Europako Bankuak orain dela bizpahiru aste adierazi zuen estres testaren arabera Kutxabank dela Estatu espainiarreko bankurik kaudimentsuena, nolabait esateko fidagarriena, baina ez bezeroarentzat; Europak ez dio banketxeak darabilen kudeaketari begiratu, ezta atzean jokabide anker edo ilunik dagoenik ere.
Izan ere, ardura gutxi izan du Kutxak gure aurrezkiak zaintzeko, eta, aldiz, gogor jardun du zailtasunak dituzten bezeroen aurka. Badira, azken urteotan, Kutxabankeko agintariek gure aurrezkiekin izan duten arinkeriaren zenbait adibide; Caja Sur-en auzian 3.000 milioi euro kolokan, 2013an 1.000 milioiko inbertsioa banketxe txarrean eta, mingarriena, IRPH Stopek salatu duenez, funts putreei 500 milioiko mailegu-hipotekak ematea 15 milioiren truke. Ez dio 5.000 euro zor dituen bezeroari 150 eurorekin zorra kitatzeko aukerarik eman, ezta 50.000 zor dituenari 1.500 ordaintzeko aukerarik. Bezeroak kobratzaile putreen hankapera bota ditu Kutxabankek.
Esan bezala, banketxea ez da eskuzabala izan bezeroekin; hipoteka ordaindu ezinean dabiltzanek etxea galdu dute, IRPH indizea mantendu diete azken unera arte, kreditua jasotzeko baldintzak gogortu dituzte... Gainera, Gizarte Ekintza urritu eta Kutxabank sortu zenetik hainbat langile kaleratu dituzte.
IRPHarekin gertatutakoa Kutxabankek herritarren aurka izan duen kudeaketa bidegabearen adibiderik garbienetarikoa da. Ministerioak IRPHak desagertzeko jakinarazpena plazaratu zuenetik hiru urtez atzeratu ditu aldaketak Kutxabankek. Bien bitartean, hainbat epaik IRPHak bidegabetzat jo dituzte, baina Kutxabankek ez die jaramonik egin, eta ahal izan duen guztia luzatu du haien aplikazioa, hainbat Udalen, Gasteizko parlamentuaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien eskaerei muzin eginez, baita Kutxaren sortzaile izan ziren Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskari zuzenari.
Familiek, batez beste, hiru urte hauetan zegokien baino 10.000 euro gehiago ordaindu dituztela eta kasu batzuetan etxerik gabe gelditu direla jakinarazi dute. 2014ko azaroaren 1eko epemuga igarota, eta jada IRPH indizeak derrigorrean ordezkatuta, balantzea eta justizia egiteko garaia dela iruditzen zaigu eta, horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako azaroko osoko bilkuran, epaiketetan epaileak erabakitzen ari direna eskatu genuen EH Bildukook, euribor + 1 atzerako eraginarekin aplikatzeko. Bidezkoa da, eta hori erabaki dute jada Auzitegiko hiru epaik. Beste hogeita hamar kaltetu epaiaren zain geratu dira astelehen honetan. Etika apur bat erakutsi eta, milaka kaltetuei bide judizialak saihestuz, lehenbailehen auzia konponbidean jartzeko eskatzen genuen. Lehenbailehen, Kutxabankek kontrol publikoa erabat galdu aurretik; ondoren, ederki dakigu eta zeinen interesen alde egingo duten.
Kutxabanken inguruko gaietan bat egin du hirukoteak eta, orain arte, jokabide bikoitza izan dute IRPHen auzian: kaltetuen alde bozkatu dute instituzioetan; eta Kutxako organoetan, berriz, kontrakoa. Duintasunez, jokabide hau behin eta berriz salatzen ari dira IRPHak kalte eginikoak; egoera oso larria da milaka familiarentzat, eta ez daude prest demagogia eta azpijoko politiko gehiagorik onartzeko. Denbora pasatu ahala, alderdi hauek erabat agerian geratu dira, eta azkeneko osoko bilkuran, disimulurik gabe, maskara kendu eta zuzenean, azalpenik eman gabe eta eztabaidan sartu gabe, gure eskaeraren kontra bozkatu dute EAJk, PSEk eta PPk.
Estrategia aldatu dute: dagoeneko kaltetuak ez daude erdigunean, minduak eta irainduak beraiek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ, PSE eta PPren ordezkari politikoak dira. Amorratuta daude. Egia esan haserretzeko moduko arrazoiak badituzte, hitza jaten ari dira behin eta berriz, eta agerian geratu dira, edo hobeto esanda agerian utzi dituzte. Beraien konfiantzako pertsonek, Mario Fernandez eta Xabier Iturbek, haserrea horien aurka bideratu ez duten arren. Herritarron interesen gainetik, baita ordezkari politiko horien irudiaren gainetik ere, interes ekonomikoa baitago. Prekaritatea eta pobrezia hedatzen ari da gure lurraldean, baina, Kutxabankeko etekina ezin galdu auzi honetan.
Herritarren eta bertako ekonomiaren mesedetan arituko den Kutxabanken finantza-ildo eraberritua aldarrikatzen ari da aspaldion EH Bildu, berdin Kutxa barruko organoetan, erakundeetan edota kalean. Tamalez, EAJ, PP eta PSEk babestu egin dute herritarren kontrako kudeaketa hori, eta ez hori bakarrik, Mario Fernandez eta Xabier Iturberen taldeari orain arteko bidetik jarraitzeko bedeinkazio guztia eman diote, kontrol publiko eta sozialetik libratuz. Denonak izan diren eta Gizarte Ekintzaren bidez banatu diren etekinak kapital pribatuak eraman ditzan.
Dagoeneko alderdi politiko horiek interes ekonomikoaren esanetara jarrita ikusi ditugu. Horrek jendartean izango dituen eraginen aurrean, kutxa eta kutxabanken kontrol publiko eta izaera soziala mantentzeko, EH Bilduren proposamena aldarrikatu nahi dugu, momentu honetan ere, Kutxabanken pribatizazioa eta horren ondorio sozialak eta ekonomikoak saihesteko bide bakarra delako.
IRPHak kalte eginikoei Kutxabankek kendua itzultzeko eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu