Hezkuntza esparrua—ere— iraganeko inertzia, klientelismo eta politiken gatibu bilakatu da. Gobernuaren hezkuntza politika ondo laburbiltzen du esaera honek: ezagun txarra hobe ezagun ez den ona baino. Hori bizi dugu egunero legebiltzarrean, eta aurrera egitea ekiditen digun horma sendo batekin egiten dugu topo.
Bestalde, oinarrian, hau da, ikastetxeetan, hezkuntza komunitateetan edota guraso elkarteetan, kontrakoa gertatzen da: ikastetxeak berritzen ari dira metodologia parte hartzaileak garatuz; goitik pairatzen dituzten estualdiei aurre eginez eta aniztasunari erantzuten saiatuz, nahiz eta sistema arrazista, matxista eta klasista izan. Curriculum hertsiak ezarritako motxila hartu eta aurrera egiten dute, ezartzen zaizkien plan estankoak ere hezkuntza proiektuetan modurik hoberenean txertatuz: hezkidetza, indarkeriaren aurkako protokoloak, elikadura osasuntsua, irakurketa planak eta planak eta planak... Bonbardaketa horrekin, Hezkuntza Sailak gobernatzeko duen inpotentzia mozorrotu nahi du. Hezkuntza komunitateak, aldiz, irribarre batekin eta esfortzu handiarekin erantzuten dio.
Zer izango litzateke lortuko bagenu goiko zein oinarrietako dinamikak frekuentzia berean sintonizatzea? Zer izango litzateke goian teorizatzen den guzia egiazki transferituko balitz bitartekoekin batera? Eta zer izango litzateke Hezkuntza Saila ahaleginduko balitz ikerketa eta ezagutza kontrastatu gehiago sortzen, baliabideak eragingarriagoak bilaka daitezen eta ikastetxe bakoitzak behar duenari erantzun diezaion? Posible litzateke aipaturiko norabidean jauzi kualitatibo bat egitea?
Hezkuntzaren antolakuntza agortua dago, eta eraldatu egin behar dugu. Trantsizioko neurri adostuak behar ditugu, betiere gure gazteen mesedetan. Politika estruktural eta berdintzaileak, ausartak behar ditugu, bestelako eredu batera jauzi egiteko. Adibidez, hezkuntza proiektuak indartzeko, beste kontratazio politika bat beharko genuke; familiak auzoko ikastetxeetan geratzeko politikak; antolakuntza eredua eraldatu, sare bakarrerantz norabideratuz —behintzat diru publikoz finantzaturikoa— gizarte kohesioaren mesedetan eta kapitalismoak sustatzen duen lehia eredua ahulduz.
Borondate politikoarekin lanean ari garen eragileok mahai gainean jarri dugu trantsizio bidea eguneroko neurriekin. Baina gauzak ez dira aldatu nahi. Edo beldurrak handiak dira, edo ez dago eredua aldatzeko interesik. Inertziak apurtzeko ausardia.
Cristina Uriarteren Hezkuntza Saila irudimen gabeko Isabel Celaáren Hezkuntza Sailaren jarraipen hutsa bilakatu da. 2009tik urte gogorrak pairatu ditugu murrizketa latzekin. Bi abiadurako sisteman sakondu dute bi gobernuek. Ondorioz, herrietako eta gizarteko arrakala soziala areagotu egin dute.
Hezkuntza sistemak bizi duen gaixotasun kronikoaren sintoma ugari izan ditugu zenbait ebaluaziotan. Baita Hezkuntza Sailak bere burua zuritzeko erabiltzen duen Euskadiko Eskola Kontseiluan ere, non eragileen ekarpenak ere ez diren kontuan hartzen. Azken hilabeteotan «ustezko sasi-akordioa» izan dugu hizpide, akordiotik gutxi eta desadostasunetik asko duena, hezkuntza komunitateko gehiengo zabala alboratu duena. Nora irits gaitezke bide horretatik? Egun dugun agorpen egoerara.
Badakigu ez dela erraza, lubakiak sakonak direla, baina, orain saiatzen ez bagara, inertziak eramango gaitu. Egungo politikarekin, posible al da Euskal Herri kohesionatu, euskaldun, inklusibo eta burujabea eraikitzea? Nire erantzuna ezezkoa da. Beraz, begirada alda dezagun eta jarrai dezagun eraikitzen hezkuntza sistema publiko burujabea.
Inertzia vs. ausardia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu