Inoiz gehiago ez

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen heriotzak biziki hunkitu gaitu guztiok, eta oraindik harrituta eta abailduta gaude. Arartekoak, pertsonen eskubideak babesteko sortu zen Eusko Legebiltzarraren goi ordezkaria denez, bere ikuspuntua adierazi behar du zoritxarreko gertakari horren aurrean, gertatutakoaz ahalik eta informazio gehien jaso arte zuhur itxaron ondoren. Ezer baino lehen, jendaurrean elkartasuna adierazi nahi diet Iñigoren familiari eta lagunei. Haien portaera erabat miresgarria eta eredugarria izan da.

Ararteko erakundeak, bere 23 urteko ibilbidean, anitz gomendio egin dizkio publikoki Herrizaingo Sailari, baita udaltzaingoak dituzten udalei ere, poliziaren jarduerak irizpide eta parametro jakin batzuetara ahal bezainbat egokitu daitezen, bi helburuok ahalik eta ondoen betetzeko: batetik, herritarren segurtasuna babestea eta ordena publikoa mantentzea bateragarri egitea, eta, bestetik, herritarren eskubideak zaintzea (7/2011 Gomendio orokorra, urriaren 28koa, poliziaren jardueretako eta praktiketako berme-sistemari buruzkoa da, gai honetan, agiririk osoena eta gaurkotuena).

Arartekoa arautzeko legeak eragotzi egiten du zuzentzen dudan erakundeak administrazioaren ustezko jarduera okerrak iker ditzan, baldin eta epaitegiak jada jarduerok aztertzen ari badira. Gainera, jarduera bat legez kontrakoa izan daitekeenean, Fiskaltzak eta epaitegiek esku hartu behar dute, ezinbestez. Iñigoren heriotza eragin zuten gertakariak argitzeko barne-ikerketa bat hasiko zela iragarri zuen Herrizaingoko sailburuak. Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, bere kontrol eginkizunak baliatu ditu Ares sailburuak berak eskatutako agerraldian. Horrelako gertaera larri bat jazotzean, hau da, funtzionario publikoen jardueragatik norbait hiltzen denean, sistema demokratikoak herritarren eskubideak babesteko dituen mekanismo guztiak jarri behar dira abian. Beraz, Arartekoak bere eskumenak erabiltzea erabaki du, ofiziozko espediente baten bitartez jakin nahi baitu zein protokolo eta irizpide erabili ziren apirilaren 5eko polizi jardueran, eta protokolo eta irizpide haiek bat etorri ote ziren Arartekoak behin eta berriz egindako gomendioekin. Euskal herriaren defendatzailearen esku-hartze horren edukia egiaz ezin zaio gainezarri aipatutako ikerketei, baina haien osagarri izan daiteke: ez du erantzukizunak finkatzerik izango, baina poliziaren jardueran Arartekoaren gomendioak bete ziren ala ez zehaztu ahal izango du.

Jakina denez, Ertzaintzak Bilboko Athleticen eta Schalkeren futbol partidaren ondoren esku hartu zuen, istiluak gertatu baitziren partida bukatu eta gero. Gure gomendioen arabera, gure ustez, Herrizaingo Sailaren barne-ikerketa lehenbailehen abiarazi behar zen, gertakariak berehala argituz. Herrizaingo Sailak abian jarri duen barne-ikerketa ahalik eta azkarren buka dadin, dagozkion erantzukizunak argitu ditzan eta ikerketan ateratako ondorioak Fiskaltzari bidal diezazkion eskatu behar dugu. Orain argi dago gomazko pilota batek sortu zituela Iñigo Cabacasen heriotz zauriak. Arrazoi hori nahikoa da istiluen kontrako material hori erabiltzea berehala debeka dadila eskatzeko. Euskadin eta beste zenbait tokitan, gomazko pilotek zauri larriak sortu izan dituzte (begia galtzea, adibidez), eta Iñigoren heriotza orain. Ezin dugu beste egun bat ere itxaron Ertzaintzak, zuhurtasun printzipioa ezarriz, gomazko pilotak erabiltzeari uzteko. Lehenbailehen azterlan bat egin behar da munduko poliziek erabiltzen dituzten istiluen kontrako materialaz eta polizi jarduerarako protokoloez, pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa arriskuan jarri gabe herritarren segurtasuna babesten duten herrialdeen aitzinean koka dadin Euskadi. Poliziaren eginkizuna zaila eta konplexua da, batik bat istiluei eta iskanbilei aurre egin behar zaienean, eta, aldi berean, guztiz beharrezkoa da sistema demokratiko batean.

Iñigo Cabacasen heriotzak azalpenak eskatzen dizkigu botere publiko guztioi eta Ertzaintzak une honetan duen jarduera-ereduaz hausnar egin dezagun exijitzen digu, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Arartekoaren bulegoak ekarpen xume bat egin du, lehen aipaturiko gomendio orokorraren bitartez. Beraz, gure gomendioak arretaz azter ditzala eta aintzat har ditzala eskatu behar diogu Herrizaingo Sailari, eta, horrekin batera, poliziaren jarduera-protokoloei eta istiluen kontrako materialei buruzko azterlan konparatua egin dezala —lehen adierazitakoa—. Horrela, eztabaida lasai eta eraginkorra ahalbidetuko da Ertzaintzak jardun behar duen moduaz, ordena publikoa mantendu nahi badu eta herritarren askatasunak eta segurtasuna zaindu nahi baditu.

Iñigoren heriotza larriaz aparte, azken hilabeteotan hainbat salaketa pilatu dira Ertzaintzaren ustezko jarduera bidegabeen eta gehiegizkoen kontra. Bilboko Kukutza zentroa bere baitan hartzen zuen eraikina bota zutenean gertatu ziren polizi jarduerez jasotako kexak direla eta, Arartekoa bere jarduera bukatzeko ebazpena idazten ari da orain. Joan den martxoaren 29an, greba orokorraren egunean, Xuban Nafarrete gaztea larriki zauritu zuten Gasteizen; bere familiak salatu duenez, gomazko pilota baten ondorioz. Herritarren salaketak edo kexak bizkor ikertu behar direla uste dugu, gertakariak behar bezala argitzeko protokolo prebentiboak ezarriz eta ikerketan mendekotasunik gabe, alderdikeriarik gabe eta eraginkortasunez jardungo duten barne-mekanismoak erabiliz.

Prebenitzeko, eskubideak bermatzeko eta ikertzeko mekanismo onak eta ahaltsuak izan behar ditu sistema demokratikoak, botere publikoen arduradunen eta funtzionarioen jardueretan ahalik eta ardura handienaz bete daitezen printzipio demokratikoak eta zaindu daitezen pertsonen eskubideak. Arartekoak bereziki zorrotza izan behar du gai horretan; horregatik, bereziki azpimarratu behar ditugu idazki honetan egindako eskaerak. Iñigo Cabacasen heriotzak kemenez eta azkar lan egitea exijitzen digu, abian dauden ikerketei esker erantzukizunak zehaztu daitezen eta, horrekin batera, polizi jarduerei buruzko protokoloak hobetu ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.