Paul Rios.

Iparrorratz bat orientabide

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ziurtasun batzuekin hasi nahiko nuke artikulu hau, baina ez dut halakorik. Eta hori ez du koronabirusaren krisiak bakarrik eragin. Aspaldi honetan, irudipena daukat dena oso bizkor gertatzen ari dela, eta gertaerak ez datozela modu linealean. Hainbeste izan dira estu eta larri jarri gaituzten ustekabe politiko eta sozialak, ezen oso arriskutsua baita iragartzen ahalegintzea zer gertatuko den, ez bakarrik datozen egunotan, baizik eta baita hurrengo hilabeteetan eta urteetan ere.

Gizakioi erakargarri zaigu ziurtasuna; baina, Zygmunt Bauman-ek zioenez, gaur egun ziurgabetasuna da gure ziurtasun bakarra. Eta ziurgabetasunak segurtasunik eza dakar berekin. Eta hala sumatzen ahal dugu egun hauetako gertaeretan. Koronabirusak, gu geu kutsatuak izateak edo guk geure maite kutunak kutsatzeak, nor bere etxean giltzapetzeak, gure seme-alaben ikasleku diren ikastetxeak ixteak, hornidurarik gabe geratzeko beldurrak, krisi ekonomikoak, gure lanpostuen etorkizunak; horrek guztiak lausotu egiten digu etorkizuna, eta orientazioa galarazi.

Irudipena daukat gure buruzagi politikoei ere erasaten diela ziurgabetasun horrek. Eta ulertzekoa da. Milioika pertsonari eragiten dioten erabakiak hartu beharra daukate, erabat ezezaguna zaien egoera batean hartu ere. Behin baino gehiagotan alerta emana bazuten ere mundu pandemia baten arrisku posible baten inguruan —gure mundu globalizatu eta hiperkonektatuak bultzatua—, hain nekeza zen irudikatzea hala gertatuko zela bere ondorio guztiekin, ezen koronabirusak erruz gainditu baititu aurreikuspenik okerrenak berak ere. Horrek ez du esan nahi prestatuta ez geundenik. Hainbat baliabide izan ditugu eskueran kolpea arintzeko. Pentsa dezagun zer gertatuko ote zen ez baldin bagenu izan osasun publiko ahaltsu bat, bilbe instituzional sendo bat, koordinaziorako eta informazio trukerako emari jori bat nazioartean, ikerketarako talde antolatuak edo gutxieneko kontzientzia zibikoa dutenak. Kaos hutsa izango zatekeen.

Hortik aurrera, erabakiak hartzea dagokigu, arlo publikoan zein pribatuan, arlo kolektiboan zein indibidualean. Baina berriro diot: gizarte gisa ez gaude entrenatuta, ez, bizi izaten ari garen egoera honi aurpegi emateko. Aurretik ez da halakorik izan sekula. Iparrorratz bat behar dugu, lainoarte honetan ibiltzen lagunduko diguna. Irizpide argi batzuk behar ditugu, erabakiak hartzeko orduan gidari izan ditzagun.

Urte hauetan guztietan itzal handiko jendearekin lan egin ahal izan dut, eta ikasbide emankor gertatu zaizkit. Zilegi bekit haien aholkuetara jotzea, ahalegindu nadin zuekin partekatzen nire iparrorratza, datozen asteetako eta hilabeteetako bidean orientatu ahal izateko erabiliko ditudan irizpideak. Has nadin Jonan Fernandezekin, zeinak indarkeriaren eta konfrontazio politikoaren urterik okerrenetan ere ideia berbera baitzerabilen beti: giza duintasun kontzeptua jarri behar dela goi-goian. Ezin saihestuzko balio bat da. Tentazio utilitarista ezinago handia da: «Gutxi batzuek sufri dezatela, gainerakook geure bizi estiloa salba dezagun». Horren zantzurik sumatu dut nazioarteko buruzagi politiko zenbaiten hitzetan; besteak beste, Donald Trump eta Boris Johnson agintarien esanetan. Egitura ekonomikoari eusteko asmoz, onartu egiten dira zenbait giza «galera». Giza duintasuna ekonomiaren zerbitzuan.

Halako erabakiek arrisku larria dakarte orain, eta jarraibide beldurgarri bat ezartzen dute etorkizunerako. Bidea zabaltzen dute etorkizuneko krisietan interes ekonomikoak gailendu dakizkion jendearen bizitzari. Esan liteke hori hala zela lehendik ere. Zenbat gerra ez ote diren piztu horrexegatik. Eta 2008ko krisi ekonomikoari erantzuteko orduan, susperraldi ekonomikoa lehenetsi zuten, kosta ahala kosta, nahiz eta horrek bizimodua prekarizatzea ekarri zion jende askori. Orain, desberdintasun bat dago: pentsamendu ildo horretatik joz gero, urrats bat harago joango ginateke. Halaxe zioen Naomi Klein-ek bere liburu batean, zeina oso gomendagarria baita konfinamendu egun hauetarako: The Shock Doctrine (Shockaren doktrina). Kleinen teoriaren arabera, asmoa da krisialdi bat baliatzea hainbat neurri hartzeko, herritarrak trauma betean bizi diren bitartean. Eta gertatzen ari den honen ondorioa izan liteke, ederki asko, ekonomia giza duintasunaren gainetik dagoen paradigma bat ezartzea. Horren kontra babestu behar dugu geure burua, eta giza duintasunaren balio gorena nabarmendu.

Horrek beste orientabide batera garamatza, bigarren irizpidera. Ibarretxe lehendakariak 2001erako azpimarratua zuen, eta, 2008ko krisiaren eraginez, are eta irmoago berretsi izan du behin eta berriro: ezin dugu inor utzi atzean. Aste eta hilabete korapilatsuak datozkigu. Arazo ekonomikoak izango dira. Ez dago oso aditua izan beharrik ere jakiteko ezen, ekonomia ralentian dagoelarik, zailtasunak izango direla. Enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrak, kaleratzeak, negozioak ixtea, zailtasunak autonomoentzat, eskariak gutxitzea; hori guztia eguneroko ogi bihurtuko da.

Hain zuzen ere, 2008ko krisiak erakutsi zigunez, kolektiborik zaurgarrienak dira kaltetuenak. Handitu egin zen haurrak bazterturik geratzeko arriskupean zeuzkaten edo pobre ziren familien kopurua; ugaritu egin ziren luzaroko langabeak; murriztu egin ziren gizarte ongizateko lanabesak, eta gazteek enplegu prekarizazioa jasan behar izan zuten. Konpromiso bat behar dugu gizarte gisa, gobernuekin hasi eta enpresetaraino eta gizarte zibileraino, krisiari konpromiso ziur batekin erantzun diezaiogun: inor ez uztea atzean.

Laburbildurik: orain, babes dezagun giza duintasuna; eta, datorkigunari begira, ez dezagun inor utz atzean. Gauza «materialei» dagokienez, litekeena da apur bat «ukituak» irtetea; gizarte gisa, behintzat, indartuta irten behar dugu, eta sendo ezarri balio hauek: elkartasuna, kooperazioa eta erantzukizuna. Baliteke naif samarra iruditzea, ikusirik zer gertatzen ari den, baina egokiera aproposa izan liteke krisi hau baliatzeko gizarte eta pertsona moduan hobetzeko aukera gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.