Herri industrializatua da gurea, eta, horrek sortzen duen aberastasunari esker, ongizate maila altu bat lortu dugu. Industriak lehengaiak naturatik erauzi eta produktu bihurtzen ditu, eta, horretarako, energia asko behar du. Energia hori, gure bizitzako beste esparruetan —etxebizitza, garraioa...— kontsumitzen dugun energiarekin gertatzen den bezala, kanpotik iristen zaizkigun erregai fosilek eman izan digute, baina, klima krisia dela medio, baliabide fosil horiek gure lurraldean ekoitzitako energia iturri berriztagarriekinordezkatzera behartuta gaude. Egin ezean, zientzialariek ohartarazi dute etorkizuneko belaunaldien ongizatea (edo biziraupena) kolokan egon daitekeela. Energia berriztagarriak ezinbestekoak zaizkigula onartuta, horien hedapena nola egingo den zehaztu beharra dago.
Lehenik eta behin, lurralde antolaketa egoki bat behar da, energiaren ekoizpena lurraldeak bete behar dituen gainontzeko funtzioekin egoki uztartuko duena, hala nola elikagaien ekoizpena, ur baliabideen kudeaketa, biodibertsitatearen zaintza, eta abar. Ukaezina da energia berriztagarrien hedapenak inpaktu negatiboa izango duela ingurugiroan, baina, ondo egiten baldin bada, inpaktu hori mugatua izan daiteke.
Bigarrenik, ereduak inporta du. Ahal den guztia eredu banatuan egitea da niretzat desiragarriena, autokontsumo fotovoltaikoaren, bero ponparen, eguzki energia termikoaren, biomasaren eta komunitate energetikoen bitartez. Gure teilatu eta basoek energia ekoizteko daukaten potentziala esanguratsua da, eta ahalik eta gehien aprobetxatu beharra daukagu, baina hori posible egingo duen estrategia bat behar da horretarako. Esatearekin soilik ez da gertatuko, hainbaten artean, plaka fotovoltaikoak edo biomasa galdarak jartzea, adibide bat ematearren, milaka jabe indibidualen esku baitago.
Hala eta guztiz ere, horrekin bakarrik ez da nahikoa, energia kontsumoa nabarmen murriztuta ere, teilatuek eta basoek ezin dezaketelako eman gurea bezalako gizarte industrializatu batek behar duen energia guztia. Gainera, soilik teknologia fotovoltaikoarekin ezin daiteke berriztagarrien parte hartze handia izango duen sistema elektriko bat lortu, are gutxiago Euskal Herrian, eguzkirik gabeko egun asko ditugulako. Sistema elektriko berriztagarri batek oinarrizko hiru osagai behar ditu bideragarria izateko: energia fotovoltaikoa, energia eolikoa eta biltegiratzea. Hiru teknologia horien osagarritasunik gabe, ezin daiteke berriztagarriek presentzia esanguratsu bat izango duten sistema elektriko bat lortu. Beraz, teilatuetan egiten den autokontsumo fotovoltaikoa ez da nahikoa, energia eolikoa ere behar dugu, energia biltegiratzeko sistema ezberdinekin batera. Eta, zoritxarrez, ezin ditzakegu zona antropizatuak erabili energia eolikoa ekoizteko, zona horietan ez dagoelako nahikoa haize horretarako, eta, beraz, ez delako bideragarria, ez ikuspegi ekonomiko batetik, ezta energetiko batetik ere.
Hori horrela dela onartuta, eta aintzat hartuta berriztagarriek Hego Euskal Herriko mix energetikoan daukaten parte hartzea %14 eskasekoa dela, azpiegitura horiek multinazionalen diru gosea asetzeko eraikitzen direla esateak askoz konplexuagoa den errealitate bat gehiegi sinplifikatzen duela uste dut. Bestelako kontsiderazio guztien gainetik, azpiegitura horiek erregai fosilak ordezkatu eta egungo eta etorkizuneko energia eskariaren zati esanguratsu bat asetzeko behar ditugu. Besterik da behar hori daukagula aprobetxatuz multinazionalek negozioa egin nahi izatea. Hori mugatu nahi badugu, azpiegitura horien kontrola energia hori behar duen lurraldeko instituzio, enpresa eta herritarren eskuetan egongo dela bermatzea da gakoa. Zentzu horretan, iruditzen zait Statkraft eta Krean-ek berriki proposatutako ereduan sakondu beharko genukeela.
Eztabaida hau ez badugu heldutasunez eta arduratik egiten, gizarte moduan hipokrisia ariketa handi batean erortzeko arriskua daukagu. Hau oso ondo islatzen da berriki Sidenorrek eta Euskadiko Energiaren Erakundeak (EEE) bultzatu duten ekimenean. Elkarrekin sozietate bat sortu dute Katalunian kokatuta dauden zortzi parke fotovoltaikoetan inbertitzeko, horrela Sidenorrek dituen energia beharrak planta horiek ekoitziko duten argindarrarekin asetzeko. Nire kritika ez da horrenbeste Sidenor edo EEEri egindakoa, zenbait diskurtsotan antzematen dudan inkoherentziari baizik. Gure lurraldean ez dugu gure industriak kontsumitzen duen energia ekoizteko azpiegiturarik nahi, baina ez gaude industria horrek sortzen duen enpleguari eta aberastasunari uko egiteko prest. Ondorioz, gure industriak sortzen dituen inpaktu positiboekin gelditzen gara, eta beste lurralde batzuetara lekualdatzen ditugu inpaktu negatiboak, kasu horretan Kataluniara. Hau ez da justua, ezta koherentea ere.
Azkenik, ezinbestekoa iruditzen zait azpiegitura berriztagarrien hedapena horiek jasoko dituzten lurraldeen garapena eta ongizatea bultzatzeko bestelako politika batzuekin lagunduta egitea. Esaterako, landaguneak berezkoak dituen jarduera ekonomikoen sustapenarekin, elikagaien ekoizpena kasu. Edo, biodibertsitatearen zaintzara bideratutako neurriekin, bestelako basogintza eredu baten alde eginez, adibidez. Zenbait diskurtsok diote azpiegitura horien hedapena ez dela bateragarria landaguneen errealitate eta beharrekin. Nik ez dut iritzi hori partekatzen, eta horrelako azpiegitura bat aurreikusita dagoen landagune batean bizi naiz. Bateragarriak izan daitezke, neurrian eta ondo egiten baldin bada.
OHARRA: Artikulu hau www.fagor.eus webguneko blogean eskuragarri dagoen artikulu zabalago baten parte da.
Industria eta energia trantsizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu