Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiako irakaslea

Irulegiko eskua: eta iberiera baldin bada?

2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

sorioneke
kunekeřekiřateŕe//n
oTiřtaneseakaŕi
eŕaukon

Iván Igartuak berriki oroitarazi duenez, Koldo Mitxelenak behin esan zuen, duela bi mila urteko euskarazko testu bat inoiz agertuko balitz, gai izan beharko genukeela gutxi gorabehera ulertzeko, Mitxelenak berak eta beste batzuek aitzineuskara berreraikitzeko eginiko ikerketak oinarri. Eta, hara, Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2021eko ekainean, Irulegin, Iruñerrian, gure aroa baino lehenagoko lehen mendeko brontzezko esku bat atzeman zuen, bertan inskripzio labur bat duela, ipar-ekialdeko iberiar idazkeran edo, zehazkiago, «baskonikoa» iritzi zaion antzeko batean.

Goian eskuko lau lerroak eman dira, latindar alfabetoan, Joakin Gorrotxategiren eta Javier Velazaren transkripzio berriaren arabera. Jatorrizko idazkerako zeinu batzuen balioa (hirugarren lerroko T-arena, adibidez) ez da batere segurua, baina, irakurlea konturatuko den bezala, azken hiru lerroak ez dira inola ere ulertzen. Lehena, aldiz, ongi ulertzen da (ongiegi, ikusiko denez) eta «zorioneko» gaurko hitzarekin lotu zen berehala.

Gauzak, baina, ez daude hain garbi. Izan ere, hasiera batean lehen lerroa sorioneku irakurri bazen ere, badirudi sorioneke dela irakurketa zuzena. Hori gutxi izanen balitz bezala, «zorioneko» hitz berri samarra da euskaraz, ez erromatarren garaikoa. Blanca Urgellen eta Joseba Lakarraren datuen arabera, Kristobal Harizmendi lapurtarrak ibili zuen aurrenekoz, 1658an, gaurkoa ez bezalako esanahi batekin, gainera, eta Manuel Larramendi gipuzkoarraren 1745eko hiztegiari esker zabaldu zen. Alegia, baliteke sorioneke-k zerikusirik ez izatea «zorioneko»-rekin. Hala izan badadi, Irulegiko eskuko lehen lerroa ere ulertezina da. Mitxelenagana itzuliz, duela bi mila urteko testu bat deus konprenitzen ez bada, litekeena da gaurko euskararen aurrekaria ez izatea.

Euskara edo antzeko mintzaira bat ez bada (zeltiberiera ere ez, aditu gehienek diotenez), iberiera izan liteke. Erromatarrak baino lehen Penintsulako ekialdean hitz egiten zen hizkuntza zen iberiera. Antza denez, Iruñerrian eta gaurko Euskal Herriko beste toki batzuetan (Andelon, adibidez) idatzi, behintzat, egiten zen. Horrek ez du esan nahi, nahitaez, mintzatu ere egiten zenik. Zoritxarrez, gutxi gorabehera irakurtzen ahal den arren, iberiera ezin da ulertu eta horrek buruhauste asko eragiten dizkie hizkuntzalariei. Luzaz sapa handia izan bazuen ere eta oraindik aldekorik badu ere, euskara eta iberiera ahaidetzat jotzen dituen teoria gainditua dago gaur egun.

Irulegiko inskripzioa bere testuinguruan kokatzeko, «diglosia» kontzeptua funtsezkoa da. Ehunka urtez, analfabetoak ehuneko laurogeita hamar baino gehiago izan ziren gizarte guztietan eta alfabetatuek, hots, sazerdoteek, merkatariek eta gerlari batzuek, ez ohi zuten tokian tokiko hizkuntzan idatzi, goi mailakotzat jotzen zen batean baizik. Adibidez, Europan Erdi Aroko dokumentu gehienak eta Aro Berriko anitz latinez daude, nahiz eta Zizeronen mintzaira inor gutxik hitz egiten zuen. Iberiera ere zibilizazio garrantzitsu baten tresna izan zen. Prestigioagatik, edo ohitura hutsagatik, baskoi ikasi bakanek idazteko erabili zuten.

Erromatartzearekin batean, latina erromatarren menpeko mendebaldeko lurraldeetako mintzaira nagusia bilakatu zen (ekialdekoetan grekoa sustatu zuten). Ene ustez, Euskal Herrian latinak iberiera baztertu zuen hizkuntza idatzi gisa, baina hitz egiten zen mintzairak, euskarak, alegia, bere horretan iraun zuen, egoera diglosiko batean. Erromatarrei bost axola zitzaizkien populu xehearen hizkuntzak, betiere eliteek latinez (edo grekoz) baziharduten. Iberierak euskara babestu zuen kinka larri horretan, lastairarena egin baitzuen latinaren aurrean. Larrutik pagatu zuen egiteko hori, guztiz desagertuko zen eta. Antzeko zerbait gertatu zen mende batzuk berantago gaskoiarekin. Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan hizkuntza idatzia izan zen (toki batzuetan hitz egina ere bai), Iraultza garaian frantsesak erabat ordeztu zuelarik. Berriro ere, euskara, bereziki mintzaira mintzatua zena, bizirik atera zen. Zor handia du euskarak iberiera eta gaskoiarekiko.

Euskara beti beste hizkuntza batzuen menpe egon da eta, salbuespenak salbuespen, gutxi idatzi da XX. mendea arte. Euskaldunek latina, Nafarroako erromantzea, gaztelania, gaskoia eta frantsesa ibili dituzte horretarako. Iberiera ere bai, Irulegiko eskuko testua mintzaira horretan badago. Hala baldin bada, euskararen iraupenaren arrazoiak hobeki konprenitzeko paradigma berri bat sortzen laguntzen ahalko digu. Izan ere, bestela pentsatu izan den arren, beharbada diglosiak on egin dio gure mintzairari bere bide luze bezain malkarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.