Berriz ere, munduko Estaturik «aurreratuenen» multzoa, hots Mendebaldea, petrolio eta lehengai gose, herri txiki baten aurka tematu zaigu: kasu honetan Libiako Jamahirijaren aurka. Mendebaldeko harrokeriak herri baten aurka abiatu eta airetik bonbardaketak egiten jardungo du, hori bai baja propiorik gabe. Puntako teknologia herri arabiar baten aurka. «Beharrezko interbentzio humanitarioa» omen.
Aitzakia betikoa izan da, «demokrazia» eta «giza eskubideak». Aspaldi honetan ari gara kontzeptu horiek aitzakiatzat hartuta edozein interbentziotara edota kanpotik finantzatutako Estatu-kolpeetara ohitzen. Orain Libiari tokatu zaio. Halere gidoia berdin-berdina da; kolonizatu beharreko Estatuan istilu batzuk xaxatzea edota baliatzea, bertako agintariak edota Estatua kriminalizatzea —kontzientziak gudarako prestatzea—, eta. horrela, aitzakia noble bat bilatu izan denean eta esku-sartzea «ezinbestekoa» eta hori baino gehiago «desiragarria» suertatzen zaigunean kolpatzea. Michel Collon eta Jean Bricmont ikerlari belgikarrek deskribatutako «inperialismo humanitarioa» dugu berriz ere; hau da, kolonizatuen onerako omen den kolonizazioa, kontzientziak lasai uzten dituen inperialismoa, alegia.
Taktika horrek funtziona dezan ezinbestekoa da gatazkari buruzko irudi desitxuratu bat ematea, eta horretan jardun izan dute. Alde batetik «ero» dagoen diktadore bat aurkeztu digute, «herria bonbardatu izan duena». Bestetik «herri osoa», «era baketsuan bere iraultza egin nahi izan duena». Tunisia eta Egipton gertatutako iraultzen zaku berean sartu dute matxinada hau, Libian gertatutako istiluak haiek bezalako iraultza baten antzekoa izango balira bezala. Halere, hainbat datu okertu edo ezkutatu egin dizkigute. Lehenik, oposizioa Gaddafiren aurreko monarkia pro-inperialistaren banderarekin ateratzea ez da oso arrunta «iraultzaile» batzuengan. Oposizioko kideak «demokrata jator» gisa aurkezten dizkigute, baina inork ez digu azaldu nortzuk diren, ezta nondik atera diren. Baina barneko oposizioak «Gaddafi kentzea» ez den beste ezer ez du esan —beno bai, inperialistei esku-sartzeko eskatu diete—.
Bigarrenik, «manifestazio jendetsu» horien edota oposizioak hiriak hartu zitueneko borroken irudirik ez izatea dugu. Egipton eta Tunisian irudi horiek egon dira, gaur egungo teknologiarekin edonondik atera daitezke. Zergatik ez Libian? Agian «herri osoa Gaddafiren aurka» irudiarekin bat ez datozelako. Edo agian oposizioaren militarizazio maila handia, «baketsu» irudiarekin bat ez dagoena, azalduko zigutelako. Arma asko izan du oposizioak hasieratik, eta horrekin jardun du. Nondik aterako zituzten armak?
Hirugarrenik, inbasiorako aitzakia nagusiaz, «diktadoreak populazio zibila bonbardatu zenekoaz». Bitxia irudirik agertu ez izana bitxia da. Latin Amerikako Telesur telebistako korrespontsalak esan du jada «Tripolin ez dela inolako bonbardaketarik egon, hemen manifestaldi denak Gobernuaren aldekoak baitira» (Ez al zegoen «herri osoa Gaddafiren aurka»? Tripolin Libiaren populazioaren %60 bizi da). CNNko korrespontsalak azkenean ere hori onartu behar izan du. Horrek ez du esan nahi gobernuak beste gune batzuetan bortxarik erabili ez duenik, baina populazio zibilaren aurka modu indiskriminatuan aritu izana oso zalantzagarria da; izan ere, guda zibil egoera batean aurkitu izan da Libia —galdetzekoa da nola erantzungo luketen Mendebaldeko Estatu «demokratikoek» baldin eta euren lurraldearen zati bat matxino armatu batzuen esku geratuko balitz. Momentuz Libiako «bonbaketa indiskriminatu» bakarrak eurek egin dituztela kontuan hartuta, zer edo zer atzeman dezakegu—.
