Irakasleak suminduta Jaurlaritzaren aplikazio informatiko berriarekin

2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntza Sailetik instrukzioak jaso ditugu eskola guztietan irailean, bekak edo familientzako diru-laguntza eskaerak aplikazio informatiko berri baten bidez kudeatzeko.

Lehen, bekak paperean izapidetzen ziren eskolan bertan, eta hori izugarrizko lana izaten zen zuzendaritzako irakasleontzat. Aurrerago, Gobernuak langile batzuk kontratatzen zituen horiek kudeatzeko. Aurten, berriz, aplikazio berriarekin, beken kudeaketa nagusiki irakasle berberen esku geratu da, eta aurreko urteetan baino askoz ordu gehiago aritu behar izan dugu langintza horretan.

Eskolako guraso gehienek aplikazio berri horrek sortu dizkien arazoak pairatu behar izan dituzte, bai beraiek etxean on line eginda, bai eskolan bertan erabilita. Guraso ilara luzeak sortu dira eskoletan bekak izapidetzeko, eta eskertzekoa izan da haien pazientzia. Irakasleok, berriz, hilabete osoan «tekleatzaile» eta bulegari bihurtu gaituzte. Horregatik, eguneroko eginkizunak (pedagogikoak, zuzendaritzakoak eta bestelakoak) alde batera utzi behar izan ditugu.

Idatzi honen bidez, inposatutako aplikazio informatiko horiek irakasleoi sorrarazten diguten sumindura eta haserrea adierazi nahi dugu, datu berberak birritan eta hirutan errepikatzera behartzen gaituztelako, denbora asko alferrik galdu dugulako, datu-base bikoitzak edukitzera behartzen gaituztelako eta abar.

Horrek guztiak gastu publikoa bikoitza izatea dakar. Batetik, Eusko Jaurlaritzak diru asko gastatzen duelako aplikazio informatikoak diseinatzen, eskolen beharretatik urruti dauden aplikazioak, hain zuzen; eta, bestetik, hainbat eta hainbat eskolak beren diru urria xahutzen dutelako enpresa pribatuak kontratatzen, datu-baseak gaurkotuta edukitzeko eta aplikazio ofizialetatik datuak behar bezala inportatzeko, ezinezkoa baita aplikazio horiekin bakarrik lan egitea: ez dituzte kontuan izaten eskoletako beharrak.

Adibidez, ume bat matrikulatzeko prozesua Paris-Dakar ibilbidea baino konplexuagoa da. Aplikazio ugari ditugu, eta nahiz eta denak elkarrekin erlazionaturik egon, egun guztia pasa dezakezu umearen eta familiaren datu guztiak behar bezala informatizaturik edukitzeko (matrikula aplikazioan, jangela aplikazioan, garraio aplikazioan...). Parafernalia informatiko horrek, ordea, ez du balio ikasgela bateko ikasleen eta horiek jasotzen dituzten zerbitzuen zerrenda sinple bat eskuratzeko. Hori dela eta, behartuta gaude eskoletan datu-base bikoitzak mantentzera, geure eguneroko zerrendak azkarrago eta eraginkorrago lortzeko.

Ez dugu ahaztu behar lan bikoitzak eta baliabide informatiko bikoitzak ordu asko eskatzen dituztela eta diru publikoz finantzatzen dela. Krisialdi zorrotz honetan, denok hain kontzientziatuta egonik eta dugun egoera kontuan hartuta, ez al lukete irtenbide egokiagorik bilatu behar eskolen mesederako?

Sarean elkarteak, Euskadiko eskola publikoetako zuzendaritza talde guztiak ordezkatzen dituenak, idatzi bat kaleratu du eskola guztien haserrea adierazteko, eta proposatzen du eskola bakoitzak gutun berbera helaraztea Hezkuntzako arduradunei.

Idatzi horren bukaera txertatzen dugu, eskoletako zuzendaritza talde guztien izenean. Bertan, beken prozesuak eragin duen haserrea adierazten da:

«Ikasturte honetan ezin izango direla jarritako epeetan aurkeztu ikastetxeko oinarrizko agiriak, besteak beste IUP (Ikasturtearen Urteko Plana) eta DAE (eskolako irakaskuntzaren oinarrizko datuak). Hurrengo ikasturteari begira ikastetxeak ezin direla bihurtu informatika arloko aplikazioen esperimentazio-gune. Ezinezkoa da lan handi horiek behin eta berriro zentroen esku uztea».

Eta hurrengoa eskatzen dugu: «Beken prozedura ez uztea ikastetxeen esku. Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroak iritzi berekoak izanik, administrazioak berriro defini eta plantea ditzala horrelako prozesuen (bekak eskuratzekoa, besteak beste) diseinua eta inplementazioa».

Aurreko eskaerekin ados gaudenez, Donostiako zuzendarien mintegian gaia aztertu ondoren, prentsa ohar hau plazaratzea erabaki dugu. Izan ere, gure protesta askotan helarazi diegu Hezkuntzako arduradunei; hala ere, gero eta okerrago gaude, eta pentsatzen dugu arazoa nahiko larria dela. Hortaz, familiek zein iritzi publikoak jakin egin behar dute zein den eskolen egoera.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu eskolen arazoa askoz zabalagoa dela: murrizketak gero eta handiagoak dira irakasle lanpostuetan, osasun bajak direla-eta soldata murrizketak pairatzen ditugu, gaixotutako irakasleen ordezkapenak asko atzeratzen dira eta ikasleek orduro irakasle desberdin batekin aritu behar izaten dute. Horrela, honako gaitasun hau baino ez dute garatzen: «pazientziaren konpetentzia» administrazioaren murrizketen aurrean... Zama burokratiko eta pedagogiko guztia zuzendaritza taldeen esku geratzen da, eta eskola publikoetan ez daukagu inongo langile administratiborik laguntzeko, ez beketarako ezta behartutako hainbat eta hainbat lan administratibotarako ere.

Egoera horretan, eskoletako irakasle gehienok ez gara animatzen zuzendari izatera, eta, horren ondorioz, Ikuskaritzak izendatu behar izaten ditu zuzendariak. Argi dugu aipatutako guztiak ez duela batere laguntzen irakasleek zuzendaritza proiektuak aurkeztean. Gainera, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak honelako aplikazio informatikoak ezartzeak askoz gutxiago laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.