Joxe Manuel Odriozola.

Iragana orainaz mintzo da

2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Herri eta nazio askoren egungo egoera nazionala eta linguistikoa iraganaren ispiluan irakurri ezean, nekez jabetuko gara gauza batzuk zergatik gertatzen diren. Esate baterako, Errusiaren eta Ukrainaren nazio harremanak nolakoak izan diren ikus ditzakegu era horretan. Ukrainaren nazio hizkuntzaren bilakaera eta egungo egoera ezin da ulertu Ukrainak Errusiarekin izan dituen harremanetan pixka bat arakatu gabe. Nazionalismo errusiarrak Ukrainaren naziotasuna ukatu edo auzitan jar dezake bere ideologia espantsionistak hartaraturik, baina ukrainera hizkuntza bat baldin bada, hizkuntza horri nazio bat dagokio. Nazio bat zor zaio. Nazio burujaberik gabeko hiztunak eta herriak ezin baitira oinarrizko giza eskubideen eta duintasunaren jabe izan. Bidenabar: estatu izateko eskubide hori ez dagokie soilik estatua duten nazioei (Ukraina), baita ez dutenei ere (Katalunia). Edo agian mundua pluralegia da komunitate linguistiko gehiegi dagoelako? Aniztasuna horrenbeste hauspotzen den garaiotan, ez dirudi inoren gogoan horrelako usterik dagoenik.

Nazionalismoak aurpegi asko ditu. Onetik duena izan dezaketxarretik; batez ere, nazionalismoaren izaera espantsionista —inperialista, kolonialista, asimilazionista...— tartean dagoenean. Errusia Handiaren ideologia nazionalistak, nazionalismoaren joera zitalak bere baitan izan ditu beti: nola Inperioaren garaian hala Sobietar Batasunaren aldian, eta orain iragan espantsionista horren nostalgiak bizi du.

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren kasuan azken honen burujabetza dago nazionalismo espantsionistaren jo-puntuan. Ukrainaren gaineko kontrola, alegia. Nazio horren gaineko botere harremanak daudejokoan, interes geoestrategikoak eta potentzia batzuen doilorkeria tarteko. Nazioen autodeterminazio eskubidea erraz ukatzen du nazionalismo espantsionistaren ideologiak: Errusiaren (Ukraina) eta Espainiaren (Katalunia) jokabideak dira horren lekuko. Badirudi nazio boteretsuak nazio ahularekin nahi duena egin dezakeela. Eraso inperialista pairatu duen nazioan demokrazia ezartzea izan liteke horretarako arrazoia edo aitzakia (AEB), edo nazismoaren adierazpen batzuk erauztea (Errusia).

Nazionalismo espantsionistaren sistemak sumendiak bezala funtzionatzen du. Halako batean lehertu egiten da barruan daukana jaurtikitzeko. Hala, azpian isilean dagoen egiturazko bortxa politiko militarra begien bistako bortizkeria lazgarria bihurtzen da gerraren agertokian. Gerra beste bitarteko batzuekin egindako politikaren jarraipena baldin bada, harako hark zioen moduan, nazionalismo espantsionistari sua dario. Su horrek eragin du milioika ukrainarrek herio suhar ihes egin behar izatea, sarraskiak harrapatu ez dituenean.

Potentzia inperialisten arteko talka dela-eta munduaren polarizazio berriaz edo zaharraz mintza gaitezke, bateko demokraziaz eta besteko autoritarismoaz edo totalitarismoaz, baina gerraren kontraesan horiek testuinguru historiko baten barrutiak zedarritzen ditu, eta testuinguru horren mugarriak nazionalak dira gaurko mundu-sisteman. Nazionalismoa horregatik da historiaren motor nagusi bat, nagusiena ez bada, egungo munduaren atarramentuan. Globalizazioaren araberako merkatu arauen jokoa ez da nazionalismorik gabeko mekanismo ekonomiko hutsa, burgesia eta langileria aberririk gabeko klaseak ez diren bezala.

Artikulu honen izenburua zuritze aldera, betoz datu bakan batzuk. Gaurko Ukrainaren egoera nazional linguistikoa iraganean finkatu zen, mendez mende ezarritako errusiartze politikaren ondorioz.

1804: Errusiar Inperioaren errege dekretu berezi batek ukraineraz ziharduten eskola guztiak debekatu zituen. 1863: Piotr Valuev, Inperioaren barne arazoetarako ministroa: ukrainar hizkuntza «inoiz ez zen existitu, ez da existitzen eta ezin daiteke existitu». 1876: Errusiako tsar Alexandro II.aren dekretu batek dokumentuak ukraineraz inprimatzea debekatu zuen. 1914-1916: Ukrainako mendebaldea errusiartzeko kanpaina, hezkuntzan eta elizetan ukraineraren erabilera debekatuz. 1920: Sobietarrek hartu zuten Ukraina eta hurrengo sei hamarkadetan errusiartze prozesua areagotu egin zen. 1933: Stalinen telegrama, ukrainazazioa bertan behera uzteko aginduz. 1938: Sobietarren mende zeuden eskualdeak errusiartzeko politika areagotu egin zen Nikita Khrustxov-en agindupean. Gerra Handiaren ostean errusiar hizkuntza komunismo sobietarraren hizkuntza ofizial bakarra bihurtu zen. 1958: Gurasoek erabaki zezaketen beren seme-alabak zein hizkuntzan eskolatu, salbuespen batekin: errusiera derrigorrezkoa izatea.

Egungo bidegabekeriak iraganeko gertakari politikoen ispiluan begiratuta aztertu behar genituzke, nazio auziren bat tartean dagoenean. Bidegabekeriak beti baitira bidegabekeria, ez dio axola noiz gertatu diren. Gaurkoak bezain bidegabeak dira atzokoak eta behinolakoak. Nazionalismo espantsionistaren historia ezagututa, hobeto ulertzen da zenbait galderaren zentzua. Zergatik piztu da gerra hau? Zergatik bizi gara bortxa politiko estrukturalak eratutako mundu batean? Zergatik ez du inolako funts errealik bortxa politikoak heriotza eta sufrimendua sortzeko baizik ez duela balio dioen usteak? Zergatik egituratu eta normalizatu ditu nazionalismo espantsionistak egungo estatu nazional genozidak edo/eta etnozidak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.