Igor Calzada.

Irlanda, gure bihotzean

2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ohikoa izaten da Irlandaren eta Euskal Herriaren parekotasunak azpimarratu, edota kontrara, ezberdintasunak zorrozten dituzten analistak proportzio berean aurkitzea.

Berriki gauzatu diren hauteskunde orokorren emaitzek iraganaren, orainaren eta geroaldiaren sintesi berri (eta ezjakin) baten atezuan jarri gaituzte: Sinn Fein alderdi errepublikazale eta ezkertiarrak hauteskundeak irabazi ditu. Beraz, hegoaldean, Irlandako Errepublikan, gobernu-eratze prozesuan egon liteke lehenengo aldiz. Hala ere, Sinn Fein alderdia lehenagotik ere Ipar Irlandako Stormont parlamentuan alderdi unionistekin gobernua partekatzen ibili izan da urteetan zehar. Emaitzok, hamarkadetan zehar, Fine Gael eta Fianna Fail alderdi liberal-kontserbadore-zentristen tandemaren bi gurpilak erabat zulatu dituzte, partida politikoa, Irlandako Errepublikan, hegoaldean, aldatzeko tenorean jarriz.

Gogoan dut Dublin hirian gora eta behera, sarritan, 2005-2008. urteetan zehar, eragileak ikerketetarako elkarrizketatuz, inplizituki jasotzen nuen sentsazioa eta ebidentzia: Ipar Irlanda emozionalki oso urruti zegoen hegoaldeko biztanleengandik. Ñabardurak ñabardura, hamarkadetako troubles garaiko indarkeria politikoak, bereziki 1970az geroztik, Ipar Belfasteko Shankill eta Falls auzuneak lubakitu zituen erabat. Kontrara, hegoaldean, 2008ko krisi aurreko tigre zeltaren loraldi ekonomikoa gauzatzen ari zen, egungo Google eta Facebook erraldoi teknologikoak Dublineko Docklands-en geoestrategikoki kokatzen ari ziren bitartean; goiko arreba eta anaien errealitate gordina geroz eta arrotzagoa egiten zitzaien. Irlandako irla berdea, antzinako bihotz irlandar hauskorra: kra (kra, kra), hegoaldetik eta iparraldetik erdibiturik egon izan da hamarkadatan zehar. 1998. urtean inflexio puntu bat gertatu zen arte.

1998. urtean inflexio puntu bat gertatu zen arte Iparraldean: Good Friday Agreement edo zorioneko mugarri estrategiko izan zen bake prozesua sinatu zen. Harrezkero, besteak beste, asko izan dira, bereziki Ipar Belfast-eko auzuneetan, berrikuntza sozialaren bidez, komunitate barneratzaileak erdiesteko aktibarazi diren behetik gorako egitasmoak (174 Trust).

Hegoaldeari dagokionez, halaber, hauteskundeetako emaitzok ezustean harrapatu bagaituzte ere, badira elementu batzuk azpimarra berezia merezi dutenak Sinn Fein alderdiaren barne-bilakaerari dagokionez: (i) Batetik, Mary Lou MacDonalden lidergo feministaren soslaiak bete-betean asmatu du hegoaldearen gehiengo handi baten kezka sozioekonomikoekin. Gerry Adamsen garaiarekiko aldaera garbi baten moduan ikusia izan da. Mary Lou dublindar peto-petoa izaki, garai ilunekiko halako haustura baten isla izan da, boto-emaile gazteen artean batik bat baloratua. Modu argigarrian, batasunaren erreferendumean oinarritu beharrean kanpaina, gizarte eta ekonomia politika aurrerakoiekin bereganatu ditu ez soilik langilego eta klase ertainak, baizik eta bereziki emakumeak. Bestetik, bere inguruan lantalde gaitua antolatu izana ezin ahantzi: Eoin Ó Broin izan da azken urteotan, etxebizitza, errenta eta osasun politiken diagnosi errealista eta beharrezkoa Dublinen egikaritu duen politikaria, hamarkadetan zehar metatzen ari ziren krisi urbano behinenak azaleratuz eta alternatiba eraikitzaileak aurrera eramanez.

Perspektiba makro batetik, halaber, elkarri lotuak dauden lau faktore azpimarratuko nituzke hurrenkeran, egoera korapilatsu honi jarraipena egiteko: (i) Ipar Irlandako egoera osoa goitik behera aldatu izana bake prozesuaren ondorioz; (ii) Brexit-ak Erresuma Batu osoan sortu duen domino-efektua, Ipar Irlandan bereziki, baina Hego Irlandan ere islatu dena hauteskunde hauen bidez. Gogora ekarri dezagun Ipar Irlandarren %56ek EBn geratzeko hautua egin zuela; (iii) Hegoaldeko pertzepzio aldaketa iparraldearekiko, eta hor, estereotipoak eraldatuz, Mary Louren ekarpenak berebiziko garrantzia izan duela uste dut; eta azkenik, (iv) hegoaldearen eta iparraldearen etorkizun partekatu batetarako zantzu edo seinale posible batzuen existentzia.

Hala ere, ohikoa izaten den moduan, ikusteko dago oraindik sistemak (Fine Gael eta Fianna Fail tandemaz ari naiz, baina baita Boris Johnsonen post-brexit-az eta Trump administraziotik datozen eragin geopolitiko globalez ere) amore emango ote dion erreleboari, Sinn Feinen gobernu eraketa ahalbidetuz. Gauza asko daude jokoan konplexua den taularatze geopolitiko global honetan.

Hala ere, inork uka ezin lezakeena da iparraldea eta hegoaldea emozionalki eta lurralde perspektibatik askoz ere gertuago daudela, eta horrek derrigorrean txertatzen du batasunaren balizko erreferendum baterako aukera agenda politikoan. Batzuetan gutxien espero dugun lekuetatik irekitzen dira zirrikitu-aukerak. Bitartean etxeko lanak eginda edukitzea ere ezinbestekoa izaten da.

Eta hemendik aurrera zer? Ikusi beharko. Baina ikusiko al ditugu inoiz 1922tik aurrera banatu ziren iparraldeko 6 probintziak hegoaldeko 26ekin batera aterki berdinpean? Adituek hiru eszenario aurreikusten dituzte: (i) Estatu bakan bat Dublinetik gobernatua (betiko aldarri klasikoa); (ii) egungo Stormont deszentralizatutako parlamentua, baina Dublinetik gobernatua (Londresen ordez); edo (iii) bi estatuen arteko konfederazio moduko bat. Good Friday Agreement-ean iparralderako aurreikusten ziren aukera hauek, dudarik gabe Errepublikarako, konstituzioaren erreforma sakon bat ekarriko lukeena. Baina galdera praktikoa egin behar bukaeran ere: zeinek finantzatu ahal izango luke birbatasun hau? Erreferendumaz gain, zenbakiak tentuz aztertu beharko lirateke, munduko beste hainbat lekutan historian zehar gertatu denari so.

Euskaldunok Irlandarekiko parekotasunak begi-bistan izan ditugu maiz. Horrexegatik, aspalditik daramat Irlanda irla batu bat nire bihotzean tatuaturik. Slàinte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.