Irailaren amaieran, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Saileko lan saio batean oso egoera bitxia gertatu zen. UPNkoa den Jose Iribas, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailburua, abertzaletzat jo zuen PPko parlamentaria den Amaya Zarranzek. Zergatik?
Iribas jaunaren ausardiarengatik izan zen. Horrela pentsatu zuen, behintzat, Zarranz andereak. Hezkuntzako Sailburuak Madrilgo Ministerioak duen beka sistema kritikatzea besterik ez zuen egin, nafarren kalterako dela argudiatuz. Iribas, aldiz, berehala utzi zuen argi bere «konstituzionaltasuna», inoiz, hemen, baietza jaso duen Espainiako Konstituzioaren defendatzailea dela, alegia.
Beste aldetik, egun hauetan, Espainiako Gobernuburua den Mariano Rajoy, foruen defendatzaile sutsuaren antzera agertu zaigu berriro, hots, Nafarroako Foruaren aldekoa. Baina, ba al daki Rajoy jaunak zertaz ari den Forua aipatzen duenean? Edota, ba al dakigu nafarrek zertaz ari den Rajoy Nafarroako Erresuma burujabearen Legeak aipatzen dituenean? Ba, nire ustez, ez bata, eta ez bestea.
Bi adibide hauen harira, Pedro Esarte Muniainek idatzitako liburu baten izenburua gogora ekarri nahi dugu, etengabe errepikatzen den egoera baita: Nafarroa estatuaren aurrean. Konkista aspaldi gertatu zen, gaur dela 800, 500 eta ia-ia 400 urte, baina bere ondorioak gaurdaino heltzen direla esan dezakegu. Konkista honek asimilazio kultur-politikoaren itxura hartu du, eta behintzat, bi oinarri ditu: alde batetik, «bananduta elkartuak baino lehen», eta, bestetik, Nafarroako Foruen kontrako etengabeko erasoa. Gogoratu beharra dago, Foruek ez duela zerikusirik ez Hobekuntzarekin, ez Hitzarmenarekin, ezta atzerri diren erregioekin ere.
Foruen inguruko eztabaida gaurdaino heldu zaigu, eta espainiar politikoek, maltzurtasunez, lurralde hauek dituzten «pribilegioen» inguruan mintzatzen dira. Eta Espainiako batasuna aipatzen dute; Espainia bakarra, handia eta librea. Ez da diskurtso berria. XVIII. mendearen bukaeraraino joan ahal gara horrelakoak ikusteko, baita 1833. urtera ere, eta 1841ean, 1893an, 1918an, 1931an edota 1978an. Gaur, Madrildik, gure armarrian jarri zizkiguten kateak estutzen jarraitzen dute.
Iribas «abertzaleak» badaki, eta Rajoy «foruzaleak» ere bai. Estatuarekin izandako «hitzarmenek» miseria eta menpekotasuna besterik ez digu ekarri. Gamazadatik 120 urte pasa diren honetan, atzo izan zela ematen du.
Iribas abertzalea eta Rajoy foruzalea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu