Zaharra hilik eta berria jaio ezinik, horixe da krisia; interregno horretan sortzen dira era askotako gertakari erigarriak». Horrela idatzi zuen Antonio Gramscik bere Kartzelako Koadernoetan, antzinaroan errege-erreginen agintaldien artean egon ohi zen zalantzazko denbora-tartea aitzakia hartuta. Adiera berarekin, Zygmunt Bauman soziologo ezagunak ere sarri erabili du kontzeptua gaur egungo aldaketa garaia ezaugarritzeko metafora gisa. Izan ere, gure munduan gauzak egiteko modu zaharrak balioa galtzen ari dira apurka apurka, eta ez dakigu zer nolako egite-moldeak nagusituko diren galdutako horien ordez, hala esparru sozialean nola politikoan. Hala, dagoeneko balio ez duten arauen eta haien ordez etorriko direnen arteko hutsune horretan astindu egiten gaituzten fenomenoak jazotzen dira, espero ez genituenak, eta aldez aurretik irudikatu ezin izan ondoren a posteriori arrazionalizatzen ahalegintzen garenak.
Estatu Batuetako presidentetza-hauteskundeetako emaitzek sortutako arreta testuinguru horretan kokatu beharko genuke. Lehenagotik atzemandako aldaketa-zantzu batzuk berretsi arren, hein batean, Mendebaldeko ametsaren amaiera irudikatu dute, non eta ia mende batez munduan nagusi izan diren AEBetan. Zinez, globalizazio neoliberalak arrakalak eta beldurrak sortu ditu munduan zehar, baita inperioaren gunean ere. Ondorioz, jendeak bere bizitzaz eta bere ondorengoen etorkizunaz orain arte zeukan egonkortasunaren pertzepzioa desagertu egin da herrialde garatuetan ere. Denbora askotxo igaro da Bigarren Mundu Gerratearen ostean Mendebaldeko elite politiko eta intelektualek merkatu ekonomia eta sistema demokratiko liberala bateragarri zirela amestu zutenetik, batak bestearekin bizikidetza orekatua izan zezaketela sinetsita. Elkarbizitza hori bermatzeko bitartekari zereginak zituzten instituzioak sortu ziren harrez geroztik, besteak beste, ongizateko estatua zeritzona eta masa-alderdi politikoak. Lehenengoak, funtzio arautzaileak hartu zituen, merkatuaren gehiegikeriak saihesteko helburuarekin, batetik, eta, politika sozialen bitartez klase xeheenen bizitza politikoki onargarri eginez, demokrazia liberalen mugak kontrolpean mantentzeko, bestetik. Baina, dagoeneko kapitalismo globalaren logika eraisten ari da XX. mendeko arkitektura politiko hori. Eta instituzio politiko arautzaile eta banatzailerik ezean, globalizazioak kalte egindako jendearen nahigabeak eta beldurrak ustekabeko bide politikoak urratzen hasi dira.
Lehenagoko estatu ereduarekin gertatu bezala, sistema demokratikoen oinarrian egondako ohiko alderdi politikoak ere ez daude, ezta antzik ere, beren unerik onenean. Sistemaren bigarren kontentzio tresna izan diren hauteskunde makineria erraldoiak herritarren interesetatik urruntzen joan dira nabarmen, hainbesteraino non, jende askoren konfiantza galdu duten. Catch-all deritzon estrategiak partidu handien eskaintza politikoa homogeneizatu du luzaroan, haien arteko ustezko desberdintasun ideologikoak eta lehia elektoralak itxurakeria hutsa bihurtu arte. Aldi berean, lehenagoko alderdi politikoen atzean zeuden identitate sozial sendoak ere ahuldu egin dira. Izatez, gaur egun nagusi den kulturak jarduera politiko indibidualista eta partikularistagoak lehenesten ditu; horrenbestez, belaunaldi gazteenak uzkur agertzen dira alderdi politiko handien enkapsulatze logikaren aurrean. Alderdiei buruzko leialtasunak nekez suspertzen dira, gainera, pertsonen eguneroko bizitzan eragiten duten erabaki politikoak eta ekonomikoak gero eta sarriago errepresentazio instituzioetatik eta kontrol demokratikoetatik at hartzen diren heinean, botere-sare globaletako gune opakoetan.
Baina, behetik ez ezik goitik ere itoginak agertzen ditu ohiko alderdi politiko handiek osatutako euste-hormak, alderdiok ez baitira jada elite politikoen sorrera eta jarduerarako ezinbesteko plataforma. Europan nahiz AEBetan betiko establishment partidistatik kanpo sortutako outsider ugari ari da esparru politikoan sortzen, areago, esparru horretan arrakastaz jokatzen, «jendearen» izenean sistemaren kontrako erretorikaren bandera berenganatuta. Alderdi zaharren bazterretan edo ohiko alderdi sistematik kanpo sortutako indar politiko berrietan garatzen ari dira beren lidergoak, beren burua usteldutako sistematik at dagoela nabarmentzen eta herritar askoren atsekabearen uzta jasotzen. Aldi berean, ohiko alderdi handiak gain behera datoz, bereziki ezkerreko tradiziokoak. Ikusten ari gara XX. mendeko ongizate sistemen itzalean garaturiko sozialdemokrazia hilotz geratzen ari dela Europan eta, heriotza horrekin —suizidioarekin, esan beharko genuke?-, politikoki umezurtz utzi dituela sektore ezkertiar eta progresista asko.
Gure ingurune sozialean zabaldutako beldurraren eta egonezinaren kudeaketak etekin politiko handiak ematen ditu ziurgabetasunez jositako garaiotan. Indar eta buruzagi politiko berriek, bereziki eskuinekoek, emozio kolektiboen bideratze horretatik eskuratu dute azkenaldi honetan beren kapital politikorik garrantzitsuena. 2001eko Iraileko atentatu jihadistetatik aurrera ondotxo hauspotu dute munduko agintariek izuaren haizea ustez gatazketatik babestuta zegoen mundu garatuan zehar. Harrezkero, krisi ekonomikoek, lanpostuen galerak eta ondorengo bizi-mailaren jaitsierak artegatasuna hedatu dute lehenago erosotasunean bizi izan diren sektore askoren artean, eta diskurtso politiko baztertzaileen aldeko jarrerari bidea zabaldu diote. Hala, etorkinen etengabeko jarioa mehatxu bilakatu da behinola aberats izan zirenen auzuneen ertzetan. Europako bazter-zokoetan ez atzera ez aurrera dauden milaka gerra-errefuxiatuei buruzko errezelozko iritzi politikoak indartu dira. Eta emakumeek irabazitako espazioak eragindako ikarak armada patriarkalaren erasoak xaxatu ditu zuzentasun politikoaren ohiko itxura guztiak hautsi arte. Izan ere, horixe da eskuineko populismoaren estrategia politikoa: batzuen ziurtasunari eusteko, horien beldurra bazterralde sozialetara desplazatzea, era guztietako talde subalternoen baitara.
Aurrerantzean beldur horiei askatasunaren bidetik aurre egin nahi bazaie askotariko praktika kontrahegemonikoak jarri beharko dira martxan, eta egoerara egokitu, borroka politikorako esparrua eraberritzen ari den interregno honetan.
'Interregno'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu