Internet izango da ziurrenik espezie gisa eraikitzen ari garen gauzarik handiena. Sarea ekonomia global modernoaren nerbio sistema zentrala da. Izan ere, mezu, dokumentu, argazki eta streamingbidezko bideoen garraiolaria baita, eta finantza, garraio eta komunikazio azpiegituren sistemak elikatzen baititu. Datu horiek guztiak hodeiarekin konektatzen dira, eta minutuero ari gara mundu osoan horretan milioika pertsona, klik soil bat egiten, maiz horren ondorioak jakin gabe.
Horiek horrela, ez da harritzekoa energia kantitate izugarria behar izatea Interneterako azpiegiturak elikatzeko, hala nola: datu zentroak, komunikazio sareak eta azken erabiltzaileen gailuak. Elikatzeko, eta baita ekipo horiek guztiak fabrikatzeko. Gainera, urteen iraganarekin eta adimen artifizialaren etorrerarekin, azpiegiturak zaharkitzen ari dira, eta zabor teknologikoa areagotzeko arriskua gero eta handiagoa da, ekonomia zirkularrari heltzen ez bazaio tinkotasunez.
Bestetik, erabileraren ikuspegitik, zer gertatzen ari da Interneten eta sare sozialetan? Gezurrez eta liskargile birtualez betetzen ari dira, boterea era maltzurrean erabiltzeko lekua topatu dutenak, Tik Token, Facebook-en… milioika erabiltzaile norbanako dauden sareetan dena kakazten dabiltza; algoritmoen laguntzaz. Manipulazioaren eta jazarpenaren zoru birtuala sortu dute. Hori gutxi balitz bezala, deskonexioa gero eta zailagoa da, batez ere, zaurgarrien diren pertsonen kasuan.
Teknologiek duten alde ilunak beldurra ematen du eta ez dio ezjakintasunari inongo errespeturik (ezjakintasunaren balioa aldarrikatzen dut, erreala delako, eta gizatiarra). Internet gezurren sumendi bihurtu da eta labaren moduan hedatzen dituzte albiste faltsuak, trollak (profil faltsuak) sortzen dituzte difamatzeko, eta jende asko engainatzen dute. Ikusi da troll eta influencerren erabilera Danaren inguruan Valentzian, AEBetako hauteskundeetan… baita EHUko hauteskundeetan ere.
Neurriak hartu behar dira, bai norbanakoenak eta bai erakundeenak. Berez ez da egoera hobetuko, enpresei baldintzak jartzen ez bazaizkie eta populazioa hezten ez bada. Gaztetxoak, bereziki.
Internet berdea berreskuratzea
Hodeia izeneko hori datu teknologikoen lantegiak dira, hau da, jardunean dauden zerbitzariak edo biltegiak dira. Tenperatura baxuetan egon behar dute, eta horretarako, energia handia behar dute (energia kontsumoaren % 50 horretan joaten da). Hozteko behar den energia mendebaldeko hiri ertain baten tamainakoa da; gorantz doa, gainera, erabiltzaile kopurua ere gorantz doalako.
Adibidez, Google eta beste batzuek Ipar Europan kokatua dute datu lantegia; beste batzuek Nevadako basamortuan; Microsoftek itsas azpian, Eskozian, porlanezko kontainerretan ditu; Elon Muskek ilargian; Europako Batasunak Galileo sistemaren sateliteetan; Txinak, espazioan, ustez.
Energia berriztagarriak direla eta, Greenpeacek oso txosten interesgarria kaleratu zuen 2017. urtean (Clicking Clean: A Guide to Building the Green Internet). Txosten horretan 98 jarduera neurtu dira: 15 enpresa, 16 eduki zabaltzaile, 9 streaming bideo plataforma, 6 audio eta musika plataforma, 6 mezu plataforma, 8 bilaketa motor, 19 komunikabide sozial, 6 blog eta 13 merkataritza elektroniko. Horien gardentasuna, konpromisoa eta politikak, energia efizientzia eta murrizketa, berriztagarrien erosketa zein sustapena erabili dira adierazle gisa.
Teknologia enpresak energia berriztagarriekin serio hasi ziren. Tamalez, ez da azterketa gehiago izan, eta jarraitzea komeniko litzateke. Ekonomia berde eta zirkularrean baitago irtenbidea, egotekotan.
Beste neurketa batzuek erabilera aztertzen dute, adibidez, Instagrametik argazki bat bidaltzeak 4 bonbilla 24 orduz pizteak adinako kontsumoa du; Ethereum-en (kripto artea) transakzio bat 4 eguneko etxe estatubatuar baten batez besteko kontsumoaren baliokidea da; Bitcoinak gero eta gehiago kutsatzen du CO2 isurketen bidez… Beste zenbait kasutan hobekuntzak lortu dira (streaming filmetan, ordenagailu kuantikoetan, eskuko telefonoetan…).
Horiek ikusita, oso irtenbide oinarrizkoa datorkit une honetan burura, ezkutu moduko bat sortzea pantailatan. Alegia, gailua erabiltzen ari garenean eta sare sozialetan murgiltzen garenean, mezu hezitzaileak iritsi beharko litzaizkiguke (bideo labur formatuan, adibidez), azalduz: zenbat energia erabiltzen ari garen, informazio fidagarria nola bereizi, deskonektatzeko gomendioak… Mezu horiek, era berean, konpainia teknologikoen jarduna, batetik, eta maltzurkeriaren jarduna, bestetik, erregulatzeko balio beharko lukete.
Internet adiskidetsua eta komunitatetik eraikia
Sakonean gobernantzaren gaia dago. Sortzen ari garen esfera horretan ez dago demokrazia araurik, ezta botere bereizketarik ere. Ez dago herririk, norbanakoak daude bertan saretuta; eta demokrazia, berez, herriaren boterea da. Une honetan algoritmoen jabe zein den, horrek du boterea.
Oro har, gure bizimodu errealean gai gara kode etikoez baliatzeko, harreman krudelei aurre egiteko, komunitatea eraikitzeko, liskargileak baztertzeko, errespetuari leku egiteko, natura zaintzeko… Jendarte demokratikoak, inperfektuak, baina bizigarriak eraikitzeko.
Euskara aukera da. Gertutasuna eta fidagarritasuna eskaintzen baititu komunitate txiki eta hurbileko batek. Horrekin batera, arau etikoak eta hezigarriak garatu eta aplikatzeko bide ematen du. Bertako eta euskarazko hedabideak informazio iturri fidagarriak dira. Gainera, komunitatea inplikatzeko eta norbanakoak eta erakundeak elkarlanean aritzeko zumitzak daude.
Nola ezkondu erritmoak, ordea. Teknologiak dena azkartu du, azkar ikasi behar dugu, eta era berean, bizi erritmoa lasaitu. Alabaina, teknologiak abiaduraren eta berehalakotasunaren mehatxuak ekarri dizkigu. Atsedena, deskonexioa eta lasaitasuna behar fisiko eta espiritualak dira. Pazientziak eta lasaitasunak uzten digute edertasunera hurbiltzen eta gauzak isilik hazi eta heldu daitezen uzten.