Laugarrenik, inbasioa ez zen inondik inora krisi hau konpontzeko bide bakarra. Bazeuden beste bide batzuk; adibidez, Latin Amerikar agintari batzuek —Castrok eta Chavezek— proposatutakoa, Libiara bake-misioak bidaltzearena. Gogorarazi behar da Libiako Gobernuak behin baino gehiagotan esan zuela elkarrizketarako prest zegoela. Azkenik, nola daiteke «hegaldirik gabeko gunea» ezartzea helburu duen eraso batek lehendakariaren etxea bonbardatu izana? Hortik hegazkinak ateratzen al dira, ala?
Europan, Mendebaldean bizi garen ezkertiarrok «gure» Estatuek aurrera eramaten ari diren kolonizazio hau deitoratzea naturala izango litzateke. Hala ere, momentuz ez da aipatzeko mobilizaziorik gertatu. Zein da arrazoia? Gaddafi? Egongo da eraso inperialista hauekin ados egon ez arren, honen aurrean libiar agintariaren izaera eta gorabeherak aipatuko dituztenak, edota «gaddafizale» etiketak beldurtu edota atzera botako dituzten ezkertiarrak, horrela «ez batzuek ez besteak», «ez inbasioaren ez Gaddafiren alde» jarriko direnak. Beste batzuek Gaddafik bere aspaldiko ideiak aparte utzi dituelakoan edo «babesik merezi ez duela» esango dute —«gorritasunaren testa» aplikatuko dutenak—.
Gaddafiren dinbili-danbala ideologikoak aski ezagunak dira, eta ez gara orain Gaddafik agintean daraman denboran egindakoak justifikatzen hasiko —halere, kontuan izan behar dugu Libia Afrika osoko Giza Garapen Indizerik altuena duen herria dela—. Hala ere, Gaddafi alde batera, gauza bat kontuan izan behar dugu: Libian aspaldi da borroka nagusia ez dela barne borroka bat, jada ez da Gaddafi dela edo ez dela, baizik eta herri batek inperialisten aurrean bere subiranotasuna mantentzea edota kolonizazioa. Interbentzioa emana izan dela kontuan hartuta, Gaddafiren edo beste edonoren gaineko eztabaidak bigarren maila batera iragaten beharko ziratekeen. Jokoan dagoena Libiaren independentzia da. Bigarren mailako eztabaidak—Gaddafiren zuri-beltzak— lehen mailara ekartzea, antiinperialiston arteko kontraesanak elikatzea izango litzateke, inperialisten eta euren komunikabideen logikan eta eskeman erortzea izango litzateke; lehen mailako garrantzia duena (erasoa) estalirik geratuko litzatekeelako, euren jomugaren(Libia) kontraesanak oholtzara ekarriz. Une honetan inperialismoari aurre egitea da beharrezkoa.
Ez gaitezen tronpatu, ez gaitzatela tronpatu! Inbasio hau, besteak bezalako inbasio bat da. Inperialismoak etsai nagusia, betiko etsaia izaten jarraitzen du, beraz honen aurrean ez dago Libiar Estatuari «gorritasun» edo «garbitasun» frogak egiten jarduterik. Euskaldunok, 1986ko martxoan egin bezala, esan diezaiegun argi eta garbi: Utikan Libiatik!! Inperialismoa kanpora, NATO-EB kanpora!!
Inperialismorik ez, utikan Libiatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu