Iñaki Uria.

Irismena eta itomena

2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Sei urte daramatzagu gobernu ezberdinetako HPSko arduradunekin hizketan Euskarazko zortzi telebistei eskaintzen zaien diru-laguntza, 500.500 euro, oso gutxi dela esanez telebista egitasmo ganorazko batzuk egiteko.

Ikus-entzunezko hedabideei garrantzi estrategikoa eskaintzen zaie Euskararen Aholku Batzorde, Agenda Estrategiko eta euskararen etorkizuna aztertzen den foro guztietan. Halaxe dute eta aitortzen zaie hitzez. Gero, ordea, diruak banatzeko orduan, hedabide guztien artean banatzen diren 4.875.000 euroetatik %10 baino ez da jartzen euskarazko toki telebistentzat.

Aurten, zortzi telebisten artean banatu behar izan dira 500.500 euro horiek, eta Oizmendi TBrekin batera, %20ko jaitsiera izan dute Hamaika Bilbo eta Hamaika Donostia Telebistek.

40.000 euro gutxiago bien artean. 40.000 euro gutxiago Hamaikarentzat. Hamaika-ren egitasmoa zalantzan jartzeko moduko kolpea. Hiltzeko adinekoa ez izan arren, bai ordea egitasmoa kolokan jartzeko modukoa. Zer pentsa handia ematen du, nahiz eta ez genukeen pentsatu nahi hori denik deialdi honetan ezarritako irizpide berrien helburua.

Helburuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak dio euskararen erabilera sustatzea duela helburu nagusi. Hamaikatik begiratuta, berriz, ez da erraza ulertzea nola erdiets daitekeen helburu hori, euskararen erabilera sustatzen eraginik handiena izan dezaketen telebistak desagertzera bultzatuta.

Eusko Jaurlaritzatik esaten zaigu: «Zenbat eta jende gehiagorengana heldu orduan eta diru laguntza handiagoa jasoko du». Gatozen beraz CIES-ek, audientziak neurtzeko Hego Euskal Herrian gehien erabiltzen den eta toki telebisten irismena neurtzeko dagoen estudio bakarrera. 2014ko datuen arabera, Gipuzkoan: 12.000 ikusle eman zituen Hamaika Donostiak, 8.000 Goienak, 3.000 Tolosako 28K-k, 1.000 Goierrik eta 0 ikusle Erlo telebistak. Hau da, 12.000 Hamaikak eta 12.000 beste guztien artean. Eta, irismen handiena daukana, jende gehiagorengana iristen den telebista, Hamaika Donostia Telebista, izan da diru-laguntzatan gehien zigortua, aurreko urtean baino %20 gutxiago jasoaz.

Eta Bizkaian? Bizkaian Hamaika Bilbo Telebista bakarrik ageri da CIESen datuetan, 17.000 ikuslerekin. Oizmendi ez dute aipatzen edo «Otros» kontzeptuan sartuko da. Bizkaian, Hamaika Bilbo eta Oizmendi, bi telebistak izan dira kaltetuak laguntzen banaketan, %20ko jaitsiera batek eta %18koa besteak.

Hamaika-ren kasuan, gainera, esatea daukagu irismenean aurrera egin duela 2013tik 2014ra, bai Gipuzkoan eta baita Bizkaian ere. Eta Araban ere badituela beste hiru mila bat ikusle ere. Gainontzeko telebista guztien artean iristen diren ikusle kopuru bikoitza erdietsi arren, zigortua izan da Hamaika Telebista. Ikusle kopuruarekin batera, eremu bakoitzeko ikusle potentziala ere kontuan hartu baita. Hori izan da aurtengo deialdian Jaurlaritzak ezarritako irizpide aldaketa. Audientzia zati ikuslego potentziala ratioa beste edozein irizpideren gainetik baloratzea.

