Inoizko aurrekonturik sozialenak, omen

2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Leon Felipe poetak errana: «Nik ez dakit gauza handirik, egia da. Soilik erraten dut ikusi dudana. Eta ikusi dut gizakiaren sehaska kontuekin kulunkatzen dutela, gizakiaren larritasun oihuak kontuekin itotzen dituztela, gizakiaren negarra kontuekin estaltzen dutela... Nik ez dakit gauza handirik, egia da, baina kontu guztiekin lokarrarazi naute... eta kontu guztiak badakizkit».

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta bere bi ezpatari nagusiek, Yolanda Diaz presidenteordeak eta Maria Jesus Montero ministroak, fotokopia moduan, erran dute 2023rako aurrekontuak historiako sozialenak direla. Ez dira oso originalak izan, portzierto. Hemerotekak horren lekuko dira.

Bere tenorean, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, Maria Teresa de la Vega presidenteordeak eta Pedro Solbes ministroak ere erran zuten haienak «gure historiako sozialenak» zirela; orobat Mariano Rajoyk eta Cristobal Montoro Ogasun ministroak harro adierazi baitzuten bere gobernuaren aurrekontuak «demokrazia espainiarraren historiako sozialenak» zirela. Guinness bata bertzearen atzetik.

Alabaina, haien politikek triskantza sozial handiak sorrarazi zituzten. Orain bezala, errua zerutik eroritako krisiari bota zioten eta ez beren politika neoliberal eta adreiluzkoari, banka, elektrizitate eta energia enpresei men egiten dien horri. Geroago, Rodriguez Zapaterok Konstituzioa aldatu zuen, zor publikoak gastu sozial ororen gainetik lehentasuna izan zezan. Beranduago, Troikaren aurrean (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako BankuZentrala eta Europako Batasuna) belaunikatu zen, erretiro adina luzatuz eta, greba orokorrera deituta, sindikatuak kontra izan zituen lan erreforma gauzatuz. Eta Mariano jaunaz, zer erran; hark baliatu zituen bere aurrekoak irekitako bideak, eta, elefante bat ontzitegi batean sartzen den gisara, lan eta pentsioen erregimenari azkoinaren buelta eman zion, ukituek gorriak ikusi arte. Bitartean, krisiaren erantzule zen banka onbideratu zuen milioika euro oparituta. Haren aurrekontuak ere inoiz ezagutu diren sozialenak izan ziren.

Pedro Sanchezek bere aurrekontuak iragarri eta egun bat geroago, ikusi zen buztinezko oinak zituztela. Espainiako Bankuak informatu zuen 2023rako hazkunde aurreikuspena1,5 puntu beheititu behar zela, %1,4an utzita, eta urte horretako inflazioa %5,6ra igoko zela, aurreikusitakoa baino 3,1 puntu gehiago. Antzekoa erran zuen beranduago NDFk, hazkundea soilik %1,2koa izanen dela azpimarratu baitu. Hau da, Pedro Sanchezek iruzur egin du bakar-jokoan garaile ateratzeko.

Caritas-Foessaren txosten berriak azaldu du azken krisialdian genero arrakala areagotu dela, eragin berezia guraso bakarreko etxeetan duelarik. Orobat, aipatu du errenta baxuenen eta eskandaluz altuagoen arteko tartea handitu dela, kontuan harturik populazioaren %1 aberatsenak, 2019an, errenta nazionalaren %17 metatu zuela, eta pandemian zehar emendatu zela. Halaber, txostenak dio bazterkeria tasak izugarrizko eragina izan duela gazteriarengan, batez ere nesken eta migratzaileen kasuan.

Euri zaharraren gainean euri berria. Azken urteotan Europako Batasunaren txosten ofizialek estatu espainiarra lehendabiziko postuetan kokatu dute ondoko hauetan: prekaritatea (3.), gazteen langabezia (1.) eta diru-sarreren banaketa (1.). BPGa emendatu da, bai, baina hortik etorritako onurak gutxi batzuek eraman dituzte. Produktibitatea handitu da, bai, baina, enpresen dibidenduak etengabe emendatzen diren bitartean, soldatek benetako balioa galdu dute. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, 2020tik aurtengo uztaila bitarte soldatek %7,5 galdu dute erosteko ahalmenean.

Aurreko krisialdi ekonomikoak, pandemiak, klima aldaketak eta Ukrainako gerrak aski beharko zuten ikusarazteko inflexio-puntu historiko garrantzizkoan gaudela, zibilizazio krisi baten aurrean gaudela. Ez ditzakegu begiak itxi, ezta txikira jokatu ere. Gobernuaren aurrekontuek, «historiako sozialenak» diren horiek, parametro sozial-liberaletan kokaturik segitzen dute, beren hutsaltasuna erakutsi baitute eta gauden egoerara ekarri baikaituzte. Horiek ez dute eraginik ekonomia eta jendartea mugiarazten dituzten hondoko korronteetan, zeren eta, finean, krisi orokor honi aurre egiteko parafetamola eta tiritak baino zerbait gehiago behar baita.

Aurrekontuek ezkutatzen duteaurrekontu militarretan izandako %25eko igoera (beste horrenbeste hurrengo urterako), azken hamar urteotan izandako %60ko emendatzeari gehitu behar zaiona. NATOk agintzen du. Urreizun soziala deitzen dutena koloretako zelofana baino ez da. Pedro Sanchez harrokeriaz agertu da pentsioak 2023rako %8,5 igoko direlako, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu du ezen, 2021eko erosteko ahalmenaren galera (%3) aurtengorako aurreikusiari (%6) gehituta, pentsioen erosteko ahalmena ez dela berreskuratuko; aitzitik, galera hori egonkortu eginen dela. Gauza bertsua gertatu da funtzionarioen soldatekin. Haiendako iragarritako igoerak (%3,5 2022rako) erosteko ahalmenaren galera garbia ekarriko du, azken hamar urteotan metatutako %15ari gehitu behar zaiona. Salbuespen bakarra: polizia eta guardia zibilen soldata igoera %38koa izanen da.

Gaia aldatuz. Estatuaren inbertsioetan EAEn (558 milioi euro) eta Nafarroan (103 milioi euro), gehienak, nola ez, AHTaren porlan gurtuari dagozkio: 385,6 milioi lehen kasuan (inbertsio guztien %70), eta 71 milioi Nafarroakoan (beste %70). To!

Orain gobernuaren negoziazioak hasiko dira talde parlamentarioekin. Ohikoa denez, fase honetarako gobernuak funts berezia gordetzen du, aurrekontuak onestea bere botoekin ahalbidetzen ahal duten taldeen zenbait zuzenketa onartzeko. Eta zuzenketa horiek, nola ez, iragarriko dira historiako sozialenak bailiran. Bidegabe arranguratzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.