Liburu-iruzkingilea

Irudiaren bitarteko komunikazioak hitzaren bidezkoa lausotu du

2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Zein da filosofoaren zeregina XXI. mendean? Filosofiak ba al du izaterik modernitatearen ostean? Iñigo Martinez Peña filosofo-irakasleak beharrizan hori ederto betetzen du. Mandamentu hipermodernoak saiakeran egungo jendartearen inertziak ezbaian jarri zituen. Ondoren, berriz, Pantailen garaipena (Elkar, 2023) delakoak hauxe berretsi dit: filosofiak ezbaia sorrarazi behar du pertsonarengan. Ez, baina ez beti. Bai, baina ez betiere.

Pantailak eta kamerak euskarri berebizikoak dira egun. Biak nagusitu dira hirietan eta metropolietan. XXI. mendeko teknologiek giza espazioa inbaditu dute. Ziberespazioak hiriko eremu handia hartu du «espazio naturalean». Hiriaren gobernatzeari deritzo politika. Politikagintza, nagusiki, ziberpolitika da aro berri honetan. Komunikazioaren ezaugarri nagusia digitala da. Komunitate digitala gailendu da.

Komunikatzean pertsonon arteko presentzia ez da honezkero fisikoa. Gero eta gehiago atzamarrez komunikatzen gara, teklatuak eta pantailak direla medio. Jarduera hori digitala izateaz gain, bisuala da neurri handi batean. Areago, mintzoak ez dauka behiala zeukan eragina. Telefono bitarteko jarduera urritu da digitala-ren faboretan.

Hurkoarekiko begirada murriztu da arras. Pertsonok ez gara jada bizi hurkoaren begiradari begira. Alabaina, paradoxikoa bada ere, hurkoaren begirada pean bizi gara, pantailen bitarteko begiradaren menpe. Begirada orokor —totalitario— batek uxatu ditu pertsonon arteko begirada xumeak. Pantailen begirada gailendu da.

Filosofiaren gainbehera begi-bistakoa da. Filosofia ideien ordenamendua izan da orain arte, errealitatea interpretatzeko eta berari ekiteko bitartekoa. Arrazoibidea hitzez josten da. Ordea, honezkero, irudiek moldatzen dute gure pentsamendua.

Irudiaren oldarraren menpe bizi gara. Gure begiradaren eta ikusi behar dugunaren artean pantailak tartekatu dira. Munduaren ezagutza gailu-andana-suerte baten bidez egiten dugu; gailu horiek, baina, teknologiaren jabe den elite batek kontrolatuta daude. Hurkoen begiradaren menpe bizi gara. Hurkoa nor den baina ez dugu ezagutzen. Hurkoaren begirada arrotzari begira bizi gara.

Ziberpolitika-ren menpe bizi gara. Hizkuntzarekiko mespretxu moduko bat gailendu da. Hitzak gezurtiak izan dira beti. Hitzak ez-bai artean kulunkatu dira, egiaren eta gezurraren balantzan. Orain, baina, irudiaren bitarteko egia nagusitu da hitzen bitarteko balizko egia-ren aldean. Irudiaren bitarteko komunikazioak hitzaren bidezkoa lausotu du.

Pantailen eta kameren argitasuna dela medio pentsamenduaren argitasuna iluntzen ari da. Esanezina adierazten ahalegintzea ez da jada pertsonon idiosinkrasiaren ezaugarria. Pantailen argitasunak Ilustrazioaren argia —arrazoibidezko argitasuna— ordezkatu du.

Ondorioz: baliteke hitzek gero eta argi gutxiago adieraztea elkarren arteko komunikazioan. Baliteke, halaber, mendez mende komunikatzen lagundu diguten hitzen aroa —hizkuntzen aroa— amaieraren hastapenean egotea.

Irudia nagusitu da gu eta haren artean. Irudia, ikuskizuna, espektakulua. Adibiderako: ikus-entzun dezagun pantailaren bitarteko saio bat. Hauxe esatariaren adjektibo nagusia: espektakularra. Espektakuluaren jendartean bizi gara. Dena da ikuskizun, baita pertsonon baitakoa ere. Gure intimitatea ikuskizunaren parte da.

Teknologiako gailu berriek —sakelakoak, ordenagailuak, eskanerrak, sateliteak, X izpiak...— mundua espektakulu bihurtzea posible egin dute. Ideologia horren begirada mundiala da. Mundializazioak —globalizazioak— mundial adiera sorrarazi du. Hots, mundiala, bikaina, sekulakoa, berealdikoa. Ideologia teknokratikoak hanpatuta bizi gara.

Gailu horiek denok ikusgai jarri gaituzte. Dena ikusten dugu zientzia-teknologikoaren bidez. Komunikabideak deitu ditugun horien bidez, tokian tokiko komuna osatzen lagundu beharrean, pertsonok dugun komunetik aldenarazten gaitu. Sistema nolakoa begirada halakoa: totalitarioa.

Munduaren nora telekomunikazioaren norabidean doa. Hitz fetitxe batek akuilatzen du norabidea: askatasuna. Hitz zaharberritua duzu. Kontraesankorra. Esaterako, egun, askatasunaren aitzakian gardentasunaren ideologia suerte bat gailendu da: gardentasuna da ideologia horren arkitekturaren dohaina, gailu teknologikoen bidez eraikia. Ordea, zer ezkutatzen da arkitektura horren barruan? Gure arazoak —ezbaiak— ez ditugu guk ebazten honezkero. Zientzia eta teknologia dira gure buruaren gidari.

Komunikazio digitala hitzari —plazako diskurtsoari— gailendu zaio: irudiak leku handia kendu dio testuari. Komunikazio bisuala gailendu da. Alabaina, plazan ez bagaude, hiritar al gara elkar komunikatzean? Zer agora suerte da «sare sozialek» ordezkatu duten plaza? Espazio publikoa eta espazio pribatua espazio bakarrean funditzen ari dira. Kamerak eta pantailak gure etxeraino ez ezik, gure baitaraino sartu dira. Ezbairik ote?

Pertsonon arteko elkarren ikusiezina lantzea gomendatzen digu irakasle honek. Ikusgarritasunaren aurrean, gure pentsamenduak ezkutatzen ikasi behar dugu. Orain arte, gezurretan bizi izan gara, eta moralki ez zen ongi ikusia. Paradoxa bada ere, orain gezurrak esaten trebatu behar dugu. Digitalizazio-aroan moral berri bat sortu dugu.

Mundu digitalaren bitarteko begirada inkontzientea da eta etengabe itauntzen-lausotzen gaitu. Begirada paranoiko bi jasaten ditugu: inoiz begiratuak ez izatea eta une oro begiratuak izatea. Makina baten begirada orokor totalitario etengabea da. Pertsonon begirada teknologiaren begirada bihurtu da.

Bizitza eta ikuskizuna bat dira. Jendearen segurtasuna bermatu aldera, egungo sistema neoliberalean —botereen kontrolagailuen bidez— gardentasunaren politika gailendu da. Jendearen kontrola areagotu da eta begirada digitalaren objektu bihurtu gara. Produktu bat gara.

Filosofo honek dioenez, poetak antzeman dezake ikusiezina, entzun dezake ikusiezina. Hitzen erabiltzaile oro da poeta.

Premisa bat: hitzen beharrari eutsi behar diogu, gure izatea atxikiko badugu.

Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/hitzei-eutsi-behar-diegu-gure-izatea-atxikiko-badugu-1704278964680

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.