Bestalde, irismenarekin batera, eraginkortasuna da nabarmen orain aipatzen den kontzeptua. Eraginkortasuna dela eta, merezi du Bizkaian CIESek eskaintzen dituen ETB1en datuak eta Hamaika Bilbo Telebistarenak alderatzea. Aste barruan 37.000 ikusle ditu ETB1ek eta 21.000 Hamaika Bilbo Telebistak. Diru laguntzatan, aldiz, honek 80.000 euroko laguntza dauka eta ETB1ek, EITBk jasotako 105 milioi euroetatik ez dakigu zenbat. Hamaikak ETB1en irismenaren %57 harrapatzen du haren diru-laguntzen milaren bat aldiz gutxiago jasoz! Publikoa da. Egia. Baina «eraginkortasuna areagotzea da diru-laguntza politikaren helburua» esaten zaigunean, merezi du Hamaikaren edota ETB1en eraginkortasuna gogora ekartzea. Areago esango nuke, euskarazko toki telebista guztien artean nahikoa izango genituzke 105 milioi euro horietako azkeneko bostak, euskarazko beste kate oso bat egokitzeko.

Bizkaian, bestalde, beste paradoxa bat gertatzen zaio Hamaika Bilbo Telebistari: Bizkaiko Foru Aldundiak ez du inongo diru laguntzarik toki telebistentzat. Seigarren urtea betetzera goaz bertan emititzen ari dela eta jaso dugun azken erantzuna izan da Telebista-k laguntzea Eusko Jaurlaritzaren kontua dela. Bilboko Udalak, Getxok, Barakaldok, Portugaletek… hasi udal nagusienak hartzen eta ez dago inongo diru laguntzarik euskarazko toki telebistentzat. Gipuzkoan, Udal eta Aldundiaren laguntzak ere bila daitezkeen moduan —erabat desorekatuak eskualde batzuetatik beste batzuetara—, Bizkaian ez dago laguntzarik.

Eta Jaurlaritzak, ikusten duzue, bere gain hartu beharrean errealitate hau eta Bizkaiko telebistak gehiago lagundu, alderantziz. Nabarmen zigortu ditu Bizkaiko toki telebistak.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia ez dugu ulertzen audientzia eta parametro soziolinguistikoen argitan. Azken mapa soziolinguistikoaren sarreran garrantzia ematen zaio azken 30 urteotan gertatu den aldaketa soziolinguistikoari. Batetik, euskaldunak etxe elebidunetan sakabanatuta bizi garela eta, bestetik, sei udalerritan biltzen dela euskaldun kopuru osoaren erditik gora. Zein dira sei udalerri horiek? Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo eta Irun. Justu, Hamaika Telebistak estaltzen dituen esparruen barrukoak. Gure ustez, garrantzi handikoa da udalerri horietan, eta Portugaleten, eta Santurtzin, Sestaon… ETB1 eta ETB3z gain, euskarazko beste kate bat ere sartzea etxe elebidun horietan.

Ikuspegi horretatik, Hamaika Telebista behar dugu? Eta beraz, Hamaika Telebista diruz lagundu behar dugu? Bai ala ez? Erantzuna baiezkoa izanik, beharrezko dela euskaldun gehienenganako irismen aukera daukan Hamaika Telebista laguntzea, irizpideak berrikusi eta ohartu beharko gara ez duela balio biztanle gutxiko eskualde batean erabiltzen den neurgailu bera erabiltzea Bilbo Handian, Getxon, Gasteizen, Donostian, Barakaldon edota Irunen. Ez baita gauza bera ikusle kopurua zati ikusle potentzialak ratioa kasu batean ala bestean.

Haztapen, ponderazio neurriren bat jartzen ez bazaio irizpide honi, datorren urtean beste %20 jaitsi ahal izango diote diru laguntza Hamaikari, diru gutxiagorekin ezinezko baita ikusle gehiagorengana iristea. Eta ezpainetatik gora iritsitako ura sudurretaraino iritsiko zaigu.

Ez dugu uste hori denik bidea. Aurtengoari konponbideren bat ipini eta hurrengo urteetara begira poltsa handitu eta irizpideak berregokitzea uste dugu dela egokiena.

Hamaika, beti bezala, prest dago horretan lagundu eta aurreratzeko.

Bestela, nolatan handitu irismena itomena handituta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.