Europako Batzordeak Erresuma Batuaren aurka neurri legalak hartzeko intentzioa adierazi du. Arrazoia? Europako Batasunarekin adostutako eta apirilaren 1ean hasi beharreko merkataritza kontrolak beste hainbat hilabetetan atzeratzea erabaki duela Londresko gobernuak, aldebakarrez. Ipar Irlandako Protokoloko 16. artikuluaren itzala handia da: aldebakarreko neurriak onargarriak dira soilik baldin eta Protokoloan jatorria duen espero gabeko efektu negatibo bat agertzen bada. Irlandako Errepublikako Atzerri ministroak adierazi du Erresuma Batua ez dela fidatzeko moduko bazkidea. Europako Batzordeak berak zalantzan jarri du Londresen «fede ona», eta neurri legalak hartuko dituela iragarri du. Baina, zein auzitegiren aurrean? Europako Batasunak eta Erresuma Batuak Ipar Irlandako Protokoloa eta bi akordio (Irteera Akordioa eta Merkataritza eta Kooperazio Akordioa) sinatu dituzte, eta bakoitzak planteamendu desberdin bat jasotzen du Europako Justizia Auzitegiaren jurisdikzioari dagokionez.
Ipar Irlanda Europako Batasuneko Merkatu Bakarrean mantendu da, eta horrekin batera Europako Batasuneko legearen aplikazioa. Jakina denez, Europako Batasuneko legearen interpretazioa Europako Justizia Auzitegiari dagokio. Hartutako neurri legalei buruz Europako Batzordeak martxoaren 15ean argitaratutako adierazpenean, Protokoloaren 12.4 artikuluari egiten dio erreferentzia. Artikulu horrek ondasunen mugimendua eta haren aduana ikuskaritza arloan (5. artikulua) Europako Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa mantentzen du. Alde horretatik, Protokoloak Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 267. artikulua bere egiten du, Europako Batasuneko legea diren tratatuak edota egintza juridikoak interpretatzeko Auzitegiaren eskumen esklusiboa mantenduz.
Aldi berean, Protokoloa Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko akordioan txertatuta dago, Irteera Akordioan. Horrek akordio osorako den klausula batean Europako Batasuneko legea diren kontzeptuak interpretatzeko Europako Justizia Auzitegiaren eskumena mantentzen du, betiere preliminary ruling moduan egituratuz arbitrajezko prozedura nagusi baten barnean (174. artikulua).
Bestalde, jakina da abenduan Europako Batasunak eta Erresuma Batuak sinatutako Merkataritza eta Kooperazio Akordioa (Brexit akordioa deitu dena) beste negoziazio giro desberdin batean egin dela. Aipamen moduan, akordio horretan adostutako dispute settlement prozedura propioak ez dio Auzitegiari inolako aipamenik egiten. Aipatzekoa da ere akordioak oraindik ez duela Europako Batasunaren berrespena jaso, hau da, EBk ez du integratu bere ordenamendu juridikoan.
Baina gogoeta prozesalez haratago, horren azpian errotiko kontzeptu gatazka ezkutatzen da, Boris Johnson lehen ministroaren gobernuarekin sakondu dena. Jacob Rees-Moggek —britaniar gobernuaren bozeramailea Komunen Ganberan eta Johnsonen aliatu estuenetariko bat—, tirabira honen inguruan hau adierazi zuen: «Ipar Irlanda Somerset bezainbeste nire herrialdearen zati da» (bera Somerset-ekoa izanda). Izatez, Ipar Irlandaren Protokoloaren arabera, Europako Batasuneko Merkatu Bakarraren muga Irlandako itsasoan dago, ez Irlandako irlan. Horrek esan nahi du, Irlandako irlaren egonkortasunaren alde, Erresuma Batuak bere lurralde nazionalaren barruan beste erakunde politiko baten muga ekonomikoa jasango duela, ekonomikoki bere lurraldea zatituko duena. Hori da arazoen iturria, Ipar Irlanda eta Britainia Handiaren arteko trafiko domestikoan, Erresuma Batua izango dela Europako Batasuneko Merkatu Bakarrean ondasunak sartzeko eskatzen diren neurri guztiak betetzen direla ikuskatzearen arduradun, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko muga eta kontrolak ezarri behar izatea ekiditeko. Eta arazo horren azkeneko kapituluan, kontrol horiek atzeratzeko Erresuma Batuaren aldebakarreko erabakia dago, de facto epe gehigarri horretan Europako Batasuneko Barne Merkatuaren muga deuseztatuz. Horrek britainiar produktuei ahalbidetzen die kontrolik gabe Irlandatik Europan sartzea. Onartezina Europako Batasunarentzat. Testuinguru horretan, Ipar Irlandako unionistak presioa areagotzen ari dira Londreseko gobernuaren gainean, egoera honek atzerritar moduan uzten omen dituelako euren herrialdean.
Horrela bakarrik uler daiteke Boris Johnsonen gobernuaren Internal Market Act legearen onarpen saiakera, argi eta garbi Protokoloa urratzen zuena (eta Lorden Ganberak geldiarazitakoa). Baina, Ipar Irlanda Erresuma Batuaren parte den heinean, ez al da Ipar Irlanda Erresuma Batuko barne merkatuaren parte? Duda barik, gogorra izan behar da Erresuma Batuko unionistentzat euren nazio lurraldeko barne trafikoan kanpoko erakunde politiko baten merkataritza kontrolak kontuan hartu behar izatea. Nazio subiraniari uko egite handia da. Europako Batzordeak iragarri dituen neurri legalak, askoz sakonagoa den gatazka baten azken kapitulua besterik ez da. Zer izan behar da Ipar Irlanda: Europako Batasuneko Merkatu Bakarraren zati, Erresuma Batuko barne merkatuaren parte... ala Ipar Irlandako hiritarrek demokratikoki erabakitzen dutena? Hala egingo dute, Protokoloaren 18. artikuluak aginduta.
Ipar Irlanda: subirania, bi barne merkaturen artean harrapatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu