Interes nazional partikularren Europako Batasuna

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
EB gai izan da interes nazional partikularren agregazio topagunea izateko. Arazoa da zailtasunak daudela interes komun konpartitu bat eraikitzeko; ulergarriak, herrialdeen arteko ezberdintasun sozioekonomikoengatik edo aniztasun nazional, kultural eta linguistikoengatik. Interes nazionalen elkarketak funtzionatu du kontraesan eta gatazka handirik egon ez den bitartean. Baina 2008ko krisi ekonomikoak edo COVID-19arenak erakutsi dute interes partikularrek ez dutela lekurik uzten interes komuna eraikitzeko. Ondorio gisa, azken asteetan auzolotsaz ikusi dugu EBk izan duen koordinazio eza eta berekoikeria jaialdia.

Italian COVID-19aren krisiak gogor jo zuen unean, Maurizio Massari Italiak Europako Batasunaren aurrean duen ordezkari iraunkorrak artikulu batean azaldu zuen «Txinak bakarrik» erantzun ziola Italiako gobernuak eginiko ekipo medikoen eskaerari; kexuz zioen EBeko herrialde bakar batek ere ez ziola lagundu. Hurrengo egunean, Alemaniak eta Frantziak material medikoa esportatzea debekatu zuten.

Martxoaren 5ean, Parisek konfiskatu zituen enpresa suediar batek Italian eta Espainian banatu behar zituen Txinan egindako lau milioi maskara. Presio diplomatikoen ondoren, Frantziak bi milioi hartzea erabaki zuen eta milioi bana eman zien Italiari eta Espainiari.

Txekiar Errepublikak trafikatzaileei ehunka mila maskara atzeman zizkiela esan eta Italiako prentsak salatu zuen Txinako gurutze gorriaren Italiarako donazio bat zela; kutxetan gurutze gorriaren ikurra, Txinako eta Italiako banderak eta italierazko elkartasun hitz batzuk zeuden. Azkenean Txekiar Errepublikak gaizki-ulertu bat izan zela esan zuen. Berekoikeriaren erdian, Lombardiak Txina, Kuba eta Venezuelari laguntza eskatu zien.

Alemaniak, giroa leuntze aldera, EB osoak material medikoaren esportazioa debekatu beharko lukeela esan, eta horrela egin zen martxoaren 15ean; horren truke, Berlinek eta Parisek EBko herrialdeetarako esportazioen debekua bertan behera utzi zuten. Horrek atsekabea sortu zuen EBn sartzeko hautagai diren herrialdeen artean; Aleksandar Vu?i? Serbiako presidenteak publikoki kritikatu zuen erabakia: «[...)] Europako elkartasuna ez da existitzen [...] ipuin hutsa da. Laguntzen diguten bakarrak Txinako Errepublikako gure lagunak dira».

Birusa Europa osoan barreiatzen zen bitartean, Txinak laguntza handitu eta Europa osora zabaldu zuen; Italian Errusiako ejertzitoa eta Kubako sendagileak COVID-19aren kontra borrokan ikusi genituen. Josep Borrellek, EBko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak,haserre idatzi zuen: «Kontziente izan behar dugu badagoela osagai geopolitiko bat, Eskuzabaltasunaren politikaren bidez eragina izateko borroka bat barneratzen duena».

Azkenean, europar laguntza iristen hasi zen. Alemaniak Italiara haizagailu mekaniko batzuk bidali zituen, eta Frantziako eta Italiako gaixo batzuk onartu zituen bere ospitaleetan. Kasu gehiago daude, nahiz eta batzuk ez izan gogoangarrienak. Belgikak 100.000 maskara akastun jaso zituen Kolonbiatik eta handik egun gutxira Kantabriako herri batek donazio gisa 100.000 maskara jaso zituen Belgikatik.

Inpresio nagusia da elkartasun eta laguntza keinu hauek beranduegi iritsi direla eta badutela itxurakeria parte bat Txinatik eta Errusiatik heldu den laguntzaren ondoriozko erreakzio modura. Horregatik, EBren etorkizuna eurobonuen eztabaidarekin ari da jolasten. Osasun krisi hau, 2010ean bezala, zor publikoaren krisi bihur ez dadin mekanismorik ez da adostu. Besteak beste, Alemaniak, Herbehereek, Finlandiak eta Austriak ez dutelako COVID-19ak sortuko duen zorra mutualizatu nahi.

2010 eta 2012 artean zor publikoaren merkatuetan sorturiko turbulentziek Europako herrialde periferikoen arrisku sariak handitu zituzten era dramatikoan. Europako Banku Zentralak gobernuek belauniko austeritate politikak bere egin zituztenean esku hartu zuen euroaren defentsan. Neurria iragartze hutsak herrialde periferikoen arrisku sariak erlaxatu eta zorra jaulkitze kostua txikitu zuen; aldez aurretik egin izan balitz, diru eta sufrimendu asko aurreztuko ziren.

Orain egoera antzekoa da. EB solidario, integratuago eta indartsuago bat eraikitzeko beharrezkoa den eurobonuen neurria ez da hartu mesede gehien egingo liokeen unean. Trukean, europar herrialdeek baldintza onetan zorpetu ahalko dute osasun gastuetarako, ez ordea krisi ekonomikoari aurre egiteko. Azken horri aurre egiteko herrialde bakoitza bere arrisku sariaren arabera zorpetuko da. Erabaki horrek zor krisi handi bat sor dezake hegoaldeko herrialdeetan, Frantzia barne. EBren erantzuna murrizketa politikak inposatzea bada, herrialde batzuek, Italiak kasurako, kontsideratu dezakete EBtik kanpo egoteak abantaila gehiago dituela desabantailak baino. Kinka horretan, litekeena da EBk eurobonuak onartu behar izatea klubetik irteera berriak saihesteko. Neurria, beste behin, berandu iritsiko litzateke konfiantzatik interes eta babes komuna sortzeko. Hain zuzen ere, Greziara berandu iritsi den bezala orain EBk ahalbidetzea herrialde guztiei zorpetzea adosturiko muga guztien gainetik. Alemaniak malgutasuna behar duenean, hori hobetsi behar da; bestela, zurruntasuna aplikatzen da Berlinen mesedetan.

EB ez da bere buruaz esaten duena, ezta bere buruaz pentsatzen duena ere, baizik eta egiten duena. Ahalegin bateratua eta elkartasun balioak hitz hutsak dira beharrezkoak ez diren garaietan eskatzen direnean; haizeak alde jotzen ez duenean, krisia dagoenean, esaten den hori egitea da garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.