eta, orain arte bederen, gaia ez duen ondo kudeatu. Lehendabizi ikerketa egitea Guardia Zibilari agindu zion, jakinda, EHUn gertatzen den bezala, arkeometria laborategietan dauden tresna bereziak ez dituela. Horregatik datazioak ezin dituztela egin erantzun diote Epaileari. Zain jarraitzen dugu hasieratik egin behar zena egiteko: ostrakak arkeometria laborategi batera edo bitara bidali, faltsuak ala benetakoak diren jakiteko.

Gobernu aldaketarekin Kultura Saileko diputatu berria den Iciar Lamarainek, gure Batzordearekin egindako bileran, argi esan digu datazioak ez dituela egingo eta Epailearen zain egongo dela gai honetan. Urteak eta urteak gai hau argitzeko? Gure herriko justiziak zelan funtzionatzen duen ikusita, Arabako Aldundiko Kultura Sailetik pasatu diren hiru diputatuak ostrakekin ostrukarena egiten ari dira! Non eta 15.000 euro gastatuz eta 10 pieza polemikoenak datatuz hilabete batean konponduko litzatekeen gai batean!

Gizarteak hiru urte daramatza itxoiten eta ez da ezertxo ere aurreratu gai honetan. Eztabaidak bizirik dirau, eta egiazkoak izan daitezkeela esaten duten txosten gehiago argitaratzen ari dira, eta une honetan 18ra heldu dira. 2.450 orrialdeetan Aldundiaren Batzordearen txosten askotan —ez guztietan— agertzen ziren «ezinezko» ia guztiak argituta daude. Faltsutasunaren aldeko batzordekideak oraindik ez dira 18 txosten horietako kontra-argudioei erantzuteko gai izan, ezta publikoki gai hau eztabaidatu nahi izan ere. Horrek, argi eta garbi, haien argudioen sendotasun maila zein den erakusten du.

Hiru urtean zain egon ondoren, gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu, Europa eta mundu mailako 100 arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugun gutun baten bidez. Norbere herriari buruz atzerrian gaizki hitz egitea gauza tristea da, baina Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Letren Fakultateak beste alde batera begiratzen jarraitzen duten bitartean, beste erremediorik ez daukagu.

Horrez gain, Aldundian aurkeztutako idazki baten bidez, zera eskatu dugu: ostraka polemikoenak datatzea faltsuak ala egiazkoak diren jakin dezagun; publikoari ostrakak ikusteko aukera ematea, zelan dauden ikus dezagun; eta, azkenik, sektore oso bat hondatzeagatik, Julio Nuñez indusketako zuzendari gisa kentzea eta, egin dituen kalteengatik, haren kontra ekintza penalak aurkezteko aukera aztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.