Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Irakurle maitagarri hori

2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Herioak ba al du usainik? Tanatoriora sartzean inguratzen zaituen lurrin itsaskor berezi hori al da? Zeren zaporea du? Mingarria al da? Tunel bat da? Argi printza bat? Flash bat eta… kito? Nola begiratzen zaio heriotzari, zuzen, zeharka, albotik, behetik, goitik, harrokeriaz, umiltasunez? Iskin egin dakioke?

Albistegietan ohikoak dira hildakoak, gatazkak, garrasiak, krimenak, istripuak, suteak, bonbak, mendekuak, hitz garratzak eta esaldi potoloak. Mamua egunero ikusten dugu. Besteen etxean. Ez gurean. Baina, gero eta gertuago sentitzen dugu bere hatsa. Herioak ezustean kolpatzen gaituenean hitzak falta dira. Besteen esanek ez dute balio. Norberarena da mina. Urratua. Hutsa. Mingaina trapu zakar eta hareatsua bihurtzen da, listurik gabea.

Gazako setioan Atef Abu Saif idazle palestinarra hainbatetan izan da herioaren atarian. Oso gertutik ikusi du mamuaren aurpegia. Zehaztasun osoz deskribatu ditu errealitate gordin horiek bere Gazako egunerokoa liburuan (Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik ederki itzulita). Batzuetan, Saif herioari eske dagoela dirudi: «Ene jainkoa! buka dadila, otoi, izugarrikeria hau. Ez du akaburik, eta horrexek hiltzen gaitu». Egunero ikusten du: «Herio ikusi dut parke eta lorategietan isil-gordeka sartzen. Hori dena ikusi dut, eta, hala ere, 84 egun horrela pasatu ondoren ere, ezin dut sinetsi hori dena gertatzen ari denik. Amesgaiztoa izan behar du, pentsatu dut ametsetan. Amesgaiztoa izan behar du».

Esnatzean, bizirik dagoela egiaztatu eta gero, Saifek hiru kezka nagusi ditu: ura, ogia eta Internet. Eguzki plakak aliatu ezin hobea bihurtu dira Gazan. Horiei esker kargatzen dira bateriak eta ordenagailu eramangarriak. Eta horiei esker irakur daitezke albisteak ere. Eta zabaldu daitezke. Zergatik irakurtzen ditugu albisteak? Munduan gertatzen ari denaz enteratzeko, ezta? Saifek bestelako zioak ditu: «Nik, ordea, bestelako arrazoiengatik irakurtzen ditut albisteak: hilda ez nagoela jakiteko. Ustez, hilek ez dute albisterik irakurtzen; oker nabil agian».

Gerrako albisteek piztutako laztura eta inpotentzia direla medio, otu zitzaion Xanti Arrieta artista bergararrari Gernikak. Begiradak izenburua daraman erakusketa burutzea. Joan den ostiralaz geroztik eta hilaren 27ra arte ikusgai dago Bergarako Aroztegi udal aretoan. Gero, Gasteiz, Altsasu eta Gernikara joango da.

Gernikatik, Gazatik, Ukrainatik… hainbat tokitatik elikatu da erakusketa. Begiradak ditu ardatz. Samina, dolua eta tristura transmititzen dituzten begiradak. Nonahikoak. Eta ekimenari berari begirada pertsonala eskaini diote euskal kulturaren izen propio hauek: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariek, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleek, Eñaut Elorrieta kantugileak, Patxi Ibarzabal hezitzaileak, Maite Aristegi nekazariak eta Martxelo Otamendi kazetariak. Lerroon egileari egokitu zaio sortzaile guztien lana koordinatzeko ohorea.

‘I hate war’

Artelan kolektibo hau, Picassoren obratik abiatzen bada ere, gerren zentzugabekeriaz egindako gogoeta kolektiboa da. Polifonikoa eta poliedrikoa. Kolaboratzaile bakoitzak jarri du bere alea. Egin du bere ekarpena. Hona Amets Arzallusena, kasurako: «Munduak armak ekoizten ditu, Euskal Herriak ere bai/ hor ez dago ez zoru etiko, ez damu eske, ez epai/ merkatuaren logikak dauka ingurua odolez blai/ beharrezkoak dira Gernika, Gaza, Mariupol ta Tigray/ hildako asko izan daitezen gutxi batzuen bizigai». Antzeko ertzari heldu dio Nerea Ibarzabalek: «Nahiz eta irudiek listua garraztu, misilek beti bide berbera marraztu, mila bider ikusi mila bider ahaztu, albistegiak ezin omen du zehaztu, zenbat hil diren eta zenbat aberastu».

Kolaboratzaileen profila ikusita, logikoa da albisteak bizigai izatea. Albisteak, gerra eta gorrotoa, gutxi batzuen bizigai. Galde diezaiotela bestela Elon Muski. Muturren aurrean egunero pasarazten digu bere botere digitala. Eta bere gorrotoa. Ez ahaztu, baina, armagintza —Arzallusek aipatu bezala— oso gurea den negozioa dela. Gurea eta emankorra. Galde diezaiotela bestela Jokin Aperribairi, nola futbolean hala gerrako teknologian igerian primeran dakien enpresa-gizon prestigiodunari. Bere Sapa enpresak sortzen duen beroa benetan itogarri bihurtu da mundu osoko milaka gizakirentzat.

Gernikak. Begiradak erakusketaren baitan bada txosten bat, historian zehar biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak biltzen dituena. Izuaren erraiak du izena. Txostenaren atarikoan biltzen da Noel Monks kazetari australiarrak 1937an, Gernikako bonbardaketa ikusi eta gero, Daily Express egunkariari igorritako gogoetaren zati bat. Honela dio: «Gorroto ditut gizon, emakume eta haur errugabeak hilez beren eginbeharra betetzen ari zirela pentsatzen zuten soldaduak. Gorroto ditut aginduak ematen zituzten jeneralak. Gorroto ditut gertakariak ukatu edo justifikatu nahian zebiltzan aho txikiko propagandistak. Baina, batez ere, gorroto dut gerra, hau guztia eragin duen instituzioa». Bere ibilbide osoan Noel Monksen leloa hau izan da: I hate war. Gorroto dut gerra. Gernikan, nahiz bigarren mundu gerran.

Ez dago alternatibarik: aurrera egin nahi badugu, aurrez begiratu behar diegu gerrari eta gorrotoari. Muskek gerra kulturala du hizpide. Trumpek, gerra komertziala. Gerra beti da gerra, kapitalismoak betidanik merkatuen jabe egiteko erabili duen tresna izan baita. Beti.

Adimen artifizialaren garaiak mitoak desmitifikatzeko balio izan du. Sarritan entzun duzue «irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio du». Bada, ez, irudia orain inoiz baino errazago faltsutu baitaiteke. «Gezurrak hanka motzak ditu». Ezta ere. Orain egiak ate bat ireki orduko, gezurrak hamarnaka etxe suntsitu ditu.

Testu hau ez du ez ChatGPTk ez Deep Seek-ek sortu. Testu hau zu bezalako irakurle irizpidedun eta maitagarriengan pentsatuz egina da. Konbentzituta bainago —guk biok— gauza asko ditugula komun: hizkuntza bat, konplizitate bat, munduari begiratzeko modu bat. Eta hori, momentuz, adimen artifizialak ez du lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.