Iraultza sozial bat bizitzen ari gara Iranen, baina iraultza eta mugimendu hau feministatzat jotzeak beldurra eragiten du bihotzetan, eta totelka mintzaeran. Beldur eta zalantza guztiak gorabehera, gauza bat begi-bistakoa da: Iran osoko emakumeen altxamendua da. Mahsa/Zhina Aminiren hilketaren ondoren herrialdean zehar azkar zabaldu diren protestak emakumeek azken urteetan derrigorrezko hijabaren aurka egindako borroken erakusgarri dira, eta Girls of Enghelab Street-en ibilbideari jarraitzen diote, baita desobedientzia zibilaren antzeko beste modu batzuei ere, hala nola 2017ko eta 2019ko altxamendu nazionalei. Krisi ekonomiko, sozial eta politiko ugariek mugimendu hori bizkortu duten arren, emakumeen ahotsarekin lotua dago.
Nork egin diezaioke muzin Mahsaren uhin ekaiztsuari, eta eutsi mugimendu honen kontsigna nagusia —Emakumeak! Bizitza! Askatasuna!— xuxurlatzeko bulkadari? Jatorriz feminista kurduek Turkian 1987an sortutako leloa da. Geroago, Saturday Mothers-ek erabili zuten; orain Iraneko kaleetan ez ezik mundu osoan ere entzun daiteke. Mahsaren heriotza ez da heriotza arrunta izan, Estatu hilketa baizik. Haren heriotza gu guztion heriotza izan da. «Denok gara Mahsa!», oihukatzen zuten emakumeek. Mahsa ez da soilik emakume bat, ezpada Errepublika Islamikoak egiten duen zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren sinboloa, erreprimitu guztien sinboloa: ikasleak, langileak, irakasleak, baztertutako pobreak, gutxiengo etnikoak, eta abar. Talde horietako bakoitza bortizki azpiratuta dago Errepublika Islamikoaren erregimenaren pean, eta horrexegatik hau ez da derrigorrezko hijabaren aurkako borroka soila, baizik eta etxean, lantokian eta kaleetan bizi dugun errepresioaren kontrakoa. Islam Politikoa leku guztietan dago.
Islam Politikoa 1979ko herri-iraultzaren porrotaren ondoren agertu zen Iranen, mugimendu politiko burges eta erreakzionario gisa. Mugimendu horrek, zalantzarik gabe, aspaldi gainditu zituen Irango mugak, mundu osoan zehar hedatuz, bereziki Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean, eskuindarren maniobra gisa, klase pobretuak, herri zapaldu borrokalariak, bereziki kurduak, mendean hartzeko eta eskualde osoan ezkerreko mugimendu antikapitalistak eraisteko. Erregimen islamistek sostengatzen duten kosmobisioa kapitalismo heteropatriarkalaren hegemonia kulturalaren beste adierazpen bat da. XX. mende osoan etengabe hedatu da Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan, patriarkatuaren aurka borrokatzen zuten emakumeen erakundeak izanik etsai nagusia, talibanek dena suntsitu eta sarraskitu aurretik.
Garrantzitsua da historizatzea, kapitalismoak eta, bereziki, patriarkatuak badena eta izan ezin dena naturalizatzeko joera dutelako. Hortik dator 1979ko martxoaren 8ko emakumeen martxak eta erregimenaren neurri misoginoen aurka protesta egiten zutenak behin eta berriz ahaztea, bai eta emakume persiarrak, kurduak, afganiarrak, arabiarrak, turkiarrak, amazigak eta Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko beste gizarte asko ere, emantzipazioaren alde etengabe borrokatzen ari direnak, emakume musulmanaren naturalizazioaren aurka. Europako emakume frantsesak, euskaldunak, katalanak edo ingelesak «herrialde kristauetako emakumeak» edo zuzenean «emakume kristauak» izendatuko bagenitu?
Islam Politikoa eskuineko hainbat mugimendu biltzen dituen erregimen eta ideologia da, giza eskubideen aurkakoa eta emakumeei giza izaera ukatzen diena. Horregatik, garrantzitsua da Europako feminismoek, feminismo sozialistek, antirrazistek, dekolonialek eta postkolonialek testuinguru horren espezifikotasuna ulertzea, inolako esentzialismorik ez errepikatzeko: horrek izan beharko luke praxi feminista erradikalaren hazia, «ez gara emakume jaiotzen, emakume izatera iristen gara». Guretzat, emakumea ez da existitzen, beltza edo emakume musulmana existitzen ez den bezalaxe. Hori sinestea fetitxizazio ariketa bat izango litzateke. Existitzen dena emakumeak dira, pluralean, ez datu biologiko gisa, baizik eta klase gisa, musulmanak eta beltzak datu biologiko gisa existitzen ez diren bezala, klase edo talde sozial gisa baizik. Eta emakumeak eta gizonak egin egiten diren heinean, sistema patriarkal, kapitalista eta kolonialen bidez egiten dira, eta egitate hori ez barneratzeak biologizaziora garamatza, emakumemusulmanaren esentzializaziora.
