Instituziogintza eraldatuz

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Iragan irailean, Iratzar fundazioak, UEUko ikastaroen baitan, Euskal Herria Dekoloniala mintegia antolatu zuen. Mintegian zehar asko hitz egin genuen modernitatearen eskema binario eta murriztaileaz, bai eta pentsamenduaz eta hau ordenatzen duten instituzio berrien beharraz. Udan geunden eta konfinamendu egoera oso presente genuen. COVID-19aren izurrite globalaren mezua garbi jaso genuen. 2006tik bizi genuen ziurgabetasun aroa areagotzen ari zen, eta agerian geratzen ari zenzeinen handiak diren instituzioen, komunitatearen eta bizitzaren arteko desloturak.

Herritarrok gure espazioa eta denbora josten duten dinamika eta prozesuen inguruko zalantzak adierazi ditugu, eta publiko eta komunitarioa bermatuko lukeen instituziogintzaz mintzatzen hasi gara. Baina, zer da instituziogintza berri hori? Zer da dinamika eta prozesu instituzional eraldatzailea? Nondik hasi gai honi heltzen?

Erronka honetaz jabeturik, Iratzar fundazioak, Transform Europe sareak eskaintzen duen hausnarketa esparruaz baliatuz, hausnarketa hau partekatzeari ekin zion, eta hiru galderaren bidez, gai honi buruzko gogoeta planteatu zuen:

—Pentsatu ahal dugu instituzionalizazio berri batean? Hau da, burujabetzaren ohiko hiru organoekin batera eta ohiko ordezkapen formuletatik harago, herritarrei Estatuaren politiken gaineko kontrol demokratikoa bermatuko liekeen instituzionalizazio batean pentsa dezakegu?

—Gure praktika politiko instituzionalaren bidez, eta eskala ezberdinen artean(lokala-estatala-supraestatala), artikulazio berri bat sor dezakegu?

—Une berezi honetan, ez al da erresilientzia komunitarioa kontzeptu giltzarria erronka garrantzitsuei aurre egiteko eta bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko?

Gaiari heltzeko lehen hurbilpen honetatik sortutako hausnarketa zabaltzeko asmoz datoz apirilaren 22ko arratsaldean eta 23an egun osoan Iratzar aretoan antolatuko ditugun jardunaldiak.

Hiru panel nagusitan banatu ditugu eztabaida eta gogoeta: lehen panelean hainbat lanabes definitzen saiatuko gara, gaiaz erpin ezberdinetatik hausnartzen lagunduko digutenak. Jon Azkunek, EHUko zientzia politikoko irakasleak, Poulantzasen pentsamendutik abiatuz, estatuaren irakurketa erlazional bat aurkeztuko du; jarraian, mundu (des)ordenaz mintzatuko da, Ane Irazabal, nazioarteko berriemailea; lehen panelarekin bukatzeko, Txex Etxeberrik estatuaren, komunitatearen eta ekonomiaren arteko harremanari buruzko azalpen bat eskainiko digu.

Ondoren, Andoni Olariaga Saskia Sassenekin solastatuko da, globalizazioan kapitalaren, lurraldetasunaren eta herritarren artean josi diren mihazketa berriaz.

Bigarren panelean praktikatik arituko gara eta, gaur egungo instituzio amaraunetik abiatuta, boterea okupatzeaz jardungo dugu. Irudika dezakegu bestelako botererik? Zeintzuk izango dira herritarron eta instituzioen arteko dinamikak eta prozesuak? Eoin Ó Broin, Ulrik Kohl, Nerea Kortajarena, Karlos Renedo, Pello Otxandiano... Dublin, Kopenhage eta Euskal Herriko aditu eta arituekin hausnartuko dugu. Funtsean, instituzioen, komunitatearen eta praktika eraldatzaileen arteko intersekzionalitatea eta uztartzea aztertuko ditugu.

Hirugarren panelean, ehun sozialaren, espazioa eta ekonomiaren arteko dinamika eta prozesuaz arituko gara. Horretarako, Larraitz Ugarte, Andoni Egia eta Xabi Seniosian izango ditugu gogoeta gidari.

Ezkerrak eta indar eraldatzaileek instituzionalizazio ezberdina irudikatu behar dugu, dugun marko mugatzailea gaindituz pertsonen eta herrien bizitza erdigunean jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.