Inperialismo demokratikoa?

2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Nik ere adi segitu ditut azken asteotan Kataluniatik iritsi zaizkigun gertakarien berriak. Askatasunaren maitale naizen aldetik, hunkitu ere egin naiz emantzipazioaren aldeko bere borrokan herri katalanak eskaini dizkigun hainbat une gogoangarritan, erraz eragiten duelako dardara bihotzean munduari duintasuna erakutsi nahi dion herri baten borondateak, eta, tarteka, zinezkoa iruditu zaidalako herri katalanak independentzia berreskuratzearen helburuan ukan duen irmotasuna.

Zoritxarrez, baina, herriek askatasunaren alde duten berezko borondatea ez da garaipenerako tresna aski eraginkor. Berebiziko garrantzia du, noski, oraindik bizirik dagoela sentitzeko herriari aditu behar diogun bihotz-taupada delako, eta zapalkuntzaren azpian herri bat identifikatzeko behar dugun seinalea ematen digulako. Kataluniari egiazko herri-izaera ematen dion erresistentzia nazionalaren mugimendua da horren bitartez azaleratzen dena, eta, horregatik, populua bizirik dela frogatzen duen datu soziologiko funtsezkoa eskaintzen digu. Herriaren autodeterminazio-plebiszitu etengabe eta erabatekoa da, baina, hala ere, ez dauka dominazioa gainetik kentzeko nahikoa ahalmen.

Menderatzailearen aurka libratu beharreko borrokari indartsu ekiteko, ideologia propio eta sendoarena da herri menderatuak benetan eskura behar duen lehen arma, ideologiarena delako, hain zuzen, inperialistei irabazi beharreko gatazka funtsezkoa. Ideologia baldin bada gizarte baten jokabidea determinatzen duen ideia-multzoa, hil ala biziko afera da emantzipatu nahi duen herri batentzat bere interesen arabera atontzea jendearen ekintzaren norabidearen ardatz izanen den ideia-multzoa. Ideologia helduleku ezinbestekoa zaio politikan serio ibili nahi duenari, beharko dituen tresna askoren bilduma duelako bere baitan. Ideologia errealitatea ulertu eta interpretatzeko behar den mundu-ikuskera propioa da. Arazoaren aurrean egoki kokatzeko behar dugun mapa. Abiapuntua eta helmuga lotzeko iparrorratza. Gaitzaren diagnostiko zuzena ematen duen analisia. Kontzeptuak egoki erabiltzeko hiztegia. Erasoen aurreko ezkutu eta babeslekua, edota eztabaidak irabazteko arrazoibidea. Ezinbestekoa, beraz.

Kataluniaren eskutik, berriz ere frogatu ahal izan dugu ezin zaiola inperialismo espainolari ideologiaren eremuko hutsuneekin aurre egin. Edo gauza bera dena: ez dela menderakuntza gainditzen ahal, zure jardunaren ardatz gisa ezarriz menderatzailearen komenentziara sortutako sistema ideologiko-politiko-juridikoa, bere terminologia erabiliz, edo bere moralaren muga onartuz. Menderatzaileak manipulatu eta faltsifikatu egiten ditu kontzeptuak, bere mende eroritako herrien kontra denak duelako balio, eta nagusi izaten segituko badu, menderatuok nahasmenean ibil gaitezen oso komeni zaiolako.

Horregatik, herri baten lurraldeak okupatzen dituen erregimen batentzat, herri horren zilegitasuna lortzea bilakatzen da lehen helburu, eta, horretarako, bertan ezarritako instituzioak demokratiko bezala aurkeztearen tramitea egin behar izaten du, bere esentzia den biolentzia ongi kamuflatu behar duela badakielako. Demokraziarena, munduaren aurrean errespetagarri agertzeko inperialismoak behar duen labela da, bere helburuen zerbitzura sortua duen ideologia trukatuaren baitan baino zentzurik ez duena. Geuregandik ere halako izaeraren aitortza egitea, ordea, noraez ideologikoaren sintoma tragikoa da. Ondorio dramatikoak dakartzan hondamendi estrategikoaren oinarria, ikusten ari garen bezala.

Erregimen espainolarentzat paradisua da bere zapalkuntza gure begietara jada ikusezin bilakatu izana, amets gozoenetan ere ez baitzuen irudikatuko horrelako erraztasunarekin burutu ahal izanen zuela trantsizioa, hain gozo irentsiko genuela okupaziopeko gure errealitatea. Normaltzat jotzen dugu karriketan espainola eta frantsesa entzutea (euskarari ere lekua egiten zaion bitartean), adibidez, edo polizia atzerritarrak pasieran ikusi ahal izatea (gehiegi ez badira bederen), edo, espainolek eta frantsesek osatutakoa izatea harrigarriki hemengo aniztasuna. Hain iruditzen zaigu naturala gure egoera, non iritsi garen pentsatzera askatasuna bozkatan erabaki beharrekoa dela—gatibu segitzearen aukera ere aintzat hartuz, erran gabe doa—, edo estatu arrotzek gure lurraldeetan antolatzen dituzten hauteskundeak demokraziaren froga direla —antolatu ahal izatea bera okupazio-erregimen baten froga nahikoa ez balitz bezala—.

Katalunian —Euskal Herrian bezala— ez dago demokraziarik. Baina ez 155. artikulua aplikatu zaiolako, edo justizia egoki administratu ez duten epaitegietako erabakiak gehiegizkoak izan direlako, baizik eta —guri bezala—beren lurraldean libre bizitzeko herri katalanak zuen autodeterminazio-eskubide oinarrizkoa urratu egin ziolako Espainiak aspaldi, estatua okupaturik eta herriari zegokion boterea bahiturik.

Katalanek—guk bezala— ez dute Estatua ex novo sortu behar, artifizialki, Espainiatik separatuta. Katalanek —guk bezala— munduari erakutsi behar diote badutela historikoki sortutako Estatu propio bat, okupatua izanagatik indarrekotasuna galdu ez duena, erresistentzia nazionalak hala aitortzen duelako, eta bere jokabidearen bitartez hala dela erakusten duelako. Herri menderatu bat askatasunera eramateko ardura hartu duen klase politikoaren egitekoa da printzipio horien araberako ideologia anti-inperialista bat abian jartzea, eta erresistentzia mugimendua norabide egokian bideratzea. Hori egiteko borondatea eta ahalmena duten politikoak hautatzea edota sortzearena, herriaren egin beharra.

Nire herriarentzat bezala Kataluniarentzat ere onena nahi dudalako, maitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.