Irlandako bake prozesua: oraindik ere amaitu ez den bidaia bat

2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
George Bernard Shaw idazle irlandarrak hauxe adierazi zuen behin: «Pertsona batzuek diren-direnean ikusten dituzte gauzak, eta zera galdetzen diote beren buruari: Zergatik?. Nik, berriz, sekula izan ez diren gauzak amesten ditut, eta neure buruari galdetzen diot: Zergatik ez?». Beharbada, modu aproposa da aditzera emateko Estatuaren eta askapen mugimenduen (matxinatuen) ikusmoldeen arteko aldeak, bake prozesuei ekin eta ataka horretatik ongi irteteko asmoz dabiltzalarik.

Apirilak 9 zituen batean, duela 18 urte, Ostiral Santuko Ituna (Good Friday Agreement) izenekoa sinatu zuten Irlandan. Lau urtean luze eta zabal aritu ondoren elkarrizketan eta solasean, gida moduko agiri bat sinatu zuten Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek, indar errepublikano eta sozialistek, eta Iparraldeko unionistek; haren bidez, gatazka politiko eta sozial luze eta neketsu bat amaitu nahi izan zuten, zeinak baliabide gisa izan baitzituen armak eta indarkeria.

Mugarria, berriz, IRA Irlandako Armada Errepublikanoak ezarria zuen, 1994ko abuztuaren 31n, «su-eten aldebakarreko eta iraunkor bat» aldarrikatuta.

Gaur egun, Ostiral Santuko itun hartatik 18 urtera, nabarmen bestelakoa da Irlandako errealitatea, eta badirudi gero eta gertuago dagoela uhartearen batasunaren inguruko erreferendum bat, errepublikanoen eskabide nagusietako bat izaki. Hala ere, hori ez da kasualitatearen ondorio, baizik eta Sinn Feinen lan etengabe eta koherentearen emaitza. […].

Logikoa da galdetzea noiz jarri duten praktikan Ostiral Santuko Ituna 18 urteotan. Hasieran, behintzat, hauxe da horren erantzuna: letra idatziari doi-doi dagokion partea zehaztuz joan da oinarri-oinarrian; abian dira Iparraldeko erakunde autonomo berriak. […]

Hala ere, edozein ituni berez dagozkion agiriez harago, bake prozesu bakoitzak beste alde bat du, zeina espiritu edo filosofia gisa ere defini baitaiteke, eta zerikusi handiagoa du alderdiek partekaturiko etorkizun berri bat eratzearekin.

Etorkizuna hizpidera ekarrita, hura sendoa eta iraunkorra izan dadin, iragan hurbilari erreparatzen zaio; kasu honetan, egia ezartzea eta erantzukizunak argitzea, alegia, justizia izatea. Hona hemen, laburbildurik, ideia hori: bakea ez da soilik «gerrarik eza», Nelson Mandelak adierazia zuenez, baizik eta aurkariaren larruazalean jartzea. Halako proposamen batek, oro har, heresia bat dirudi estatu eta talde boteredunentzat; askapen eta matxinada mugimenduentzat, berriz, onartzeko gaitza da erronka hori.

Berriro formulatzea eta pentsatzea estrategiak, jarrerak, ekintzak eta gogoetak, «aurkari» soil izan dadin duela gutxiegi arte «arerioa» izanikoa; bidaia erabatekoa, inondik ere. Eta horrek konfiantza du zimentarri, zenbatzeko eta neurtzeko gaitza den sentimendua.[…].

Azkenean, oinarri eta aparatu zapaltzaileak, komandoak, egiturak eta gerrillak desegitea, hori errazagoa da ezen desegitea desberdintzat jotzen direnen kontrako sektarismoan, fanatismoan eta intolerantzian ageri ohi diren aurreiritziak, beldurrak eta susmoak.

Iparraldeko Gobernu Autonomoko lehen ministro Martin McGuinness irakaspen hitzaldi bat eman berria da Queen's Unibertsitatean (Belfast), eta adiskidetze gai delikatuaz aritu zen, zeinek izan behar baitu, haren alderdi Sinn Feinen arabera, bake prozesuaren hurrengo fasea.[...]

Sinn Feineko buruzagi gailen horren gogoetek zerikusi handia dute haren alderdiak 2012ko martxoan hasi zuen ekinbidearekin, «elkarrizketa deseroso» deritzenekin. Unionisten beldurrak eta kezka ulertzeko eta jorratzeko ahalegin benetakoa. Elkarrizketa horiei dagokienez, zera esan zuen McGuinnessek berak: «Onarpen bat izan zen: adiskidetzea sustatzeko, benetako parte-hartze prozesu bat mamitu beharra geneukan. Horra hor ekinbidearen ideia nagusia».

Buruzagi errepublikanoa harago joan zen, eta honelako psikologia politikoz mintzatu zen entzule gehienbat gazteen aurrean: «2016ak elkarrizketa berri baterako aukera ematen die uharte honetako tradizio guztiei... helburua izaki lehenagoko garaietan izandako gatazketako zauriak sendatzea... eta elkarrizketa bide deserosoa izango da askorentzat, esan nahiko baitu bestearen ideietan, pentsamenduetan eta xedeetan barneratzea». Ideia funtsezkoa da, dirudienez, «arerio» kontzeptua gainditzea eta bestela deitzea elkarri.

Erronka horixe hartu zuen bere gain, 2015eko azaroan, Iparraldeko gaur egungo lehen ministro Arlene Foster-en DUP Alderdi Demokratiko Unionistak. [...]

Irlandan, oraindik ez da amaitu bake iraunkor eta sendo baterako bidaia; halako gai humanoetan, ezer ez da atzerakorik gabeko konkista bat, eta, itunetako testuez harago, egunez egun egiten da bakea, gaur egungo Irlanda osatzen duten komunitateek beren historiako esperientzia mingotsetan ondotxo egiaztatu ahal izan dutenez.

Elkarrekin bizitzea eta etorkizunerako aukerak irekitzea, hain zuzen, adiskidetzean oinarrituriko konfiantza bat eratuz bakarrik da zilegi. McGuinnessek berak esan bezala: «Horixe da modurik onena behin betiko atzean utz ditzagun iraganeko porrotak eta oinazea».

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.