Emakumeen aurkako indarkeria desitxuratu eta ikusezin bihurtu duten erlijioaren, kulturaren eta beste edozein tasunen fetitxizazioaren kontra borrokatzea betebehar etiko-politikoa da. Nortasun politikoak egitura politikoei dagozkie beti, hortaz, behar duguna ez dira identitate-politika multikulturalak, ezpada egitura politiko, ekonomiko eta sozial berriak. Pentsatzeko, hitz egiteko eta emantzipazioaren eta askatasunaren alde borrokatzeko, ez da ezinbestekoa identitate jakin bat, ezagutza kokatua baizik. Mugimendu feminista globalak so egin behar die emakume kurduek, persiarrek, afganiarrek, turkiarrek, amazigek, egiptoarrek eta tunisiarrek egiten eta esaten dutenari, Islam Politiko globala ulertzeko, bai eta mundu osoko herrialdeetan dibisen, armen eta fedearen bidez hegemonia sortzeko duten moduei.
Gure praxi feminista erradikala borroka antikapitalistari eta analisi marxistari lotuta dago, zeinak behin eta berriz azpimarratzen duen Islam Politikoa gizartea gobernatzeko eta kontrolatzeko eliteen eta eskuineko sektoreen gailu bat dela, gerra hotzaren ondoren modu basatian hedatu zena kapitalismo globalaren egituretan integratzeko.
Mahsaren Saqqezko hilobian, doluzko emakumeek hijaba erantzi eta mukizapiak zeruan kulunkatu zituzten, musuzapiek beren benetako funtzioa dantza kurduan baleuzkate. Mezua Iran osora iritsi da. Unibertsitateak eta eskolak, garai batetik mutu, hijaba kendu eta beren departamentuetan grebara deitu duten emakumez beteta daude orain. Irango hiri txiki eta pobretuenetan jendea garrasika entzuten dugu, baina lehen aldia da Iranen «ahizpa» oihukatzen dutela «anaia» beharrean.
Jendearen artean itxaropena eta beldurra ikus badaiteke ere, altxamendu loriatsuak kurduen, turkiarren, farsien, gilakien, lorsen, bastutxien eta abarren arteko batasuna eta elkartasun nazionala adierazten ditu. Errepublika Islamikoak gerra eremu bilakatu ditu manifestazio loriatsu hauek. Pertsona asko erail eta atxilotu dituzte, ekintzaile feministak, kazetariak eta ikasleak. Gainera, altxamenduaren lehen egunetik, Interneterako sarbidea mugatu zuten. Denok dakigu komunikazioak eta informazio-bideak blokeatzea demokrazia kapitalisten taktikarik gogokoenetako bat dela, izan ebanjelikoak, anglikanoak edo katolikoak, ez da errepublika islamikoen monopolioa, Ukrainako gerra nekroliberalean ikusten ari garen bezala. Hala, litekeena da ez jakitea Kurdistanek bere hiri asko erabateko greban dituela, erregimenaren indarrek odol-bainu bat eragin dutela Zahedanen (Iran hego-ekialdean) eta kalean protesta egiten ari ziren dozenaka bastutxi erail, Guardia Iraultzaile Islamikoak Irakeko Kurdistan bonbardatzen duen bitartean.
Altxamenduari babesa eta elkartasuna adierazteko manifestazio ugari egin izanagatik, eskuin muturreko mugimendu profaxista eta neomisoginoak mundu osora zabaltzen ari dira; monarkikoek «Gizona, Aberria, Oparotasuna» oihukatzen dute «Emakumeak, Bizitza, Askatasuna» eskatzen dutenen kontra, #BlackLivesMatter mugimenduari #AllLivesMatter ebanjelista atera zitzaion moduan edo mugimendu feministari #NotAllMen gaixoak atera zitzaizkion bezalaxe. Bitartean, abortua eta gay ezkontzak debekatzen ari dira berriro, trans pertsonen aurkako erasoak ugaritzen ari dira, eta kaleak supremazista zuriz betetzen dira pobretuenak kolpatuz. Pobrezia eta bazterkeria eguneroko bihurtzen direnean gizarte patriarkalek eta supremazistek indartu ohi duten olatu erreakzionarioaren parte da. Esan genezake, modu ez guztiz metaforikoan, mugimendu eta alderdi politiko horiek, mundu osoan, gizonezkoen nagusitasunean oinarritutako nazionalismoa berrezartzen saiatzen ari direla à la Pahlavi. Errepublika Islamikoak emakumeak hijaba erabiltzera behartu bazituen, Pahlaviren erregimenak emakumeak hijaba kentzera behartu zituen Mendebaldeko herrialdeetan aurpegi moderno eta onargarria erakusteko. Argi dago biek ala biek emakumeak objektu sexualtzat hartzen dituztela, aukeratzeko eskubiderik gabe eta beren gorputza kontrolatzeko eskubiderik gabe.
Iran itzulerarik gabeko une batean dago. Jendearen haserrea erregimenaren botere hertsatzailea baino handiagoa bihurtzen ari da.
Mahsa (Zhina) Amini ez da pertsona bat bakarrik, bere izena Errepublika Islamikoak atxilotu, torturatu eta hil dituen beste emakume guztien izenekin korapilatu da. Bere hilobian idatzita dago jada, «zure izena hilezkorra izango da». Bere izena gure ikurra da. Bere izena gure seinalea da mundu osoko erregimen patriarkalen eta kapitalisten oinarriak suntsitzeko.
Iraultza iraniarra, islam politikoa eta kapitalismo globala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu