Berripaper honen irakurleek gogoan izango dute azkeneko inkesta soziolinguistikoa. Inkesta horiei buruz jardun nahi dut, berandu samar banabil ere. Guk dakigula, inkesta soziolinguistikoak ez dira errealitate soziolinguistikoaren ispilu fidagarriak. Besteak beste, elkarrizketatuaren erantzunak askotan ez duelako zerikusirik hizkuntza minorizatuaren zinezko egoera soziolinguistikoarekin.
Hori gertatzen zaio Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VII. Inkesta Soziolinguistikoari ere. Paulo Iztuetak honako ohar hauek egin zituen behinola azterketa kuantitatiboen inguruan: «Ikerketa kuantitatiboak egiten direnean, esaten denez, gizarte errealitatea neurtzea ezartzen da ikergaitzat. Eta ustez ikergaitzat ezarritako gizarte-fenomenoa aztertzeko, gero erabiliko diren kontzeptu nagusienen inguruan diskurtso teoriko bat egiten da aldez aurretik. Eta hementxe dago gakoa, zeren neurtzen dena ez baita errealitatea bera, inkestatzaileari ematen zaion kontzeptuari buruzko ikuspegi subjektiboa baizik. [...] Nola esplika daitezke subjektuartekotasunaren barruan produzitutako gizarte-ekintzak gizarte-egituren mekanismotik aparte?» (Hizkuntza eta talde-nortasuna, 1998).
Zein da Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik egina duen diskurtso teorikoa hizpide dugun Euskadiri buruzko inkesta soziolinguistikoan? Bingen Zupiriaren adierazpenok botere autonomikoaren euskara-politika berrestera datoz: «Inkesta soziolinguistiko honetako datuek balio digute atzera begiratu eta 30 urte hauetan euskararen biziberritze prozesuan egin den lanaren emaitzak ikusteko. [...] Gizarteak euskararen normalizazioaren alde egin duen apustua sendoa izan da, eta sendo jarraitzen du gaur egun ere; beraz, botere publikoei dagokigu aukerak eta tokiak topatzea euskararen ikasketa, erabilera eta normalizazio hau bultzatzen jarraitzeko» (BERRIA, 2023-03-21).
«Marraztutako bidetik jarraitzeko asmoa erakutsi du sailburuak», BERRIAko kazetarien arabera. Inkestaren emaitzek Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika egokia dela berresten dute, beraz. Inkestaren bidez lortu den emaitzak eta aldez aurretik pentsatua zegoen diskurtso teorikoak bat egiten dute. Era horretan, egiten diren galderen logika eta jasoko diren erantzunen informazioa kontraesanik gabeko diskurtso batek biribiltzen ditu.
Inkesta soziolinguistikoen prozedura eztabaidagarriarekin jarraituz, hona Lionel Jolyren iritzia: «Askotan neurtzailearen presentziak eragina izaten du jasotzen diren datuetan (Labov-ek neurtzailearen paradoxa deitu zuena); gainera, askotan inkestatuak ez du egiten duena adierazten, baizik eta egin nahiko lukeena. Beste faktore bat errepresentazioak dira; alegia, inkesta bati erantzuten diogunean gure eginkizunei eta pentsamenduei buruzko iritziak ematen ditugu, eta irudipenak baino ez dira. Hau da, zer pentsatzen dugun eta normalean zer egiten dugun galdetzen badigute, maila teoriko batean jartzen gara eta normalean ez dugu benetan egiten duguna adierazten» (Jakin 162, 2007).
«Hemendikan urte batzuetara, denok erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan», zioen Lazkao Txikik. Hizkuntza minorizatuei buruzko inkesta soziolinguistikoen emaitzetan ere antzera gertatzen da, irudipena nagusi; hau da, kasu honetan emaitzak ez du zerikusirik euskararen egiazko errealitate soziolinguistikoarekin. Paulo Iztuetak dioen bezala, inkesten emaitzak ez datoz bat «gizarte-egituren mekanismoekin». Hori alde batetik.
Beste alde batetik, «euskaldunak norekin hitz egin daukanean, euskara erabiltzen du». Hori da inkestaren beste ondorio bat. Baina delako inkestak ez digu esaten gizarte egitura eta indar sozial hegemoniko guztiak kontra dauzkan euskararen egoerak ezin dituela euskal hiztunak ahaldundu eta praktika antidiglosikoetan hezi eta zaildu. Euskararen egitura soziolinguistikoaren mekanismoak ez dira soilik hizkuntza minorizatu bati dagozkion estatus eta funtzio objektiboak, euskal hiztunen mekanismo subjektibo, ideologiko eta psikologikoak ere minorizazioak jota daude. Minorizazioaren ondoriozko hondamendia ez da euskararen egoera objektibora mugatzen, hortaz; euskaldunon jarrera eta praxi soziolinguistikoa ere minorizazio prozesu berberak konfiguratzen ditu.
Siguan eta Mackey baikorragoak dira inkesta mota hauen inguruan. Diotenez, «biztanleriari buruzko erroldan bildutako datuak baino zehatzagoak izan daitezke inkesten bidez eskuratutako datuak; gainera, ez soilik oinarrizko datu demografiko eta linguistikoetan, baita subjektuen jarrera linguistikoari dagokionez ere, hala nola hizkuntza bakoitza darabilten egoera eta funtzioei buruzko informazioan» (Educación y bilingüismo, 1986).
Hizkuntza minorizatuei buruzko inkesta soziolinguistikoetan atentzioa ematen duen datua jarrerari buruzkoa izan ohi da. Soziolinguistikaren munduan izen eta itzal handiko ikerlariak izan dira Siguan eta Mackey. Halere, hizkuntza minorizatuei buruzko jarreraren datuak harrigarriak dira askotan. Izan ere, azkenetan dauden hizkuntza batzuk hartuko bagenitu, okzitaniera (Aran ibarreko egoera salbu) eta bretoiera, esaterako, emaitzak ezin hobeak izaten dira ia beti: mundu guztiak hizkuntza «erregional» horien aldeko iritzia ematen du. Bestela esanda, ez dira batere sinesgarriak.
Eusko Jaurlaritzaren inkestaren jarrera-emaitzetara etorrita, «biztanleen %67 euskararen alde daude, eta %6,8, kontra. Hor ere agerikoa da igoera; 1991n %55 ziren aldekoak eta %14 kontrakoak. Zupiriak ontzat jo du: 'Gizartea gero eta euskararen aldekoagoa da'».
Dakusagunez, botere autonomikoak bere hizkuntza politika berresteko eta zuritzeko darabilen aldez aurretikako diskurtsoak ez du arraildurarik. Izatekotan, hobetu daitezkeen ahulguneak daude botere autonomikoaren glotopolitikan. Bien bitartean, ordea, sortu zenetik botere autonomiko horrek ereindako euskalduntasuna ez da gai izan ez kantitatean ez kalitatean funtsezko identitate euskaldunik eraikitzeko. Eta sortu, lau hamarkada baino gehiago da sortu zela.
Inkestak eta irudipenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu