Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista

Ipar Euskal Herrian matxismoaren normalizazioari ez

Maddi Kintana eta Lola Garcia
2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Hilabetero baditugu indarkeria matxista kasu berriak hedabideetan, patriarkatuak eragiten digun bortizkeriak ez baitu etenik. Pasa den astean, berriz jaso dugu horrelako berri lazgarri bat. Izan ere, Bokalen, gizon bat atxilotu zuten zazpi urteko neskato bat bortxatzeagatik, karrikan; Angelun, beste gizon bat atxilotu zuten 75 urteko emazte bati sexu erasoak egiteagatik, etxera erosketekin lagundu ondotik. Beste behin ere, emazteen aurkako bortizkeria. Beste behin ere, gizonen partetik. Bi gertakarietan ikusten dugu emazteen kontrako indarkeriak ez duela adinik. Edozein emazteri gertatzen ahal zaigu. Edonon gertatzen ahal zaigu. Ez gara babesean ez etxean, ez karrikan, ez inon.

Alta, bi gertakari horiek 2024ko zerrenda beltzean sar genitzake. Maiatzean, Donibane Lohizunen lehen erailketa matxista baten berri izan genuen. Euskal Herrian 2024. urtean izandako lehena. Lehena, jadanik gehiegi. Ordurako, bikotekideak eraso egin zion biktimari behin baino gehiagotan, ospitaleratze bat tartean. Agintariei galdegin genien garai hartan: «Zergatik ez duzue babestu?». Egiturek argiki ez zuten behar bezala funtzionatu. Baina aipatu dugun bezala, bortizkeriak ez du etenik. Hala, Laure Zachello desagertu zen ekainean, Urruñan. Hura ere bortizkeria matxistaren biktima bat, beste erailketa matxista bat. Bere gorpua ez da inon aurkitua izan oraindik. Beila egitea ere ebasten digu indarkeria matxistak. Jakin ahal izan dugunez, Laure beldurrez bizi zen, senar ohiaren beldur, min eginen zion beldur.

Uda iritsi zen horrela, besten garai alaia batzuentzat, erasoen puntu beltza beste batzuontzat. Giro goibelean hasi baitzen uda, Capbretonen Kanboko emazte bat bortxatu baitzuten. Talde bortxaketa bat, hiru erasotzaile. Hortik gutxira, Hazparneko bestetan, ikerketa bat abiatu zuten sexu erasoengatik. Biktimak ez omen zuen deus oroitzen. Uztailean, Baionako bestak heldu ziren. Mugimendu Feminista etsitua zen, ikusita herriko etxearen partetik egindako prebentzio eta protokolo gabezia. Guztira, hamahiru eraso zenbatu ziren Baionako bestetan, hainbat salaketa bideren bidez.

Beste behin, Baionako Herriko Etxeak prebentzio gisa «ez zaitezte bakarrik geratu» afixa jarri zuen; herri mugimenduaren esku utzi zuen esku hartze guztia. Eta ondotik, bilan positiboa egin zuten; haien esanetan, Baionako bestak denendako errespetuzko espazio ziren, zeinetan botere desorekarik ez zen. Guk bestela ikusten ditugu: boteretsuek antolatutako besta bat, zeinetan emazteen eta bestelako gutxiengoen segurtasunak deus ez duen balio. Bistan dena, herriko bestetan beste hainbat erasoren jakitun izan gara. Badirudi ez dugula eskubiderik besta lasai egiteko.

Udazkenarekin batera, jakin genuen Baionako Herriko Etxean besteak beste bi emazteri erasoak egiteagatik kondenatutako langile bat zutela, hedabideetan irakurri genuenez. Herriko etxea jakinaren gainean zen. Gizonen eta boteretsuen arteko aliantza deus baino azkarragoa baita. Erran gabe doa gaur egun ez dugula modurik indarkeria matxistak egiazki uzten dizkigun kopuruak jakiteko.

Eta, horrela, heldu gara azken asteko erasoetara, anomaliarik gertatu ez balitz bezala, aldi bakoitzean.

Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministan, guk argi dugu: ezin genitzake normalizatu horrelako erasoak. Indarkeria amaigabean bizi garela dirudi, baina aski dugu. Indarkeria matxista borrokatuko dugu denok batera. Ipar Euskal Herriak aski dela erran du. Mugimendu Feministak eraso horien kontra mobilizatzera deitu du, guk sinesten zaitugulako. Aldaketa bat gertatzen ari da, jendartea mobilizatzen ari da. Ezin ahantzi aurtengo Martxoaren 8a denbora luzean izandako jendetsuena izan zela Baionan. Indar hori berriz ikusi nahi dugu karriketan: batera indartsuagoak garelako. Era berean, oroitu nahi dugu feministok Baionako Herriko Etxearekin nazkatuta herriko etxeko batzarrean sartu ginela, entzun gintzaten. Etxegaraik bere postura argi utzi zigun: «Anderea, hitza ez da zurea». Oker zebilen bada, hitza gurea baita, karrikak bezala.

Berriki, Emazteen Etxea lehen aldiz sortua izan da Ipar Euskal Herrian, hainbat emazte eta kolektibo feministaren borrokaren eskutik; asmoa beste etxe batzuk sortzea da. Nahikaria badenean, ekintza egingarria baita. Transfeminismoa hedatuz doa, Bekat’uros edo Debrien Figurak egunek erakusten diguten moduan, generoaren auzia jendearen ahotan baita orain. Guk argi ikusten dugu: feminismoa denen afera bihurtu behar da. Horregatik, Ipar Euskal Herri feminista bat sortzen jarrai dezagun, jendarte osoak parte hartu behar du, borrokak bateratu behar ditugu, Elkargoak bere erantzukizuna bete behar du, hala nola herriko etxeek. Sekula baino batuagoak izan behar dugu. Hortaz, datozen hitzordu feministetara masiboki parte hartzera deitzen dugu. Azaroaren 25ean batera borroka egiteko arrazoi anitz ditugu. Karriketan ikusiko dugu elkar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.