Irakasleei deia: altxa burua

2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Nekatuta gaude, burua irakasle gelako mahaitik edo ordenagailuaren pantailatik altxa ezinik. Birusak (haren kudeaketak) lanez zamatu gaitu, betebehar burokratiko gero eta astunagoaren mende jarri du gure egitekoa: eskola onak ematea, haur eta nerabeak heztea. Eta gurpil zoro horretan ez gara ohartu gertatzen ari diren hainbat aldaketa garrantzitsuz, edo ez dugu energiarik izan horiei aurre egiteko.

Eskola telematikoak ezartzea beste erremediorik izan ez dugunean, ez dut sumatu kritika-giro orokorrik gure pribatutasuna kolokan jartzen duten kameren erabilerari buruz, ezta kamera horiek hezkuntza sistema feudalismo neoliberalean barneratu eta enpresa pribatuen merkatu beharretara makurrarazi nahi duten multinazionalen aplikazioen parte izateari buruz. Googlek badu plan bat, eta gure lan-baldintzak izango dira kaltetuak.

Ez du ematen gizartea gutaz errukituko denik. Batetik, prekarizazio orokorrak (paradoxikoki) ez duelako elkartasun intersektoriala indartu. Nork bere arazoekin nahikoa du. Bestetik (eta hau iruditzen zait kezkagarriena), ez garelako gai izan gure lanbidea duintzeaz arduratu beharko liratekeen kargudun politikoek gure jardunari buruz jaurtitako irainei modu efektiboan erantzuteko. Ez gara gai izan okindegiko ilaran komunikatzeko zein izan diren gure kontura egindako sakrifizioak, ezta sare publikoko zentro askok dituzten gabezia estruktural arriskutsuak ere.

Arduradun politikoek badakite gutako gehienek bokazioz hautatu dugula lanbide hau, eta ahotsa altxatzen dugun aldiro xantaia emozionala egiten digute. Akidura, antsietatea, irakasle izatearen harrotasunaren une antiklimatikoa sumatzen dut klaustroetan. Badugu lan mardula, bai, baina egoera ez dugu kexuka zuzenduko. Hezkuntza-komunitatea saretzea dagokigu, lan-kolektibo gisa gure interesak defendatzea, ikuspegi orokorra galdu gabe baina tokian tokiko beharrizan konkretuei erantzungo dion antolakuntza autonomoa iparrorratz. Sindikatuek lagun diezagukete (lagunduko digute), baina ezin dute magiarik egin: guk geuk eragin behar dugu aldaketa. Txikitik.

Berreskura dezagun gure talde-pertenentzia. Geroago berandu izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.