Taoismoaren arabera, kontrakoen aurkaritza da unibertsoa ulertzeko eta balioesteko aukera ematen diguna. Horregatik, akaso, kreazioak buruan ditudan mirariak oparitzeaz gain, inflazioa ere sortu du, eszitazioa baretzeko.
Gaitz latza, inflazioa. Keynesek Leninen ahoan jarri zuen: «Esan ohi da Leninentzat diruaren perbertsioa Sistema Kapitalista suntsitzeko modurik onena dela». Marxistak beti bezain itxaropentsu. Hori dela eta, estatuak bi fenomenoak kontrolpean izaten saiatzen dira (inflazioa eta marxismoa, noski).
Jakina denez, inflazio espirala indartzen da ekonomiaren partaide guztiek euren erosahalmena eta irabaziak soldata eta prezio igoerekin defendatzen dituztenean. Hori azaltzeko, Paul Krugman ekonomista bere kide William Nordhausek 70eko hamarkadan erabilitako analogiaz gogoratu da. Nordhausek inflazioa futbol zelai batean gertatzen denarekin alderatu zuen. Partida bereziki zirraragarria denean, ikusleak eserlekutik altxatzen dira ikuspegi hobea izateko, baina hori kolektiboki okerragoa da: zaleen ikusmena ez baita hobetzen, aurrean dauden pertsonak ere zutik daudelako. Ba, inflazioarekin, berdintsu.
Orduan, nola lortu zaleak berriz ere jesartzea? Horretarako inflazioaren iturria zein den aztertzea interesgarria izan daiteke. 2021. urtetik pairatzen ari garen prezioen gorakadak jatorri ezberdinak ditu. Eta ekonomialariak ez dira jatorri nagusian ados jartzen. Batzuek inflazioa, gehienbat, pandemiari erantzuna emateko gobernuen gastu igoeren ondorioa dela diote: gehiegizko inbertsio eta gastu publikoak ekonomia larregi berotu dute, inflazioa sortuz. Egoera honetan, eskuliburuko botika banku zentralek interes-tasak igotzean datza, ekonomia moteltzeko. Futbol partidaren adibidera itzuliz: partida zirraragarria bihurtu ondoren, oraingo helburua partida lasaitzea litzateke, zaleak beren eserlekuetara itzultzeko helburuz. Honen alde negatiboa, tamalez, langabezia da.
Beste batzuek (Stiglitz horien artean), ordea, inflazioaren funtsezko iturburua pandemiak eragindako hornikuntza eskasietan, Ukrainaren inbasioan eta energiaren kostuaren gorakadan dagoela defendatzen dute. Hori horrela bada, estatuen oinarrizko erantzuna ez da zertan interes-tasen igoera izan behar. Egokiagoak lirateke horniduren garestitzeak arintzen dituzten politikak. Energia kostuak diru-laguntzen bidez murriztuz, adibidez. Edo hori dio eskuliburuak behintzat.
Dinamika hauen aurrean Blanchardek inflazioaren hazia non dagoen azpimarratu du: izan ere, inflazioaren fenomenoa, funtsean, langileen eta enpresen arteko botere borroka bat da. Inflazioa, bada, ez da geldituko eragileak emaitza onartzera behartuta dauden arte. Ondorioz, langileen, enpresen eta estatuaren arteko negoziazio batekin amestu du Blanchardek, non emaitza lortzeak ez duen ekonomiaren moteltze mingarria (eta langabezia) eskatzen.
Hau izan da ekonomialari bikain hauen ekarpena. Sozialismotik, ostera, gaia ez da asko landu eta ekonomia planifikatua izan da inflazioarentzat iradoki den sendagaia, nola ez. Maltzurren batek esango du sozialismotik egin daitekeen gauzarik azkarrena urruntzea dela. Edo, klasikoen hitzak erabilita: zulo berriak ez duela zaharra tapatzen. Baina batek daki...
Dena delarik ere, honekin guztiarekin ondorio bi atera ditut nik:
Batetik, erabakitze zentroetatik aparte gaude. Potentziek dituzten tresnak faltan ditugu: Europako Banku Zentrala arrotza zaigu eta dagokigun politika fiskala administrazioen artean sakabanatuta dago. Hori jakinda ere, kapitalismoaren alde mikatza dastatzera behartzen gaituztenean (inflazioa, kaleratzeak, enpresen porrotak), ekonomiaren arauak direla esaten digun ganorabakoren bat agertzen da ezinbestez. Patua kristau etsipenez jasan behar bagenu bezala. Baina partida potentziek dituzten tresna guztiak izan gabe jokatu behar badugu, ahal bada, enbatari aurre egiteko aterpeak eraikiz izan dadila. Babes ditzagun, beraz, gure interesak: Estatu Soziala, langile eskubideak, kooperatibismoa, enpresen erabaki organoak gure herrian eustea...
Bestetik, nago auziak ebazteko modu bi daudela: eskuliburua eta utopia. Hala ere, utopiak sarraskirako joera duen bitartean, eskuliburuak funtzionatzeko ohitura txarra du. Eta politikari ahoberoek utopia saltzen diguten arren, eskuliburua aplikatuko digutela jakin badakite. Hitzontzien iruzurra, bai. Baita sineskorren desengainua (eta kondena) ere.