Aspaldion administrazioko langileok inguruan dantzan daukagu dekretu proiektu berria; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena. Gizarte guztia dago administrazioan ezarriko diren Hizkuntz Eskakizunei begira, lanpostuak eskatzen dituen funtzioei erantzuteko hizkuntza gaitasunari begira, ikara begietan, dardara gorputzean. Eta iruditzen zait fokua guztiz desbideratua dugula, eta fokua hona ekarri gaituzten arrazoietan jarri behar dugula, sorburuan; arrazoi horiek aztertu eta onartu barik noraezean ibiliko gara-eta, deslai. Hona, beraz, fokuaren sorburua.
Azken ikerketen arabera (The Ethnologue), munduan 7.151 hizkuntza daude (hizkuntza berbera darabilen taldea nazio izenaz definitzen dugu), horien erdiak-edo iraungi egingo dira XXI. mendea amaitu orduko. Gaur egun, baina, 193 nazio-estatu baino ez daude, eta badirudi, praktikan,aldez aurretik definitu dugun nazio-estatu bat hizkuntza bakar bat erabiltzeko sortu dela. Garbi dago nazio- estatu bakoitzean, oro har, hizkuntza bat baino gehiago dagoela; baina esperientziak diosku estatu baten zentralizatutako politikek (inperio zaharretan zein estatu modernoetan) lurralde bateko hizkuntzen gainbehera dakartela.
Hizkuntzen egoerari erreparatuta munduko biztanleen %96k munduko hizkuntzen %4 erabiltzen du, eta munduko biztanleen %4k munduko hizkuntzen %96 darabil. Hizkuntza bakan batzuk (ingelesa, espainola, frantsesa, errusiera, txinera, arabiera...) gainerakoen gainetik jarri dira historian, konkistaren eta kolonialismoaren bidez. Kolonizatze horietan oso teknika antzerakoak erabili izan dituzte gainerako hizkuntzak murrizteko eta gutxiesteko: hiztunen umiliazioa, zigorra norberaren hizkuntza erabiltzeagatik, norberaren hizkuntza erabiltzeko debekua... Hizkuntzetako asko hiztunen genozidioaren bitartez desagertu dira, horren hainbat adibide daude Amerikan eta Ozeanian; azkena abuztuaren 29an Amazonian hilda agertu zen Tanaru indioaren eta haren leinuaren kasua.
Euskarak ere pairatu behar izan ditu umiliazioa, gutxiestea, jazarpena eta debekua. Beraz, kolonizazio prozesu horiek giza eskubide oinarrizkoenak ukatu dituzten totalitarismoak izan dira, eta inperialismo linguistikoaren eredu argiak.
Egoera hori gutxi aldatu da munduko hizkuntza gehienentzat. Gurean, ordea, bestelako egoera dugu gaur egun, eta, totalitarismo egoeratik behin irtenda, umiliazioa, errepresioa eta debekua gaindituta, edozein hizkuntzaren kasuan (Europatik irten gabe, euskara, galesa, samia...) justizia eta erreparazioa ezinbestekoak dira; alegia, neurri zuzentzaileak hartzea, hizkuntza nagusiarekiko dagoen desoreka berdintze aldera. Neurri zuzentzaileak, baina, ezin litezke oinarritu gurekin, hizkuntza murriztuekin, egin duten basakeria kopiatzean; errespetua eta berdintasuna hartu behar ditugu beti oinarri.
Hortik abiatuta, jazarpena, umiliazioa eta debekua jasan duten hizkuntzen egoera hobetzeko, zentzuzkoa eta arrazoizkoa iruditzen zait, administrazio publikoan (denok ordaintzen dugun hori) hizkuntza bien arteko erabateko berdintasuna: %100. Hau da, administrazio publikoak euskaraz funtzionatu beharko luke, espainolez egiten duen era berberean, eta maila berberean, ahoz eta idatziz. Horretarako, administrazio publikoan ari diren langile guztiek erabateko gaitasuna izan behar dute eguneroko jardunerako, eta betetzen duten lanpostuak eskatzen dituen zereginak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko %100ean, ahoz eta idatziz.
Kontuan izanik euskarak berezko duen lurraldea hiru administraziotan dagoela zatituta: Frantziako estatuaren pean dagoen eremua, Nafarroako Foru Komunitatean dagoena eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Kontuan izanik horietako batean baino (EAE) ez gaudela euskararen normalizazio prozesua ganoraz bideratzeko moduan; mendeetako umiliazioaren, jazarpenaren eta debekuaren ostean, gutxieneko neurri zuzentzailea da hiru zati horietako batean administrazioak gaztelaniaz bezala euskaraz ere %100 funtzionatzea. Hala ere, berdintasun egoera administrazio publikoan ezartzeak ez dakar berdintasun linguistikorik gizartearen gainerako arloetan, baina gutxieneko duintasuna ematen dio orekatze prozesuari; eta negoziazio mahai batean jarri behar den gutxienekoa duintasuna da.
Hortik beherako politikek —munduko hizkuntzen egoerari erreparatuta— aurrerakoitik ez dute ezer, politika atzerakoi-atzerakoiak dira, berdintasunetik eta demokraziatik aldendu egiten direnak, eta beste sasoi bateko totalitarismoen zipriztinez blai daudenak; alegia, hizkuntza baztertuei egiten zaien iraina zuzentzeko ausardiarik bakoak.
Inperialismo linguistikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu