Ingurumen hezkuntza

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Klima krisiaren ondorioak agerian utzi du gure ingurumena zaintzeko ezagutzak behar direla mundua jasangarria izateko. Hezkuntza funtsezko elementua da ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko ekintzak sustatzeko. Izan ere, Ingurumen hezkuntza diziplinarteko alor pedagogikoa da, eta eginkizun edo helburu nagusia gizartearen, naturaren eta ingurumenaren konplexutasunaz jabetzea du. Baita pertsonek egungo ingurumen arazoen prebentzioan eta konponbidean ekintza aktiboa egiteko aukera ematen duten ezagutzak, balioak eta trebetasunak eskuratzea ere. Ingurumen-hezkuntzaren funtsezko puntu bat da ingurune naturalaren eta gizarte ereduaren arteko harremana agerian jartzen duela. Hortaz, heziketa prozesu bat baino gehiago da: etorkizuneko belaunaldiek ingurumenarekiko sentiberatasun handiagoa izateko bizimodu bat sortzeko oinarria pizten du, gizateriaren eta bizi den ingurunearen arteko harremana hobetzeko helburuarekin.

Unescok nabarmentzen du ingurumen-hezkuntza bizitza osoko prozesua dela eta ikastetxeetako hezkuntza-programetan ekintza bat bezala garatu behar dela. Ikasgeletan egiten den irakaskuntza umeen adinera eta heldutasunera egokitu behar da, eta bere ikaskuntzak, teorikoa izateaz gain, praktikoa, atsegina eta dibertigarria izan behar du. Ekintza horietako asko baserri eskoletan, udalerriko edozein parketan edo zentroko patioan egin daitezke. Izan ere, begi-bistaz hobeto ezagutzen dira landareak, zuhaitzak, ibaiak, hegaztiak edo intsektuak. Baita ere, ingurumen arazoez hobeto jabetzeko aukera dago. Hala nola, lantegi edo garraioek nolako kutsadurak sortzen dituzten, gas isurketak edo energia kontsumoaren bidez, uraren tratamendua araztegietan, birziklapena zabortegietan eta abar.

Euskal Herrian badaude ingurumen hezkuntza sustatzen duten programak. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan Agenda 21 izenekoa, hezkuntza-zentroaren iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa. Komunitatearen parte-hartzean oinarritzen da eta udalerriaren garapen iraunkorrean esku hartzen du eta elkarlanean aritzen da. Ingurumen Hezkuntzako programa den heinean, ingurumen-arazoak konpontzeko parte hartzeko ezagutzak, trebetasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoa garatzea du helburua. Hala ere, gabezia batzuk antzematen dira: besteak beste, ez ditu herritarrak behar bezala kontzientziatzen osasunerako, ekosistemarako eta gizarteko bizitzarako kontsumo frenetikoko modu jakin batzuen eraginaz. Adibidez, egungo kontsumismoak planeta nola mehatxatzen duen jakitea.

Izan ere, hezkuntza curriculumek ez dituzte osotasunez islatzen gure sistema ekonomikoaren eta kontsumo antolaketaren eredutik eratorritako ingurumen aztarna eta aztarna ekologikoa bezalako kontzeptuak. Hortaz, pentsamendu kritikoa sustatzen duen ingurumen hezkuntza garatu beharra dago, gizartean dauden problematika naturalen eta sozialen kausak ulertzeko eta aldatzeko.

Laburbilduz, gero eta premiazkoagoa den klima aldaketaren aurkako mundu mailako borrokan Ingurumen Hezkuntza alor aproposa da kontzientzia ekologikoa eta ingurumenaren zaintza sustatzeko. Fenomeno horrekin lotutako ezagutzak jasotzeak lagundu egiten die gazteei egungo gizarte eredutik eratorritako klima aldaketaren ondorioak ulertzen eta saihesteko jarduerak jorratzen. Hala ere, ingurumen hezkuntza eraginkorra bilakatzeko beharrezkoa da ingurumenaren eta baliabide naturalen narriadura eragin duten prozesu soziopolitikoen eta ekonomikoen historia sakon garatzea eta gizakiaren kontsumitzeko ohiturak aldatzen dituzten ekintzak sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.