Infernuko bidea

Antxon Gomez, Alberto Muñoz eta Ana Irastorza
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Infernuko bidea asmo onez harriztatuta omen dago. Ahanzturaren bidea, Egia, Justizia eta Erreparazioaren ukazioa (Genozidio frankista eta Estatu terrorismoaren biktimentzat berriro ere ez gertatzeko bermeak barne) humanismo faltsuaz harriztatuta dago, edukiz hustuta, baina, hori bai, asmo onez beterik.

Asmo oneko erakunde eta antolakundeak ezpondetatik erreskatatutako aitona anarkistaren gorpuzkiak familiari entregatzen diote; eta horiek, aitonaren militantzia politikotik beste muturrean egonik, herriko elizan ospatuko dute hileta-elizkizun katolikoa. Eta horrela itxiko da aitona anarkistaren historiaren zikloa.

Lehen-lehenik, fisikoki erail zuten, eta, ondotik, erailketa soziopolitikoa sufritu du; baina, jakina, hori guztia «asmo onez» egina da! Zenbatetan erabili izan dira familiak beraien biktimen berreskurapen eta osaketa soziopolitikoaren oztopo edo euste-harresi gisa? Gehiegitan.

Hobi komun bateko biktimen memoria soziopolitikoa ezkutatzen den omenaldi bakoitzeko, biktima horren egiaren eskubidearen gainean, izandako erreparazioaren gainean eta hil zenaren arrazoiaren gainean kare bizi paletakada bat botatzea da. Eta milaka eta milaka erail eta torturatuen erantzuleak eta erantzukizunak deusezten dira «asmo oneko» ahalegin horretan, «atzean utzi behar delako afera» edota «familiak bere senide maitea hilobiratu nahi duelako soil-soilik», «gauzak politizatu gabe» (atzean utzi behar ditugu kontu batzuk bakarrik) arma bat balitz bezala, Estatu arrazoiaren izenean aritutako hiltzaileen eta torturatzaileen inpunitatea kargatzen dute... atzo arte, bihar arte.

Memoria historikoaren inguruan aritzen garen erakundeak aspaldi ohartu ginen frankismoko biktimen memoria militantea ez zaiela atsegin, memoria historikoaz halako errekontziliazio katarsi moduko bat egin nahi dutelako, oinarrituta dagoena frankisten eta bere oinordekoen, bai biologikoak bai politikoak, hots, espainiar eskuinen inpunitatean. Memoria historikoaren Legea da, baina bada Euskal Herrian egiten ari diren ustezko omenaldi askotan gertatzen ari dena, erailtzen dutela oraingoan errepresaliatuen memoria soziopolitikoa.

Omenaldiak antolatzen dituzten instituzioek eta erakunde «zientifikoek» esaten digute Tolosakoak zirela biktimak , Berakoak, Gasteizkoak edota Donostiakoak. Baina ez digute esaten zein zen bere militantzia, zein zen bere ideologia, etafaxistek horregatik masakratu zituzten hain zuzen. Eta gizaki soziopolitiko horren ukazioak, bere hilketa hondamendi natural bat balitz bezala bihurtzen du. «Frankismoaren biktimak izan ziren» esaten digute. Frankismoa itsasikara edo izurrite biologiko bat izan balitz bezala. Frankistek eta haren oinordekoek 36tik gaur arte boterean egon ez balira bezala, edo, beharbada, horregatik berberagatik.

Omenaldi askotan egoten den «asmo oneko kutsu hori» eta «zuzenketa politiko hori» azidoa da, frankisten eta haren oinordekoen debeku judizial edo polizialak baino askoz korrosiboagoa dena. Militante antifrankistaren omenaldi batean polizia bidaltzen dutenean galaraztera, hildako militante horren militantzia aintzakotzat hartzen ari dira, behintzat. Adierazten ari dira modu horretan batzuen prepotentziaren jatorria eta besteen borrokarako eta militantzia antifaxistarako zentzua eta arrazoia. Ez genuke oroitarazi beharrik trikornio beltzak eta txapel gorriak militante politikoak direla, eta asko eta asko iraultzaileak ere bai: komunistak, independentistak, anarkistak, ekintzaileak, sozialistak... Askoz okerragoak dira «asmo oneko» ekitaldi horiek, non errekontziliaziora deitzen duten, baina frankismoaren gizadiaren kontrako krimenak eta Estatu terrorismoaren inpunitatea aipatu eta salatu gabe gelditzen diren; non espainiar eskuinaren iraganafamiliarra eta politikoaz ere ez den mintzo; non PSOE-UGTren traizioa salatu gabe gelditzen den, eta EAJ-PNVk bere militante sarraskituak ixiliaraziz.

Eliza katolikoak badaki, bai, Zeruko kontuak kudeatzen, eta infernukoak ere bai. Errepublikarren apaiz-biktimak santuak eta beatoak izendatuak dira. Frankismoaren euskal apaiz-biktimei hileta-elizkizun xume bat egin zitzaien Gasteizko Katedralean 75 urte ondotik, eta, gainera, eraikina apaintzen duen sinbologia frankistapean, eta, hori ,hierarkia kentzera ukatzen delako. Beste «asmo oneko» harria, infernuko bidean.

Diotenez, infernua asmo onez beterik dago, eta zerua ekintza onez. Genozidio frankista eta Estatu terrorismoaren biktimen infernua «asmo onez» beterik dago, eta Egia, Justizia eta Erreparazioaz husturik. Lehenik, alde errepublikanoen biktimak, eta, ondotik, euskal erakunde armatuen biktimak ekintzaz eta zehaztapenez beterik dago. Ohoreak, diru-laguntzak, milioiko kalte-ordainak, laguntzak, konpentsazioak, mendekua (eta ez justizia) gure familiarrak erail zituztenentzat....

Egia da garai berrian bizi garela, eta bada garaia genozidioa eta estatu terrorismoaren biktimak igaro zuten infernuko bidean asmo oneko lauzak altxatzen hasteko eta eskubideen harriak jartzeko: egiaren, justiziaren eta erreparazioaren harriak. Batzuek horretan dihardugu, beste batzuek, berriz,ahaztuaren zama/lauza astunak jartzen segitzen dute, infernuko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.