SOS Iruña-Veleia eta Iruña-Veleia Martxan elkarteen izenean

Iruña-Veleia: Arabako Foru Aldundia epaia manipulatzen ari da

Tomas Elortza Ugarte
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Maiatzean, azpian sinatzen dugun taldeok salaketa jarri genuen Arabako Auzitegian Arabako Foru Aldundiaren (AFA) aurka. Arrazoia, Iruña-Veleian eragindako lur mugimenduak hondeamakina erabiliz: ehun metro luze, metro bat sakon (batzuetan hiru eta erdi metro) eta hiru metro zabal den lubakia. Salaketaren harira, uztailaren 23an AFAk ohar bat bidali zuen Norte Exprés-era, EFEren bidez. Besteak beste, zera zioen: «Talde hauek (laguntzen dituzten arkeologoak barne) epai judizial irmo bidez faltsutzat jotako inskripzioen egiazkotasuna defendatzen dute». Behin baino gehiagotan errepikatu du gauza bera.

Ondorengo lerroetan, epai judizial irmo hori aztertuko dugu, AFAk dioena eta epaiak dioena kontraesanean daudela erakutsiz. Epai judiziala irakurtzea gomendatzen dugu, bilatzailean Sentencia Iruña-Veleia ipinita, eta aipatutako orrialde eta paragrafoak bertan begiratzea. 

291 pieza. «... Eliseo Gil Zubillaga akusatuak, edo bere enkarguz beste pertsona batek, aurkitutako piezetatik 291ri, ustez ez zeukaten balio historiko-kultural-erlijiosoa emateko asmoz, kalteak eragin zizkien, azalerak marratuz, haien gainean ustezko ezohiko inskripzioak egiteko...» (12. or., 2. paragrafoa; 12, 13 eta 250 or.).

36 pieza arkeologiko ebakiekin: «Beraz, 2005eko uztailetik 2006ko ekainera bitartean, Eliseo Gil Zubillagak ebaketak egin zituen erromatar-berantiarreko zeramikazko benetako 36 pieza arkeologikotan, hainbat inskripzio egiteko, eta hori guztia aztarnategiko aurkikuntzei ustez ez zeukaten balio historiko-kultural eta erlijiosoa emateko asmoz...» (21, 2).

39 grafito bakarrik aztertu zituen IPCEk, «Lurmen SLren inbentarioan ia 300 pieza arkeologiko erregistratu ziren grafitoekin... Horietatik, terra sigillatazko eta zeramika arruntez eginiko 39 pieza baino ez zituen aztertu Espainiako Kultura Ondarearen Institutuak» [...] «Beraz, nire ustez, ezin da 39 piezekin egindako proba gainerako grafitodun piezetara [254] hedatu, akusazio partikularrak eskatu bezala» (67, 2; ikus baita 21, 22, 62, 65, 122, 124, 127 128, 129, 130, 132, 154, 157 eta 250 or.).   

AFAk aipatzen ez duen benetako pieza bat. «12.799 zenbakidun pieza guztiz benetakoa da, zeramikazko euskarriaren garai bereko jatorrizko grafitoak dituelarik» [...] «39ko multzotik 17.194 eta 17.050 zenbakidun piezak kendu behar dira 2006ko ekainaren ondoren aurkitu zirelako» (21, 4). Beraz, epaiaren arabera, 37 grafito bakarrik aztertu dira, horietatik 36 grafito faltsu eta bat benetakoa.

Piezen balioa. «Kaltetutako 36 pieza arkeologikoen balioa gutxieneko bi eurotan kalkulatu da pieza bakoitzeko, guztira 72 euro» (23, 1). Euskal Gobernuak 600na eurotan baloratu zuen bakoitza.

Nor da faltsifikatzailea? «Eliseo Gil Zubillaga akusatuak, edo beste pertsona batek haren enkarguz, kalteak eragin zituen...» (12, 2); «Eliseo Gil Zubillagak, bere kabuz edo hirugarren pertsonen bitartez, ebakidurak egin zituen hainbat inskripzio egiteko...» (21, 2); «Eliseo Gil Zubillagak manipulatu zituen, edo Eliseo Gil Zubillagak hirugarren pertsonen bitartez, ebaki garaikideekin...» (21, 4). Hirugarren pertsona horiek inoiz ez dira ikertu.

Epaiak onartzen du adituen artean eztabaida dagoela: «Bai akusazio partikularrak bai Eliseo Gil Zubillagaren defentsak autoei erantsitako txostenetan ikus daitekeenez, piezak aztertu dituzten aditu desberdinen artean eztabaida dago piezen benetakotasunari buruz...» (124, 2; 155, 1).

Ez da piezen dataziorik egin. «Baina ez da piezak datatzeko analisirik egin gaur egun dauden metodo desberdinen bidez; horietako batzuk ez dira ez inbaditzaileak ez suntsitzaileak...» (124, 3). Datazioa ezinbestekoa da grafitoen antzinatasuna jakiteko. Irulegiko Eskuaren datazioa Upsalako Unibertsitatean egin zen, Suedian, eta 2.100 urte dituela ondorioztatu zuten.

Laburpen gisa, epaia irakurrita, ez da egia AFAk dioena, grafitoak —denak— faltsutzat joz. Analisiak zeramikazko 37 piezari bakarrik (%13) egin zaizkie ezohiko irizpide bat erabiliz, grafitoetan agertutako metal arrastoena, alegia. Beste materialetan egindakoei —hezurrean, adreiluan eta beiran— ez zaie inolako azterketarik egin. Beraz, AFAri, eta baita Eusko Jaurlaritza eta EHUri ere, dagokien erantzukizunagatik, pieza guztien azterketa osoa egin —edo eginarazi— dezatela eskatzen diegu: azterketa linguistikoa, azterketa fisiko-kimikoak, datazioa, termoluminiszentzia, K-14a eta abar, Irulegiko Eskuarekin gertatu bezala, zalantza txikienik ere gera ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.