Inora bidean?

Maria Lopez
2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bizia du pausoa. Ez presa duelako, bizigura duelako baizik. Laburra urratsa. Tamaina txikia du, emakume txit handia da, ordea, zinez diotsuet. Ez dut esango haren oinkadari segitzea kosta egiten zaidanik, gezurra baita. Inoiz ez zait nekeza egin gustuko dudana jarraitzea, ezta gaur ere. Maldan gora haren atzetik gogotsu noan arren, arnasestuan noala ez dut ukatuko. 60 urte eta metro eta erdi eskas dituen arren, ohitua dago egunero harat eta honat ibiltzen. Hori esango dut nire mesedetan. Nire engainurako beharbada. Arin-arin doa. Dezenteko tartea atera dit. Hatsa falta zaidala entzungo du, ostera, ziurrenik. Ezin ezkutatuko dut.

Goizean elkartu orduko, aldatsean gora abiatu gara, zeregin anitz dugu aurretik. Guatemalako erliebearen hain bereizgarri den muino bat igotzeari ekin diogu. Errepidea atzean utzi, eta kamino lokaztuko lurra harrotu dugu. Zalu, galtzeko denborarik ez baita. Sigi-saga, bihurgunetsu marrazturik dago bidea mendixkan, zuzena da gure helburua, baina. Bada 4x4 autoan albotik igarotzen den inor, inguruko landaren batean uzta biltzera doana.

Oinez egiten du Clarak egunero bere txangoa. Berdina beti ez, noski. Gaur bi haurdun bisitatzeko asmoa du. Atzo beste haurdun bat eta ama izan berri diren bi emakume ikusi zituen. Herenegun erditze baten arreta egin zuen gauerdian. Biharko lana zein izango den batek daki...

Ametsetan dugu jatorria, behinola batek esan zuen moduan, ametsak eta gu materia berdinez osatuak gaude. Eta Clarak ere hala diost. Ametsen mundutik datorrela, ametsetan ikusi zuela emagina izatea zela haren bizitzako xedea, alegia. Hainbat hilabete igaro zituen lore-sorta urdin batekin amesten, horrek zer esan nahi zuen entenditzera iritsi aurretik. Laguntza ere behar izan zuen amets bitxi haren esanahia ulertzeko. Herrixkako jakintsuak klaru esan zion: lore-sorta urdina, ur urdina, ur bizia, munduratu bizia... emagina izango zara, bada! Halere, emaginarena ez omen da ohiko ofizioa, inondik ere! Misio bat da. Guatemalako emaginen esanetan: bi izakiren biziaren aldeko egitea da, amaren eta jaioberriaren laguntzaile. Ikasketa prozesu artatsua du, hori dela eta, emagina tradizionalek arbasoengandik ikasten dute. Eta Clarak, emakume argia berau, trebetasuna berehala eskuratu zuen, baita lanari ekin.

Emaginek haurra mundura ekartzen laguntzen dute. Sarri pediatra ere badira. Eskualdeko osasunaren arduradun dira hein handi batean, haurdunaldian zehar emakumeari babesa eta arreta emateaz gain, familia-plangintzarako aholkuak ematen baitituzte, besteak beste. Baita infekzioak eta edonolako minak zein gaitzak tratatu ere. Hirigunetik urrun bizi diren emakume maiak dira, batik bat, haurdunaldian zehar emaginen euskarria bilatzen dutenak. Mendatea, errepide luzea, hiriko erdigunera ailegatzeko auto-ilara amaigabea, ospitalean medikuaren arreta jaso aurretiko itxaronaldi luzea... Ospitalera joatea baino, emaginaren gertuko bisita nahiago dutela ez da entenditzeko zaila.

Osasun sistema publikoak emagin tradizionalak bere baitan integratu nahi ditu. Hala dio, bederen. Esan, integratu nahi dituela dio; ekintzez irensteko asmoa duela adierazten duen arren. Zenbait ospitaletan sartu dira. Ez, ordea, partaide gisa; erditze aretoaren garbiketarako laguntzaile moduan baizik. Clarak goxotasuna eta irribarrea ahotik galdu gabe aitortzen du osasun sistema ofizialaren aldetik irainak eta mespretxua jasan dituela. Halere, egun, aurrerapauso txikiak ematen ari dira; hala dirudi bederen. Osasuna bakarra da, eta hori lortzeko metodo tradizionala zein instituzionala batzeak kaltea baino gehiago, onura ekar diezaioke osasun sistemari.

Clararen eskualdean bertoko emaginak eta medikuak hainbatetan elkartzen dira ospitalean prozedura ezberdinen inguruko informazio eguneratua partekatzeko. Antza, Ministerioa ohartu da emaginek egiten dioten mesede itzelaz. Guatemalako zirrikitu ahantzienean dauden emakumeen erditzeen arreta egiten baitute horiek. Oso garrantzitsua da, beraz, emaginak erditze orok izan ditzakeen konplikazioak aurreikusi eta ospitaleetara bideratzea. Baita erditzearen unean ematen diren arazoei aurre egiteko gai izatea. Horretarako ezinbestekoa da emaginen eta ospitaleen arteko erlazio integratzailea. Ez ditzala euren arbasoen ohiturak alboratu, inondik ere! Solasean aldapan gora gatozela hausnarketara gonbidatu nau emaginak. Aitortzen dut ez nuela euren errealitatearen berri. Hatsa falta dut. Atsekaberik ez dut.

22 urte dituen eta sei hilabeteko haurdunaldia daraman emakumearen etxerantz abiatu gara. Bien bitartean, sakelako telefonoak jo dio Clarari: bihar ospitalean bilerara elkartzeko deia egin dute. Tipi-tapa oinez joango da, bihar ere, lokatz artean zapaten oin-zola urratuz. Badaki urrats laburrez doala, aurrerantz beti, alajaina. Badaki ez doala inora bidean, norabidean baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.