Gaur lako egun batez, 1854. urteko sanantonioetan, Urkiolako belardietan milaka ikusleren aurrean abestu zituen Iparragirrek bere kanturik mitikoenak, Gazte gaztetatikan, Gernikako Arbola... Gure bihotz barrenean betiko itsatsita geratu diren gertakizun aipagarrien jabe izan baitzen urretxuarra, bizipenez jantzitako izakera bitxia duen horietakoa. Bidaiari amorratua, ipurtarina; joan-etorriaren ibilkera geldiezinak zerabilkion izpiritu hegalaria.
Bere bizitzaren joan-etorriak, inbentzioa izan zitekeenaren itxura dute. Gertatu barik norbaitek idatzi izan balu, zaila zitzaigukeen hori egia izan zitekeenik sinestea. Gazte gaztetatikan herritik kanpora... Etxetik aldentzea zen bere patua, bizipen edo paradisu berrien bila beti, joan beharraren premia eta joan ahala herrimina, bere gaitzik handiena eta saminik gordinena. Deserriratutako gizona genuen Iparragirre. Bitoriano Gandiagaren Nahiaren edari gordin heldu ezinez egina edota Kaltzakorta idazle bizkaitarrak zioen arabera, «etxetik atera ondoren ikusten da etxeko edertasuna».
Europan zehar urteetan ibili ondoren egun batean pobre, beste batez jauna. 1848an, Europa osoan eragin zuten Herrien Udaberrien iraultza erromantiko eta anaitasunezkoan hartzen du parte. Gernikako haritza, frantses iraultzaileen artean Askatasun Zuhaitzen Ama kontsideratzen zen. Eta hala bazen, zergatik ez ba kantatu berorrek irudikatzen duen askatasunari? Bolbora, gorroto eta higuinkeriaren ordez, iraultza egin liteke kantu eta zuhaitzen esanahien bidez. ‘Herrien Udaberria’ deitua izan zen herrien anaitasunezko festa hura. Hizkuntza eta nazioen gainetik. Herriak anaiak dira guretzat eta tiranoak etsaiak.
Eta hantxe, giro bizi hartan, gitarra lagun eta bihotz sentiberaren taupadaz, sortu zituen Gernikako Arbola kantu mitikoaren lehen notak. Sortu zituen kantuak ibileraren eta sentipenen kronikak ditugu. Herriaren buru-bihotzetan uztartuak izan direnak. Herri hizkeraren indarra eta arima bereganatzen eta kanporatzen jakin izan zuen Iparragirrek. Eta ez du galdu gaurkotasunik: Euskaldun on guztiak laurak batean, betiko bakean... ez dugu nahi gerrarik anaien artean’ edota ‘zabaldu bedi anaitasuna, amoriozko kantuak, guzientzat du itzal ederra gure arbola santuak.
Iparragirreren gertakizun handien artean jarri behar dugu Urkiolan izandako kantaldi hura, zeren eta gerora, egun hura erabakigarria izango baitzen bere bizitzaren norabidean. Iparragirreren kantuek, bihotzak mugiarazi eta grinak sorrarazi zizkien Urkiolan zeuden 6.000 ikus-entzuleei, Gernikako Arbola kantua entzutean, txapelak burutik jaso eta han belaunikatu ziren erromes guztiak.
Arabatik Madrilgo Gorteetarako zen diputatu nagusiak, Pedro Egañak, Urkiolan gertatukoaren berri azaltzen du Madrilgo Gorteetan. Eta handik lasterrera gure kantariak bere bizitzako bigarren desterrua bizi izango du. Ez etortzeko gehiago probintzi honetara/ Orduan artu nuen Santander aldera.
«Gobernuak ondo egin zuen gizon hura bere herritik aldentzean, zeren eta bere sentimenduak bihotz onekoak eta ulerkorrak baziren ere, oso arriskutsuak izan zitezkeen», zioen Pedro Egaña diputatuak.
Urte batzuk lehenago, Frantziako Tolosan Marseillesa kantatzeagatik aldendu izan bazuten, oraingoan, Tolosan erabakiko zen bere erbesteratzea. Eta Iparragirreren patua horixe izan zen, batzuetan bere nahiz, besteetan halabeharrez. Negar egingo luke nere amak baleki. Zenbat ostatu, zenbat amodio, zenbat kale-mendi eta herrialde pasa ote zituen? Batzuetan irri eta ezti, eta besteetan gaitzaldi eta etsipenez beterik.
Euskal Herriko hodeitan bere irudi erromantikoa geratu zaigu, maitatua eta lilurakorra. Nobela bizi eta eder askoren protagonista, akats eta bertute guztien euskal gizona. Zoro edo aitzindari, zozomiko edo ameslari, jakintsu edo miragarri. Euskal gizon antitetikoa esango du William Douglasek, baina Iparragirreren izaerak erakarpen berezia izan du euskaldun ororentzat.
Berak lezioa ondo ikasia zuen. Gazte nintzelarik irakurri nion filosofo bati, «alaitasunak ontasuna dakar; tiranoak oso serio eta formalak baitira». Nik ondo ikasia dut: goizetan harakinaren lagun naiz, eguerditan apaizaren lapikoa dut gogoko eta gauean markes baten afari ondoan topatuko nauzu. Beraz, Iparragirrek San Antoniori ez zion andregairik eskatu beharrik izango, zeren libre jaio danak, libre bizi behar du, zioen.
Baina ez zen izango dena ohorea eta gloria bere bizitzan, noraeza eta egun larriak gehiago izan ziren. Urterik gehienak etxetik kanpo eta etxekoengandik urrun egoteak sortuko dion samindura ez da nolanahikoa. Hogei urte luzez, Amerikako belardi luzeak isilunea bihurtzen zitzaizkion Iparragirreri. Arrosa arantza bihurtzen hasia zen eta sorterrirako itzulera desiratuko du. Tristezia latz eta astun batek irensten dizkio bere gogoak, atsekabea eta ezinegona sentituko du arrotz den lur eremu haietan.
Halaxe herriratuko da, eta ahalegin ugari egin arren, babes pobre baten limosnatxoa jasoko du, ez sendiak ekartzeko haina. Eta han, bihotzaren urraduran, heriotzaren atarian madarikatu izango ditu goiak eta beheak, eta bertako agintarien laguntza ustelak. Iparragirre ohorezko kantu galtze bat izan zen, bere lurrak eman ziezaiokeena badu. Eta gaur, XXI. mende honetan, egitandiko irudi librean joan doa eta etorri dator, nahi eta ezinezko herri honetan dabil, bizar eta guzti, geroaren aitzindari, euskal zeruan koplari.
Euskara ardatz eta bizipen izan zuen bere ibilaldietan, Amerikan ia hogei urtez egon ondoren etxerako itzuleran, euskararen beherakada sentitu zuen bere zainetan eta gaur ere gogoan dugun honako hau idatzi zigun: Ez bedi galdu euskera, nere anaia maiteak, galtzen badegu galduak gera, gu eta gure semeak.
Iparragirreren obra bere bizitzaren sinopsia dugu, eta bete gabeko itxaropenen artean, mitifikazioaren eta mistifikazioaren artean, orainak ez dezala bere memoria irentsi.