COVIDaren ostean, eztabaida bat ireki zen, material batzuk eskuratzeko segurtasuna nola areagotu, pandemia kudeatzeko beharrezkoak, hala nola maskarak, edo industriaren funtzionamendurako, txipak adibidez. Bestalde, Euskadin elikadura autohornikuntza baxuaren auzia noizbehinka planteatzen da, kontsumitzen ditugun elikagai gehienentzat gure ekoizpena oso baxua baita. Dena den, datozen urteetan benetan izango den ezinbesteko gaia gure elikagaiak ekoizteko sistema eraldatzearena izango da, iraunkorragoa izan dadin. Ikus dezagun:
Elikagaien eskuratze segurtasuna oinarrizko helburu bat da gizarte guztietan. Pandemia garaian arrisku hau gauzatu egin zen, eta esan beharra dago sektore osoak emaitza bikainekin erantzun zuela, hornikuntzan oso eten gutxirekin. Honetaz, hiru arrisku handienak hauek lirateke: klima beroagoaren eta uraren erabilgarritasunaren aldaketek elikagaien ekoizpenean izango duten eragina; beharrezko materialen eskuratzeko segurtasuna, adibidez, pentsuak, haziak edo ongarriak edo produktu fitosanitarioak; eta, azkenik, prezioen igoeraren arriskua, biztanleriaren laurdenari, zaurgarrienei, bereziki eragingo diena, beren diru-sarreren zati handi bat elikagaiak erostera bideratzen dutelako.
Autohornikuntza, herrialdean kontsumitzen diren elikagai guztien zati handi bat bertan ekoiztea, helburu gisa hartzen badugu, erronka konplexuak, ezinezkoak ez badira, dakartza. Adibidez, baserria uzteko joerari buelta ematea. Edo nekazaritzarako erabiltzen den lurra areagotzea nabarmen, edo eta erabilerak aldatzea, izan ere, elikagai askorentzat tokiko ekoizpen maila oso baxua da eskariarekiko. Baina kontsumitzaileentzako aldaketa hauen onurak ez lirateke ikusiko prezio hobeetan, barietate handiagoan edo gaur egun nahiko ziurtatuta dagoen hornidura ziurtatzean. Eta helburu horrek, horrela definituta, ekoizpenerako beharrezkoak diren funtsezko materialak (haziak, ongarriak...) eskuratzean beste batzuen menpe mantenduko gintuzke.
Elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa izatearen helburua, iraunkortasunaren zentzu hirukoitzean, Europako lehentasunekin bat datorren helburua da. Helburu hauek oso zorrotzak dira. Produkzio moduak ez ezik, ekoizten eta kontsumitzen dena ere aldatzea eskatzen digute. Trantsizioa ez da bat-batekoa edo erraza izango. Beharrezkoa da ikertzea, berritzea eta... ondo ateratzea. Kopuru bera ekoiztea, gutxienez, baina lur gutxiago erabiliz, ongarri sintetiko eta produktu fitosanitario gutxiagorekin eta, aldi berean, kontsumitzaileentzat prezioen maila ez igotzea era jasangaitz batean, ez da erronka soila. Gainera, lehen sektorea, oro har, gaur egun ez da hurrengo belaunaldiei etorkizun erakargarri bat eskaintzeko gai; eta gazteek ez dute jarraitzen edo hirugarren sektorera pasatzen dute baserria, diru-laguntzak errentaren zati garrantzitsu bat dira eta salmenta prezioak ez dira katearen kostuak estaltzeko gai.
Argi dirudi, hiru helburu horien artean, benetako elikadura sektorearen erronkak jasangarritasunekoak direla, batez ere ingurumen- eta ekonomia-iraunkortasunekoak.
Eta helburu hauek lantzeko, bide bakar bat dago, eta hau ez da sektorea ahul eta diru-laguntzaz mantentzea. Bidea hau da: sektorearen profesionalizazio handienarena, tamaina guztietako enpresekin, asko oso txikiak baina, nolanahi ere, estrategia arrakastatsuekin. Arrakastak esan nahi du kontsumitzaile askok haien produktuak hautatzen dituztela eta gastuak ordaintzeko eta etorkizunerako prestatzeko nahikoa marjina sortzen dutela.
Estrategia hauek kalitatean edota zerbitzuan oinarrituko dira, prezio baxuetan baino gehiago (gutxitan prezioan bakarrik lehiatu ahal izango baikara ekoizpen baldintza hobeak dituzten beste lurralde batzuetako produktuarekin). Hemengo produktuak duen irudi onarekin babesten den kalitatea eta, aldi berean, irudi hori laguntzen eta zabaltzen duena. Eta horretarako guztirako, bai produktuetan, bai bezeroengana iristeko moduan, eta baita lan egiteko moduetan ere berritu beharko dute, beste sektoretako enpresek bezala. Hori guztia egungoak baino balio erantsi handiagoak lortzeko izango da.
Hau merkatuan lehiatuz egiteak enpresak gaitasun handiak izatea eskatzen du, pertsonengan, inbertsioak egin eta finantzatzeko gai izatea... Indargune horiek lortzeko, komeni da ekoizle kooperatibak indartzea, balioa handitzeko bideak bilatuko dituztenak; mota guztietako enpresen sorrera eta hazkundea sustatzea; haien arteko aliantza horizontal eta bertikalak sortzea... eta guztien artean elikadura-trantsiziorako bide bideragarriak aurkitzea.
Baserri eta enpresa tradizionalagoak edo txikiagoak ez dira bide honen beste alternatiba bat, baizik eta kontrakoa: osagarriak dira eta sinergikoak izan daitezke, ekarpenak egin eta etekinak atera ditzakete, sektore dinamiko askotan gertatzen den bezala (ardoarena adibide ona da). Ekimen indartsuenek irekiko dituzten aukeretako askoren inguruan garatu daitezke txikiak. Eta beren produktua eta zerbitzua ondoen baloratu eta behar den moduan ordain dezaketen bezeroetara zuzendu daitezke.
Elikagaien eraldaketaren helburuak oso zorrotzak dira, eta gauzatu ahal izateko asko dago ikasteko etaaldatzeko; eta denontzat dago zer egin.
Iraunkortasuna, elikagaien sektorearen erronka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu