Asteartean jakin genuen, prentsaren bidez, Gasteizko Udalak Alfaro Fournier Etxeari daukan babes estrukturala kendu nahi diola, eta enpresa pribatu batek bi fatxada eta barne-egitura guztia bota ahal izango du. Arkitekturaren munduan, fenomeno honek fatxadismo ezizena du: eraikina desitxuratu, fatxada bakarrik mantenduz. Ez da Euskal Herrian gertatu den fenomeno isolatu bat, azken urteetan gure inguruan abiadura handia hartzen joan den fenomeno bat baizik, Donostian batik bat—Ancora elkarteak Arte Ederren antzokia kontserbatzeko egin dituen ahaleginak honen adibide dira—.
Uste dut Alfaro Fournierren kasuak hiru agente eta ikuspegi ezberdin dituela.
Lehenik eta behin, Gasteizko Udalaren jarrera egongo litzateke. Galdetu beharko genuke ea zertarako enkargatu zien arkitektoz, arkeologoz eta ondarearen kudeaketan adituak diren pertsonez osatutako talde bati Gasteizko Zabalguneko eraikinen babeserako txosten bat egitea, gero ezertarako balioko ez bazuen. Zein da birmoldatze honen atzean dagoen irizpidea? Irizpide teknikoa ote da, ala hirigintza neoliberalak, deserregularizazioak eta espekulazioak bultzatutako operazio bat? Uste dut erantzuna argia dela: udalak irizpide teknikoak erabili beharko zituela, herritarren eta ondarearen interesak lehenetsiz, eta ez enpresa pribatu batenak. Ez dugu ahaztu behar orain dela hilabete batzuk Gasteizko Udalak gasteiztarron 17.500 euro erabili zituela ilegala zen plan arkitektoniko bat eskatzeko, Principal antzokiaren barnealdea botatzea proposatzen zuena.
Bigarren agentea orube horretan hotel bat eraiki nahi duen enpresa izango litzateke. Dudarik gabe, hau da onurarik handiena lortuko duena. Gasteizko erdialdean zegoen orube bat erosi zuen prezio baxuan, hondamen egoeran zegoen etxe bat zuelako. Orain, udalak babesa kenduz gero, hotel berri bat egin ahalko du, hondamenean zegoen eraikin horren barnealdea eta bi fatxada botaz eta ia-ia zerotik eraikuntza berri bat eginez. Beraz, horrek eragingo du eraikinaren zaharberritzerako erabili beharko lituzkeen baliabideak aurreztea, udalaren konplizitatearekin, hotel horrek suposatuko dituen mozkinak pribatizatuz eta eraikinak hiritarroi eskainiko ligukeen onura kulturala betirako galduz.
Azkenik, herritarrak egongo ginateke, azken urteetan gure ondareaz desjabetuak izaten ari garenak. Badirudi deserregularizazioaren munduan bizi garela, non edonork edozer gauza egin dezakeen mozkin ekonomikoa ateratzeko baldin bada. Ikusi izan dugu zelan batzuen burutik pasatu izan den Gasteizko antzokiaren barnealdea botatzeko ideia, zelan 500 urte zutik iraun izan duten jauregiak erortzeko zorian dauden, zelan denda txiki zaharrak desagertzen ari diren, haien egurrezko egiturak desagerraraziz, seriean eginda daudela diruditen saltoki zuri eta argidunak egiteko.
Askotan pentsatzen dut zer utziko diegun gure ondorengo belaunaldiei. Zer pentsatuko dute gutaz? Guk San Frantzisko komentua bota zuten horiez pentsatzen duguna? Orain dela gutxi jakin genuen Gasteiz Europako lehen hiri adimendun eta klimatikoki neutralerako 100 hiri eredugarrien artean egongo dela; berri ezin hobea, dudarik gabe.
Dena den, badirudi azkenaldian Green horretan zentratzen ari garela, ondarea ahaztuz, hiri honi identitatea ematen dion elementuetako bat desagerraraziz. Benetan nahi nuke Gasteiz ondarea babestu eta balioan jartzen duten Europako 100 hiri eredugarrien artean agertzea. Garaiz gaude beste urbanismo mota batean pentsatzeko, pertsonen ongizatea helburu duena, eta ez soilik mozkinak irabaztean zentratuta dagoena. Baina denbora aurrera doa. Eta erabaki bat hartu behar da.
Iragarritako heriotza baten kronika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu