Duela gutxi minbiziak Txabi Sarra gure artetik eraman du, betidanik La Oreja de Van Gogh-en argiztapen arduraduna izandakoa. Nines zamalan langile gisa ezagutu nuen Azkena Rocken eta BBKn, eta hura ere duela gutxi joan zaigu. Orain Peio gure bihotzeko lankidea ere minbiziari bere bizitzako pultsurik handiena botatzen ari zaio; eutsi gogor, Peio, zurekin gaude!
Jende ezezaguna, baina milaka pertsonak bizi izan dute beraien lana, jakinaren gainean egon gabe. Eta zein da lan hori? Ba, lan hori ikuskizun eta ekitaldiak errealitate bihurtzea da. Lehendakariaren eta alkateen mitinak. BBVA eta Iberdrolaren akziodunen batzar nagusiak. Medikuen nazioarteko kongresuak. Bilbon egiten diren Makina-erremintaren Biurtekoa, Europa mailan sona duen feria, alegia; Ferroforma, burdinazko gaien topagunea; Euskal Encounter, euskadiko topagune informatikorik handiena; Durangoko Azoka. Zerrenda amaigabea.
Industria aski ezagunen feriak horiek guztiak, eta behar-beharrezkoak, ezta?
Adibidez, MTVrenEMAk 2018an Bilbon eta Bizkaian 47 milioi euroko inpaktua izan zuen, inbertsioaren hiru milioi euroak 16 aldiz biderkatuz, Euskadi munduko mapan seinalatuz. Espektakularra datua, benetan, eta gogoratu itzazue datu horiek (Unai Rementeriaren hitzak dira datuen iturria), errendimendu ekonomikoaren arloan kontuan hartzeko modukoak baitira!
Ekonomia, eta industria, zein garrantzitsuak benetan. Baina aipatu ditudan horiek industria ezezagun baten beharra izan dute... zein ote da?
Bai, asmatu duzu, ikuskizun eta ekitaldien industria, alegia.
Inbertsioekiko irabaziak ugaritzen dituen industria. Jendeak uste du entretenimendua sustatzen duen zaletasun bat dela guk egiten duguna. Askotan entzun izan dut hurrengo hau: «Dantzaldietan eta antzerkietan ibiltzen dira nire seme-alabak, antzerki munduan, badakizu. Musika eta gauza horiek, bertsoak...». Eta gure familiak berak askotan ez du ulertzen guk egiten duguna lan bat dela, eta industria bat eratzen duela bere kabuz. Eta industria hori, gainera, beste industrien katalizatzailea dela, argi eta garbi. Eta baita Unescok gizartearen premiazko behartzat deklaratua duen kultura zabaltzen laguntzen duen industria garela ere. Baina argi eta garbi geratu dadila gure industria ez dela kulturaz soilik osatzen, aipatutako hainbat eta hainbat feria, politika eta enpresaren beharrak, irakaskuntza eta bideokonferentziak eta beste hainbeste gauza dira; duda gabe ulertarazi nahiko nizuke zuri, irakurtzen ari denari.
Eta larunbatean, abuztuaren 22an, Bilbon Teknikariok sindikatuak deitu duenmanifestazioak begitara eman nahi duena hori da, gure industria hilzorian dagoela. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, diputazioek eta udaletxeek ez dute gure industria berrabiarazteko inongo planik, ez gaituztelako industria gisa antzematen. Baina osasunaren izenean geldiarazi gaituzte, eztabaida posiblerik gabe. Langileok ez dugu interlokuzio mahairik zabalik inorekin, oporretan daude abuztuan. Eta diru laguntzak ez dira langile denontzat ailegatu. Zergatik? Aurretik ez dagoelako lan hitzarmenik; ondorioz, jendea autonomo gisa egon da lanean, eta letra txiki asko dago diru laguntzetan, edo gure industriaren aldizkotasuna, adibidez, ez dago onartuta gure behin-behineko kontratuetan laguntzak eskuratzeko orduan. Orri gehiago beharko nituzke dena azaltzeko.
Laburki esanda, ikuskizun eta ekitaldien industriaren langileok ez dugula etorkizunik, hori sentitzen dugu.
Eta Teknikariok sindikatua horri guztiari aurre egiteko etorri da, betidanik gure industriak duen minbizi endemikoari irtenbideak emango dizkion sendabideak mahai gainean jarri eta inplikatu guztiekin eztabaidatzera, gaurko hilzoria etorkizun oparo bihur dadin.
Industria ezezagun bat hilzorian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu