Irakasleen ebaluazioa, uste baino gai korapilatsuagoa

2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gutxik jartzen dute zalantzan, irakaskuntzaren munduan, Jose Antonio Marina katedradunaren abilezia komunikatzeko eta, areago, gizartearen arreta bereganatzeko gai baten edo besteren inguruan. Irakasleen ebaluazioa izan da azken honetan pil-pilean jarri duen afera, Madrilgo Hezkuntza Ministerioak berari egindako liburu zuriaren enkargua tarteko.

Harrigarria da, neurri batean, Europako beste zenbait herrialdetan gaia aspaldi eta sakonki jorratuta badago ere, gurean hain ibilbide gutxi izana orain arte. Nolanahi ere, era bateko edo besteko aurrekariak badira: lan-eskaintza publikoak, praktikaldiak barne; kalitate-sistemei loturiko protokoloak; zuzendaritza-funtzioaren ebaluazio sistematikoa... baina, dena den, ezin uka daiteke gaiak, irakaskuntza publikoan batik bat, aspaldidanik sakonki finkaturiko uste, sinismen eta sentsibilitateak mugiarazteko bertutea izango duena: ustezko katedra-askatasuna,soldata-berdintasuna, funtzionarioen lan-iraunkortasuna, eta nahi den beste horrenbeste.

Hala eta guztiz ere, dirudienez inor ez dago irakasleak ebaluatzearen kontra. Areago: adostasuna ia erabatekoa omen da zenbait puntutan. Esate baterako: irakasle-karreraren ikasketetan alderdi praktikoa areagotzeko beharra, edota selekzio-prozesu egokia ezarri irakasle-lanean aritzeko. Baina horrekin ez da inolaz ere arazoa bukatzen. Zeren eta garrantzitsuena ez da akaso zer egingo den geroko irakasleekin, baizik eta oraingoekin. Hau da: Nor ebaluatu? Zer ebaluatu? Nola ebaluatu? Zer-nolako ondorioak izango du ebaluatze-prozesuak? Edo, batez ere: zer lortu nahi da zehatz-mehatz ebaluatze-prozesuaren bidez?

Esan beharrik ez dago helburua baldin bada irakasle txarrak kanporatzea, edota irakasleen artean soldata-desberdintasunak edota bestelako sailkapenak ezartzea, sindikatuak ez direla ados egongo. Eta, bestalde, prozesu «biguna» besterik nahi ez bada, hots, irakasleen gainean inolako ondoriorik gabea, agian asmo horrek ez du ezertarako balio izango.

Asmoa bata zein bestea izanik ere, nik uste dut interesgarria izan litekeela, ebaluatze-prozesuari ekin baino lehen, zenbait faktore izatea gogoan:

Ezin ulertu irakasle-lana norbanakoaren meritu edo demeritu gisa beste barik, kontuan izan gabe irakaslea ikastetxe baten testuinguruan kokatuta dagoela.Irakasle on baten ahalegina hutsean gera daiteke, neurri handi batean, gaizki dabilen ikastetxe batean, edo alderantziz. Eta ikastetxeak ona izan dadin bestelako elementuak ditu beharrezko: hezkuntza-proiektu koherente eta eraginkorra, antolamendu egokia, barne-adostasun handia, lidergo sendoa eta ausarta...eta, zergatik uka, aginte eta hierarkia.

Bigarrenez, helburua ez bada irakasle txarrak kanporatzea, baizik eta irakasle-lana eta, ondorioz, hezkuntza-sistemaren hobekuntza, orduan ebaluazioa, beste gabe, ez da nahikoa izango: izatekotan, ebaluazioa hobekuntza-prozesuaren ataria izango da baina, horri loturik, hobekuntzarako baliabide eta proposamen egokiak eta zehatzak izan beharko ditugu. Irakasleen etengabeko prestakuntza izan liteke horietako bat. Prestakuntza-plana ebaluazioaren emaitzetan oinarritua, hobekuntza-ildoei lotuta eta, bidezkoa den neurrian, irakasleentzako derrigorrezkoa. Ez naiz nor esateko zein izan beharko den irakasle bata edo bestearen soldata. Bai, ordea, proposatzeko ebaluazioaren eta hobekuntza-plan baten ondorioz harturiko erabaki eta konpromisoak irakasleei derrigorrean betearaztea.

Baina, aurrekoan esan bezala, horrek guztiak aldaketa sakonak eskatu beharko lituzke irakaskuntzaren munduan, gaur egun ongi errotutako ohitura batzuk desagerraraztea besteak beste: benetako barne-agintea ezartzeko eta praktikan jartzeko erresistentzia eta zailtasuna; autokritikarako joera eskasa;norberaren eremu txikian —ikasgela, alegia- beste inork, guraso, irakasle edota zuzendari, muturra sartzeko mesfidantza; ebaluazio-prozesua, bere osotasunean, ulertzeko eta praktikan jartzeko esperientzia falta eta ezjakinduria; emandako aginduak eta harturiko konpromisoak betegabetze-kasuan irakasleei, funtzionarioak izan zein ez, diziplina neurriak ezartzeko bide malkarra eta korapilatsua...

Beste gai bat agertu da maiz irakasleen ebaluazioari lotuta: ikastetxe bateko irakasle-taldean postu batzuk proposatzeko ahalmena zuzendariaren esku uztea. Ez dut uste horrek, berez, inolako konponbidea ekarriko duenik. Zeren eta oraingo sistema, funtzionaritzan behinik behin, tokian tokiko hezkuntza-proiektuaren ikuspegitik aleatorioa eta zentzugabea den bitartean, nork ziurta lezake bestelakoa ez ote den izango soilik zuzendariak bere soka bereko lagunei lanpostu «erosoa» ziurtatzeko trikimailua?Izan ere, hezkuntza-proiektua zuzendariarena soilik izan gabe hezkuntza-komunitate osoarena baldin bada, zergatik ez eman halako ahalmena, irakasle batzuk proposatzea alegia, ordezkaritza-organo gorenei, nahiz eta, noski, gero eskabide-orri ofiziala zuzendariak berak sinatu?

Baten batek pentsa lezake, lerro hauek irakurtzerakoan, ustezko ezintasunaren aitzakian ezkorregi naizela, gauzak aldatzeko zailtasun erraldoiaren aurrean ahalegin oro hutsala delakoan. Ez da horrela baina. Izan ere, aldaketak, hobekuntzak, progresioa azken finean, urratsez urrats egiten da ia beti. Eta, zentzu honetan, zinez uste dut irakasle-lanaren ebaluazio zehatza, emankorra eta ongi zuzendua aldaketa askotarako hasiera egokia izan daitekeela eta, areago, lehen esan bezala orain arte mugigaitzak izan diren elementu asko aldatze eta hobetze-bidean jartzeko baliabide ona. Orain arte profesionaltasun ereduzkoa eta hezkuntza-sistema hobetzeko gogoa eta konpromiso ezbaigabea erakutsi duten irakasle askok eta askok horixe merezi dute. Eta, zer esanik ez, ikasleek ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.