Irakaskuntzaren garrantzia unibertsitatean

Zuriñe Gaintza, Aitor Martxueta eta Arkaitz Lareki
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Krisi garaietan gure bizimodua, ohiturak eta lehentasunak kolokan jartzen dira eta pairatzen ari garen pandemia garai hau ez da salbuespen bat izan. Egun hauetan ikasi dugu, adibidez, zer inportantea den maite dugun jendearen ondoan egotea, besarkada baten aurrean gauza material askok duten balorerik eza eta gutxietsita zeuden lanbide batzuk (garbitzaileak, dendariak, zaindariak eta abar) zer garrantzitsuak diren. Espero dezagun baloreen kokapen berri hau ahalik eta gizartearen arlo gehienetara iristea, baita hain korapilatsua den unibertsitate mundura ere.

Azaldu nahi dugun ideia edozeinek ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da unibertsitatean irakasle egonkorra izateko jarraitu behar den bidea azaltzea. Horrela, gaur egun, ibilbide ohikoena ondorengo hau izaten da: lehenik eta behin, lau urteko gradu ikasketak bukatu eta gero, gutxienez, urte bateko masterra egin behar da. Bi kasuotan, ezinbestekoa da gradu eta master amaierako lanak gainditzea. Horren ondoren, 3-5 urte irauten duen doktorego ikasketak egin behar dira. Prozesu horretan bakar batzuek beka bat lortuko dute; gehiengoa, aldiz, lan munduan hasiko da bere tesia burutu bitartean. Horietako batzuk ordezkapenak egiten hasiko dira unibertsitateko irakasle lanetan inongo finkotasunik izan gabe, askotan lanaldi partzialean, 500-700 euroren truke. Behin tesia bukatu dutela, formazio plaza (atxiki plaza) lortzeko lehiatu beharko dira; horretan bost urte inguru igaroko dira egonkorra den plaza (agregatu plaza) lortu arte lehiaketa publiko baten bidez. Dena ondo bidean, 10-15 urte.

Hori dena gutxi ez eta aipatutako prozesu horretan guztian kalitatezko agentziek (Unibasq eta ANECA) zeresan handia dute. Izan ere, formazio plaza batera (atxikia) edota egonkorra den plaza batera (agregatua) aurkezteko aipatutako agentziek ematen duten akreditazioa lortu behar da. Berau lortzeko irakasle bakoitzaren merituak baloratzen dira, baremo baten bitartez. Baremo horrek balio berezi bat ematen dio ikerketa arloari, irakaskuntzaren gainetik. Hau da, bereziki baloratzen da goi mailako ikerketa taldeetan parte hartzea, kanpoko unibertsitateetan egonaldiak egitea eta , batik bat, artikuluak argitaratzea. Irakaskuntza merituak ere (irakats esperientzia, irakaskuntzaren balorazio positiboa, berrikuntza proiektuetan parte hartzea eta abar) baloratzen badira, ikerketa merituen menpe gelditzen dira normalean.

Eskarmentu handiko irakasle askok —bereziki, arlo jakin batzuetakoek— gorriak ikusi izan dituzte akreditazio horiek lortzeko, ikerketa arloari ematen zaion gehiegizko garrantziarengatik.

Hori azalduta, kuriosoa izan da ikustea nola pandemiaren garai honetan, berriz, irakasle unibertsitarioaren akreditazioak lortzeko hain inportanteak diren ikerketa meritu horiek berebalio errealera bueltatu diren kasu gehienetan. Larrialdi egoera honetan erakunde publikoek eta unibertsitateak berak ere lehentasuna eman diete ikasleen formazioari eta klaseak ematen jarraitzeari. Zer esanik ez, irakasleok lehen momentutik horren garrantziaz jabetu gara eta, nork bere etxetik eta bere baliabide propioak erabiliz, horretan eman ditugu lanegunak eta jaiegunak, sarritan amaigabeko ordutegiei jarraituz eta ikerketa zereginak bigarren mailan utzita. Klaseak emateaz gain, aplikazio digital, online ebaluazio sistema eta antzeko beste ikastaro express asko egin behar izan ditugu egoerak eskatzen zituen gaitasun berriak garatzeko. Askotan, ez da formazio horrengatik inongo ziurtagiririk jaso, eta kudeatu behar dugun estresa gutxi balitz, egun batetik bestera zehaztasunez justifikatu behar izan dugu administrazioaren aurrean irakasgaietan txertatu ditugun egokitzapenak. Egoera konplexua bazen ere, irakasle gehienok egin dugun ahaleginari esker eta ikasleek mantendu duten jarrera positiboari esker, ikasturte konplikatu hau nahiko era duin batean bukatzen ari gara, salbuespenak salbuespen, noski.

Egunen batean larrialdi egoera desagertuko da, baina, tamalez, irakasleen ibilbide profesionala egonkortzeko prozedurak berdin jarraituko du. Izan ere, zenbait ikerketa merituk beren gehiegizko balioa mantenduko dute eta hain funtsezkoa dela erakutsi den irakaskuntzak, berriz, ez du izango zor zaion balioa. Hori gertatuko da denok, eta bereziki akreditazioak lortzeko baremoa definitzen duten pertsonek, irakaskuntzak daukan garrantzia ulertzen ez duten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.