Nafarroako «eremu ez-euskalduna» deiturikoan bizitzeagatik semea bere herrian D ereduan matrikulatu ezin izan zuen guraso batek honela zioen: «Irati, Hodeieta Josu primerakoak dira, ez dute bigarren mailakoak izan behar». Eta ez zitzaion arrazoirik falta. Nafarroan lehen eta bigarren mailako herritarrak egiten dituen legea baitago indarrean: Vascuencearen Legea.
Nafarroako hegoaldeko herritarrek urteak daramatzate beren seme-alabak D ereduan ikas dezaten lege horrek ezartzen dizkien trabak gainditzen, astero ehunka kilometro egiten, Euskararen Legeak bizi diren herriak eremu «ez-euskaldunean» kokatu dituelako. Urtero milaka kilometro euren seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikas ditzaten. Gaztelania eta Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dutelako. Baina legeak ez die horretarako eskubidea aitortzen.
Seme-alabak egunero errepidean ibili behar izateak kezka nabarmena sortzen die. Beti eguraldiari begira, eta istripu arriskuak gogoan. Bidaia horiek eragiten dien gehiegizko gastua ahaztu gabe.
Azaroaren 20an Haurren eskubideen eguna ospatzen da. 1989ko azaroaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren testua onartu zuen. Gaur egun, Eskubideen Nazioarteko Trataturik berretsiena da munduan, pare bat herrialde baino ez baitira geratzen hori berresteko.
Hitzarmen horren hogeita hamargarren artikuluak dioenez, «gutxiengo etnikoak, erlijiosoak eta linguistikoak edo indigena-jatorrizko pertsonak dauden estatuetan, gutxiengo horietako haurrei edo haur indigenei ez zaie ukatuko dagokien eskubidea, euren taldeko gainerako kideekin batera, euren kultura-bizitza izateko, euren erlijioa izan eta praktikatzeko, edo euren hizkuntza erabiltzeko».
Hitzarmenak, derrigorrezko izaera du estatuetan, eta betetzera ere behartuta dago. Izan ere, hori berretsi duten gobernuek euren lege, politika eta praktikak hitzarmeneko arauen arabera aplikatu behar dituzte, arau horiek egia bihurtu behar dituzte eta eskubide horiek betearaztea oztopa edo baliogabe dezakeen neurririk ezin dute hartu. Alegia, estatu batek hitzarmena sinatzen badu, betetzera ere behartuta dago.
Baina Nafarroan legeak berak urratzen du eskubide berdintasuna. Herritarrei, bizi diren tokiaren arabera onartzen baitzaizkie eskubideak. Horrela, Nafarroa Garaiko eremu zabalean, «ez-euskalduna» deiturikoan, haurren eskubideak urratu egiten dira. Euskaraz ikasteko duten eskubidea ukatu egiten zaie. Nafarroako Gobernuaren arabera, ez baitago herritarren eskariari harrera egiteko betebeharrik. Ondorioz, eremu horretako gurasoek seme-alabak «eremu mistoa» deituriko aldeetako eskola publikora edo herri ekimeneko ikastoletara eraman behar dituzte, haientzako euskarazko hezkuntza nahi badute.
Nazioarteko hainbat legek gutxiengo linguistikoei beren hizkuntzan ikasteko eskubidea onartzen die eta Nafarroan, berriz, eskubide hori ukatu egiten da. Nafarroako familia horiek egoera onartezina jasaten ari dira; eskubide urraketa sistematikoa da. Gobernuari dagokio, beste arlotan bezalaxe, irakaskuntzan nafar herritarren eskubideak bermatzea. Vascuencearen Legeak eta gobernuak ukatzen dutena nafar herritarrak ari dira aldarrikatzen, euskaraz bizi nahi dut esaten. Irtenbidea exijitzen dute.
Guraso eta familia horiek bizi duten egoera eta erakusten duten adorea eta duintasuna ezagutu nahi badituzu,http://vimeopro.com/duintasun/bideak ikus dezakezu. Ondotik, [email protected] helbidera helaraz diezaiekezu zure iritzia, ekarpena edota elkartasuna.
Eta, familia horiek bezalaxe, oztoporik gabe euskaraz lasai jarduteko eskubidea agertu nahi baduzu eta euskaraz bizi nahia adierazi nahi baduzu, abenduaren 1ean Donostian duzu hitzordua.
Irati, Hodei eta Josu primerakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu