Inoiz babestu behar ez zena

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hunkituta idazten dizuet, urriaren 18ko zuen adierazpenak sortu zuen zurrunbilo politikoa baretu ondoren, eta zurrunbilo horretatik aldenduta. Hunkituta eta eskertuta.

1982ko urriaren 9an ETAk gure aita erail zuenean, ez nuen uste, inolaz ere, ETAren amaiera ikusiko nuenik. Bere burua ezker abertzale «ofizial» bakartzat zuenak izaera hori ukatzen zion alderdi bateko militantea nintzen, EIAkoa, eta Euskadiko Ezkerraren hauteskunde kanpaina batean lanean harrapatu ninduen berriak: Behobiako espaloi batean zetzan aita, hilik. Amorrua eta mina nahaspiloan nire barruan, amaren ondora eraman ninduten. Amorrua eta mina, amaren begietan ere. Eta haren ezpainetan, galdera bat, ordutik hona neure baitan oihartzun etengabean entzuten dudana: ¿A quién apoyáis?

Amak bazekien nire ideien berri, baina ez zuen zertan ñabarduratan hasirik, senarra hil berri ziotenen aurkako oldar bizian baitzuen bihotza. Ez dakizue zein puntutaraino ulertu nuen amaren salaketa, ni neu ere barruan sartzen zuena. Ulertu nuen neure egin arte. Hiltzaile sentitzeraino. Aitaren hiltzaile.

Bide luzea egin behar izan dut uler nezakeena ulertzeko. Zer bakoitzari bere izenez deitzen ikasteko; ikasteko, adibidez, hiltzailea hiltzaile dela, ustez zein komenentziaz kausa baten alde ari dela sinetsita erailtzen badu ere. Eta ulertzeko eraildakoa, bizitzatik eta familiatik erauzi den gizaki hori, ez dela gehiago gizaki; biktima izango dela, jomuga izango dela, guardia zibil edo ertzain edo polizia edo traidore edo funtzionario edo zinegotzi edo diputatu..., zernahi, gizaki izan ezik.

Baina horiek denak nire kontu partikularrak izan litezke. Gaur gutun ireki hau idaztearen arrazoia nekez argituko luketenak. Seguru asko inoiz nire ahotik aterako ez ziratekeen hitzak, baldin eta zuen adierazpen publiko hori izan ez balitz.

Baina izan da. Erabaki duzue biktimei mezu publiko bat helaraztea. Eta, orain arte sekula ez bezala, zuen hitzak niri ere bazegozkidala sentitu dut. Neure barru sakoneneko exijentzia bati forma emateraino: nik ere barkamena eskatu behar diet ETAren biktima guztiei. Ez dudalako exijitzen ahal zitzaidan kemenez ahotsa ozendu haien alde; ez dudalako behar bezain argi eta zintzoki hitza hartu indarkeria gauzatzen zutenek eta haren mistikatik edoskitzen zutenek eraikitako diskurtsoaren moralitaterik eza salatzeko. Isiltasuna aterpe izan dudalako nik ere, hainbatetan. Eta motibo berbera dut zuei ere barkamena eskatzeko gaur: nik esan nitzakeenak entzuteko aukerarik eman ez dizuedalako; ez, noski, nik esandakoek inolaz ere konbentzituko zintuzketelako, baizik eta ez dudalako beti izan euskalgintzaren barrutik basakeriaren eta haren ondoriozko ustelkeriaren aurka hitza hartzeko ausardia. Zuen eremuan nagusitu den zuri/beltz, lagun/arerio logika suntsitzaileari behar besteko irmotasunez aurre egin ez diodalako beti plazan. Erabili izan dituzuen jokabide sektarioak behar bestetan salatu ez ditudalako. Lagundu dudalako, azken batean, urteetan elikatu duzuen munstroa gizentzen, ez ekinez, bai ordea ekin ezaz. Erosokeriak pentsarazi nauelako aski zela nagusitasun morala, aski nuela hiltzaile edo haien txalotzaile (ozeneko zein lotsazkoa) ez izatea euskal gizartearen hondamendi etikoaren partaide ez izateko. Eta, bistan denez, ez zen aski. Gehiago behar zen. Nirea baino konpromiso moral jarraikiagoa, adoretsuagoa, nekaezinagoa behar zen.

Eta zuen adierazpenak erakutsi dit huts egin dudala horietan guztietan.

Garbi ikusi dudalako ez dagoela zuen buru-bihotzetan doluaren aztarnarik. Istripu bati hobekiago lotzen zaion arrazoibidea erabili duzuelako—«ez zen inoiz gertatu behar»—, zuen benetako erantzukizuna zintzotasun autokritikoaz aitortu ordez —«ez genuen inoiz halakorik egin/bideratu/ erraztu/babestu behar»—. Egokitasun politikoaren zantzua baizik ikusten ez dudalako damu etikoa behar zukeen tokian. Erakusten jarraitzen duzuelako zuen mina eta biktimena bi min direla zuentzat, desberdinak. Jarraitzen duzuelako «sufrimendua gizarteratze» kriminalaren muinean dagoen zorne morala predikatzeagatik damurik erakutsi (sentitu?) gabe.

Nolanahi ere, eskertzen dizuet ahalegina, eta egin duzuen urratsa bera ere bai, bai baitakit sobera ongi zein nekeza den eraiki duzuen gotorlekuan aitortzea gure aita eta beste asko eta asko (oroimen kolektiboan izenez iltzatuak Llull, Ordóñez, Yoyes, Priede, Carrasco, Lidón, Blanco, Goikoetxea, Doral, Korta, Usabiaga..., hala nola familiaren intimitatea hilobi bakar dutenak) erailtzeak kalte hutsa ekarri duela, eta lohitu dituela, akaso betiko, hiltzailea bera, haren babesle edo txalotzaileak eta guztion gizartea.

Hala ere, barru-barruraino hunkitu ninduen urriaren 18ko adierazpena egiteko premia sentitu zenutela ikusteak. Eta barru-barruraino astindu ninduen adierazpenak berak, lerro hauek idaztera behartzeraino.

Ez dut inor ordezkatzen. Asmo bakarra dut: denok (biktimak, biktimak eragin dituztenak eta indarkeriaren gurpil zoroaren zauri morala jasan duen gizarte osoa) senda gaitzakeen hizkera etiko benetan partekagarri bat eraikitzen laguntzea. Barkamen eske zintzo eta benetakotik hasita. Baina, lehenik eta behin, banan-banakoa, ez baitago hizkera kolektibo onargarririk zorroztasun etiko autokritikoa gidari ez duena.

Ahalegin horretarako asmorik bazenute, hor duzue nire eskua. Aski egin ezak zikindutako eskua. Zuena bezain ezinbestekoa. Barkamen premian dagoena, zuena bezala, nahiz ez zuena beste.

Mila esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.