Indarkeriaren eta indarkeria zaleen jazarpena eraman ezinda zihoala esanaz alde egin zuen Euskal Herritik Mikel Azurmendi euskal idazleak. Ez dakit geroztik inoiz inork euskal idazle aipurik egin zion edo berak ere bere burua ez ote zuen inoiz halatzat ikusi. Iragarpena egin zuenean, ezin urduriago, egoerak erremediorik gabekoaren traza izan arren, zerbait egin behar berehalako batek bildu ninduen. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariari deitu nion kezka edo arreta publikoren bat eskatuz, pentsatuko zuela zerbait erantzun zidan. Erantzun zuena, isiltasun hari erantzun behar izan ziona, neu izan nintzen. Gutun bat bidali nuen elkartera, idazle bat Euskal Herritik alde egiten, haizea leihotik irteten bezala, ikusten zuen elkarte bateko kide izatea ez nuela gogoko eta baja eskatuz.
Denbora eskatu zidan elkarte-buruak, itzuliko nintzela agindu nion, eta isilik jarraitu zuen. Zintzoa zen, ez liskar zalea, kontzientzia zibiko eta kezka sakonekoa. Prentsa artikuluak idazten jarraitu zuen. Nola ahaztu kale zoko eta bazterretan pixa egiteko ohitura zikin eta inzibikoaren kontra idatzi zuena? Gogoangarria izan nuen, «irtenbide poliziala» aldarrikatu eta eskatuz bukatzen zuelako. Herri honetako askok eta askok bezala gizakien erailketei elkarrizketarekin erantzun behar zitzaien uste zintzoa zuen, eta pixa errekei irtenbide poliziala aplikatu behar zitzaielakoa, ez zuen gehiago esplizitatzen poliziaren jardueraren nondik norako eta nolakoaz.
Gaur artean isiltasun hura urratu al zen galdetu ezkero A, B, C-k eta batzuek, ez nik nahi adinak, urratu dutela esango nuke, baina euskal idazleek, horrela esanda, euskal idazleak, isiltasun horrekin bizi izan direla esango nuke, nire ausardian oker egon nintekeela ere onartzeko prest. Fernando Aramburu idazlearen esan batzuek medio zenbait hauts harrotu delako diot. Funtsean esan duena euskarazko idazleak dirulaguntzen morroi direla eta ez dutela askatasunik, nagusiki ETAz mintzatzerakoan, edo ETAz isiltzerakoan.
Ez da Aramburu —arrakasta literarioak hizkuntza beligerantziak ahaztera eramana jotzen nuen, baina ez— nor egokiena hizkuntza ikuspegitik ezinbestekoak diren diru-laguntzez, diru-laguntza izate hutsagatik, gaizkika aritzeko. Ez da bera, gaztelerako irakasle, prezisamente, konfite saltzera joana Lippstadtera. Maiteminez Alemaniaratua ere, euskarazko idazlea baino merkeago ez zaio ateratzen ogasun publikoari han haietako gaztelerazko irakasle bat. Arrazoi gehiago uste dut izan dezakeela euskal idazleek terrorismoaren aurrean izan duten jarreraz ari denean. Arrazoi, arrazoi, ez osoa agian, baina ez naiz ni guztiz kontrakoa esatera ausartuko dena.
Eztabaidan,batzuentzat bezala besteentzat, ETA eta bere kriminalkerien aurreko jarrera euskaraz bezala gazteleraz aski epela eta iheskorra izan dela tesi orokortu eta onartu samar bezala geratu ote den esango nuke, bakoitza bere ñabardurarekin. Zauriak hor gelditu dira. Terrorismoak geure berezko habitat bilakatzen omen dituen diskurtso erailtzailearen milaka tiniebla elikatu omen dituela Aramburuk eta, gehiago, barkazioa eskatzerakoan ere, tinieblen iluna guztiz ez argitzeaz aparte, euskararekin zerikusia duen ororen inguruko gaizkiulertu, aurreiritzi eta maledizentzia sortaren oihartzunik ez omen zaiola falta esan zion Anjel Lertxundik, solemnitatez eta erdaraz. Esango nuke Lertxundi adiskidearenari ere ezin diodala arrazoirik ukatu eta, berea, euskaraz emandako erantzun zibilizatuen lagin duina litzatekeela nire sintesiarekin sinesgarritasun galera apur bat nozitu dezakeen arren.
Behin istilutan hasiz gero denetakoak entzun eta irakurtzea fortunatzen da eta batere ezezagun ez zaizkigun argudio ugariren lekuko izan gara. Idazle, irakasle, unibertsitario edo intelektualek emandako berotasunaz biktimei galdetzeko eskatuz gure historia tristean geratuko dena ideologia, utzikeria edo beldurragatik aurre egin ez genuenarena izango dela. Egun, oraindik, intelektualitatea mutu eta isil dagoela dioenetik, txisturik gabeko erromeriarik nola ez dagoen, euskal elizaren abertzaletasunaren topikoaren kontra, Arambururi apaizen gorentasun intelektualaren nabarmentzea egiten dioneraino.
Sarritan bezala hizkuntzen arteko eztabaida gertatu den, edo bilakarazi dugun, inpresioa daukat. Esan nahi dut, horrelakoetan, esplizituki esan gabekoen eta esandakoez ondorioztatuen epaitzera edo haiengandik defenditzera jotzen dela euskararen mundu hipersentiberatsuenetan. Kasu hauetan bozeramale «koalifikikatuak» sartu ohi dira tirabiratara irainduak guztiok izan garela esanaz eta kanpaina gisako baten antzekoa gertatzen da, non esanaren kontrakoaren aipuek bozgorailu indartsuagoak izan ohi dituzte esanek beraiek baino, defentsa nazional gisako bat, zehaztasun guztiak galtzeraino, antzekoak adiskide baino etsai bihurtzeraino.
Duda dut, erdaren mundutik, edo ez abertzaletasun politikotik, euskarari egindako aipuek eragindako zalapartak ikusita, euskararen zurrunbiloko jendeari buruzko komentario kritikorik egin ote daitekeen. Horretarako zilegitasuna nork eta noiz duen. Esangarri ote, euskararen baitakoa aniztasuna izanik, deigarria dela manifestaldi kolosalaren euskarazko isla ahobatezkoa eta desadostasunik eta tatxarik gabea izatea, jainkoa bezain sinesgaitza beraz, edo… aniztasunak euskarari on egiten diola esatea berdina ote den Lertxundiren luman, nire teklatuan edo Lopez lehendakariaren ahotan.
Badugu etxean lotsa aitor ezin bat, beldur urtetan pilatua. Paseadarakoan, geure bizkarretan gazte talderen bat sumatzen genuenean hauei euskara entzutean beldurra areagotu egiten zitzaigun. Nahi nuke keinu hau, lotsa hau, iraupen luzekoa ez izatea. Euskarari beldur izatearen lotsa zer den jakitea oso zaila dela badakit, arrazoitzea eta aitortzea bezain zaila edo zailagoa agian, baina hala da eta zilegi behar luke.
Iraupen luzeko keinuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu