Euskaltegietan erdizka alfabetatutako euskaldun berri honek, oraindik ere euskaraz idazteko gai ez izan arren gaztelerazko hamaika formazio ikastaro eta aisialdiko eskaintza jasotzen duen honek, tarteka euskarazko apurren bat anekdotikoa ere badelarik, inkesta soziolinguistikoen kontra errebelatu nahi du, eta modu absolutistan euskararen beharrak interpretatzen dituztenen kontra, euskaldun alfabetatu, euskaldun zahar, ia euskaldun edo ikastola-kumeen beharrak zeintzuk diren badakitenen kontra eta herri, auzo, eskualde eta herrialde konkretuetako iniziatiba errealak bazter batean utziz Euskal Herriko beste herrialde batzuen imitazioa sustatzen dutenen aurka.
Ez dut ukatzen planifikatutakoaren eta egondako emaitzen balantzea egin behar denik bost urtean behin, hamar urtean behin edo belaunaldiz belaunaldi, baina betiere hobetzeko baldin bada, hau da, erakunde guztien aurrekontuetan urtero beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak jartzeko. Baina herrialde bakoitzean dauzkagun behar ekonomikoak eta haiek garatzeko giza baliabide zein baliabide materialak ez dira inondik inora ere berdinak. Jakin nahiko nuke, esate baterako, zenbat gastatzen duen Gipuzkoako udalerri euskaldun batek euskalduntzeko, edo euskara garatu edo mantentzeko, eta zenbat gastatzen duen antzeko biztanle kopurua duen baina euskalduntze prozesuan dagoen Arabako beste udalerri batek euskaldun kopurua %15 ingurukoa denean. Barkamena eskatu nahi nizueke hizkuntza gaietan adituak zaretenoi erabilitako termino linguistikoengatik, baina herritar arruntok oinarrizko termino hauek erabili eta ulertzen ditugu.
Ez da nire asmoa euskalduntze prozesuan herrialde, eskualde edo udalerri bakoitzean izandako esperientziak definitzea, baina nahita azpimarratu nahi izan ditut bi muturretan (Gipuzkoa- Araba) dauzkagun desberdintasun ekonomikoak; herrialde bakoitzak euskara berreskuratu eta zabaltzeko prozesuan duen egitekoa birdefinitu beharko genuke. Adibide bat jarriko dut, beste askorentzat argigarri izan daitekeelakoan. Bertsolaritzak herrialdez herrialde eskolan zein kalean euskara eta ahozkotasuna transmititu eta indartzeko betetzen duen zeregina, esaterako, ez da berdina herrialde guztietan; txapelketan lehiatzeko edota ahozko euskara aberastu eta garatzeko? Horrek, noski, beste garapen asko ere izan ditzake…
Beste bat argitara ekartzeko baliagarri zait adibide hau, historian zehar ahozkotasunaren transmisioa bideratu izan duen beste tresna bat. Haur, gazte zein helduentzako euskarazko antzerkiaz ari naiz. Nola liteke lapurtu eta zokoratutako hizkuntza hau, oraindik ere garatzen uzten ez diguten gure hizkuntza hau, berreskuratzeko lanean hainbeste urte borrokan pasa eta gero, antzerkia euskal eskola publikoko ikasgai ez izatea, Euskal Antzerki Eskola Nazionalik ez egotea? Une honetan duen euskara maila eta euskararen ezagutzaren zabalkundeagatik Gipuzkoari dagokio erronka hori, beste herrialde guztien parte hartzea ere beharko lukeen erronka. Gai txiki handi bat da hori, baina badira beste asko albo batera utzi nahi ez nituzkeenak.
Ezin dugu ahaztu. Zenbait alderdi politikok Espainiako Estatuari men egin zioten Euskal Eskola Publikoaren sorreran, eta, une honetan Nafarroan bezala, A- B-D ereduen bidez hizkuntza eremuka zatitzea inposatu ziguten. Gasteiz izan zen adibide mingarrienetako bat: Arabako biztanleriaren %80 bertan izanik,A eredua ezarri ziguten, eta kalte arin moduan, B eredua, baina itxialdien eta lokal publikoen okupazioaren bidez, gurasoen eta irakasleen borroka eta eskuzabaltasunari esker, D eredua ikastola eta ikastetxeetan zabaltzea lortu genuen.
30 urtean baino gehiagoan euskara ingelesa eta frantsesa bezainbeste gorrotatzera heldu diren ikasle erdaldun elebakarrak prestatu ostean, nork eskatuko digu A eta B ereduak hemen eragindako minaren inguruko barkamena? Nork ordainduko ditu kalte-ordainak? Zenbat analfabeto sortu ditu euskararentzatA ereduak eta zeinek emango die engainatu zituztenei kalte-ordaina?
Eredu horien jarraitzaile sutsuen artean enpresa pribatu ugari izan dira, gehienbat orientazio erlijiosoa zeukatenak, eta egun errealitatea onartzen hasi diren arren, eskaera orokor bilakatu den errealitatea delako, ezin dugu ahaztu itunpekoak edo pribatuak izanik erakunde publikoek modu eskuzabal eta susmagarrian finantzatu dituztela. Hau herri txiki bat da eta denok ezagutzen dugu elkar, baina eragindako mina konpontzeko modu bakarra dago: D eredua eredu bakarra izan dadin behin betiko prozesu bat abian jarri behar dugu, euskalduntze prozesuan aurrera egiteko beharrezkoak diren bitartekoak mahai gainean jarriz.
Ez naiz hasiko irakasle eskolek bete duten lana aztertzen, Miranda eta Logroñoko Errioxako irakasle-gaiekin batera gure irakasle-gai berriak gazteleraz prestatu dituzten irakasle eskolena, ezta euskalduntzeari dagokionez EPA delakoek bete duten zeregin negargarria ere, etorkinak erdaldunduz etengabe. Baina esan gabe ez nuke utzi nahi hori ere azterketarako eta erreparaziorako gaia izan beharko litzatekeela, EPA direlakoak HHI bilaka daitezen benetan haien izenak euskaraz duen esanahi guztiarekin, ia euskaldun, euskaldun berri eta euskaldun zaharrok hezkuntza iraunkorra euskaraz jasotzeko eskubidea dugulako.
Biktimen erreparazioaz mintzo dira, baina ez dute herri honen hizkuntza genozidioaz, egoera diglosiko jasangaitz batean euskara berreskuratzeko borroka etengabeaz hitz egiteko asmorik. Buru gainean dugun lauza astun eta higigaitza da hori.
Nire alaba euskaldunei ere hizkuntza zapalketari buruz ari garenean kosta egiten zaie oraindik ere batzuetan honek zer esan nahi duen osotasunean ulertzea, bere garaian euskaldun zahar eta irakasle euskaldun askori gertatu bezala.
Dirutza ordaindu dugu helduok euskara ikasteko, ia gure denbora libre guztia eskaini diogu Euskal Herri honen parte sentitzeko ahalegin garrantzitsu honi, zenbait erakundetan langileek doako klaseak jasotzea lortu dugu, baina orain gure txanda da. 30 urte igaro eta gero, heldu guztiok euskara dohainik ikasteko eskubidea izan behar dugu. Inork ez diezagula krisiaz hitz egin, benetan lotsagarria baita herri honetan euskalduntze prozesuari eskaini zaion apurra. AEK, IKA eta abarretan helduei euskara irakasteko, helduen alfabetatze, euskalduntze eta hezkuntza prozesuarekin behar bezala jarraitu ahal izateko nahikoa profesional prestatu dugula uste dut. Gainera, une honetan dagoen langabe kopuruarekin ez dut uste arazorik izango dugunik beharko balitz gehiago topatzeko.
Analisi txiki hau proposamen batzuekin osatu dut, baina dugun panorama oso zabala da. Ilusio pizgarria izango da beharbada, baina iraultzailea izan behar du ezbairik gabe, baldin eta ni bezalako pertsonek euskaraz hitz egin eta idazteko gai izatea nahi badugu. Ezinbestekoa izango da irabaziko dugun sinesmen osoz gogor lan egitea.
Inkesta soziolinguistikoari buruzko gogoeta sei herrialdetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu