Bibliak hilketa-andana batez ematen dio hasiera zibilizazioari: Kainek eta ondorengoek hiriak eraiki eta industriak garatu ei zituzten, hainbat gerla zirela bide. Neolitikoan gaude. Arkeologiak eta arteak berretsi dute hasiera hori: herriak eta baliabideak, boterea bera, bortxaren bidez kontzentratu dira, halako moldez non konkistatu eta menderatzeko eskubidetik sortu baitira estatuak, inperioak eta zuzenbidea. Ondoren botere-antolakuntzaren diskurtso legitimatzaileak datoz, eta mundu guztia beharturik dago diskurtsoa sinestera, bizirik iraun edo gizartearen etengabeko lehian aurrera egingo badu. Botereak askotariko aldeak ditu, baina bortxa da eragingarrienetariko bat. Norbaitek, bortxaren boterea galtzen duenean, ziur mendeko bat sortu dela, banako nahiz erkidego izan.
Heraklitoren aburuz (K.a.VI-V), gerla gauza guztien iturburua da, eta ahoberokeria gorabehera, ez dirudi sobera tronpatu zenik. Bortxa, boterea denez gero, eraikitzaile eta antolatzailea da, haustura eta jauzi historikoak eragin, indarrak desorekatu, indar berriak askatu, bilbatu eta trenkatu. Bortxa, eiki, sakratua da, legearen hasierako eta azken buruko bermea, bera gabe gizartea desegiten delako (Hobbes, XVII). Horrela, agintaritzaren diskurtsoak erlijio-kutsua du eskuarki, jainko txiki bat denez gero. Berari aurre egitea, delitua ez ezik bekatua da, Elizak beti gogoratu digunez, eta larriena bortxaz eginez gero, jainkozko ahalmenik behinena sekularizatzen baitu. Agerian edo gibelean, botere politiko-ekonomikoak bortxa non datzan erakutsi behar izaten du (si vis pacem para belum).
Gerlak historian izan duen balio fundatzaile-eraldatzailea hizpide izan da garai guztietako pentsalarietan. Hegelek (XVIII-XIX) esaldi batean laburtu zuen: gerla historiaren emagina da. Eta denboraz zein tokiz hurbilago, horra hor Ortega y Gasseten (La rebelión de las masas) zenbait iritzi, gerlaren balio historiko eta herri indartsuen eskubideari buruz. Hala irudi du ezen bortxa higuin zaion moralistak, historiaren irakasbideari badarraio, ehiztari fruitu-bilatzaileen gizataldeekin egin behar duela amets, gizartea sortu aitzinekoaz hain zuzen. Bortxa historiaren arragoa. Arranoa hegaldaka doa gure gainetik, agintari nahiz herritar xehe, denok nolabait baikara ahul edo indartsu, erasotzaile eta biktima, noizbait eta nonbait, beti baitugu norbait ustiatzeko edo menderatzeko.
Nazioen emagina bortxa delarik, gerla artean hasi eta mamitzen da. Aurkariaren aurkako borroka du mito fundatzailerik behinena, antzinako herrietan natura, nazio modernoetan, izterbegia. Horrela, oroimen historikoak oinarrizko elkartasuna sortzen du: arbasoen guduak eta isuririko odola independentzia jadetsi eta eusteko, heroi-martirrek sinbolizaturik (J. Aranzadi, El escudo de Arquiloco). Beraz, nazioak atxikipen heroikoa galdatzen du, sinbolikoki bederen, halako moduan non armada baita nazioaren sinbolorik behinenetariko bat. Halatan, nazioa bera sakratua da, sinestunen erkidegoa, gizabanakoa lotu eta mito heroikoekiko identitatez transzenditzen duena. Elizaren sakrotasuna nazioari transferitzen zaio, odolezko liturgiaz batera, itxuraz asko ateoak diren arren. Horregatik, Frantzian babesturik dago Mahoma terrorista deituz milioika pertsona gogor iraintzea, frantses islamiar anitz, baina delitu larria da frantses bandera destainaz erabiltzea; Espainian berdintsu. Eta, hala ere, espainiar hainbat intelektualek lotsagabeki gaitzesten dute eusko nazioaren erlijiozko oinarri odoltsua.
Herri baketsu honek, bere eraikuntza nazional gorabeheratsuan, bost gerla ezagutu ditu laurogei urteko epean, nondik etorri baita Euskal Herri arrakalatu, zatitu eta sakabanatua, maizenik arerio edo arrotz agitu baikara: Konbentzioko gerla (Gipuzkoa eta Iparraldea gainerakoen etsai), Napoleonen Frantsestea (Iparraldea versus Hegoaldea), Karlistadak (Hegoalde osoa baturik, Iparraldea urrun), 1914ko Europako gerla (Iparraldea frantsestu, besteak arrotz), 1936ko gerla (Nafarroa eta besteak buruz buru). Karlistadak izan dira, bada, naziorako urrats bakarra, gainerakoak, ordea, gehiago lerratu dira Frantzia eta Espainiaren alde. Frankismoan, berriz, ezker abertzaleak eutsi dio jaidura nazio-eraikitzaileari, eta eusko nazionalismoa zatitu den arren, oro har, abertzaletasuna indarturik jalgi da. Espainiar estatuari bidezko bortxa legitimoa ukatuz beste gune sinboliko eta legitimitate bat eragin du (Aranzadi, 2001), halakoa non eusko nazioa mamituz joan baita.
Zorionez, abertzaleak ohartu dira sarri bortxa ez dela egokia, are gutxiago edozein modutakoa, eta hartara tokia eskatu dute sistema politiko zindoan. Noski, bidean ez lukete eragozpenik kausitu behar, zeren, teoria politiko modernoan, estatu demokratiko batean legeari atxikitzea nahikoa baita jokoan partaide izateko; itxuraz, edonori aitortzen zaio erlijio- eta kontzientzia-askatasuna, fedea eta etika gai pribatuak direnez geroztik. Demokrazian betebehar bakarra arauak betetzea omen da. Alabaina, hara non abertzaleei etika, fede, erlijiozko oinarri jakin bat eskatzen zaien, Eliza batean edo Erdi Aroan bageunde legez: damua erakutsi, barkamen-eskea, kaltea aitortu, zoru etikoa… Etika kantiarraren ustiapen makurra, erlijio-airez ezinbestez, etsaia harrika erabiltzeko mozorroa. Ultramontanismo eta pragmatismo falta hori hagitz espainiarra da, txaranga eta panderoa bezala. Ostera, ez dirudi azalpen horrek Inkisizioaren berpiztea osoki argitzen duenik.
Gobernuko alderdiak ez bide du epe laburreko onurarik abertzaleen integraziotik, are gutxiago hauteskundeei begira, berak elikatutatiko muturreko eskumaren presiopean. Inguruabar horietan aukera hobea dirudi esku gogorrez abertzaleen zatiketa eragiteak ezen ez norberarena. Alta, badagoke interes sakonago bat, denak ez baitira itsu Espainiako zerupean. Izana ere, Estatuak presoak direla medio lortu balu eusko zutabe heroikoa deabrutzea, abertzaletasunaren ardatz sinbolikoa eraitsiko luke, eta ez luke iraungo espainiar eraikuntza heroiko-sinbolikoak besterik (Pelayo, Cid, Errege Katolikoak, txapel okerrak, La Roja, martir berriak). Triskantza mitiko-sinboliko hori kaltegarri liteke jelkideetan eusko nazionalista direnentzat ere.
Inkisizioak eusko nazionalismoa sutara bota nahi du, autofede nazional batean horditurik. Nolanahi ere, suzko joko hori apustu handinahi bezain arriskutsu dateke. Abertzaleek Frankismoan erakutsiriko trebetasunaz jokatzen balekite, eta horrela, judoaren gisara, erasotzailearen mugimenduari eutsi eta baliatu bera erorarazteko, indarturik ilki litezke berriro ere, eusko konplexu sinbolikoa arnasberriturik.
Inkisizio berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu