Garaipen handi bat lortu genuen 778. urteko abuztuaren 15ean, gure independentziaren hasiera izan zen garaipena, herri bat antolatzen hasteko unea, gure estatua eratzeko oinarria. Ospa dezagun ba garaipen hura, azken urteotan bezalaxe, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen egingo den ekitaldira joanez.
Zoritxarrez, 1200. urtetik hona, gure herriaren ukazio biolentoa besterik ez dugu izan. Abuztuaren hamabost honek harro sentiarazteko balio behar digu, herri bezala bizirik jarraitzen dugulako. Baina, aldi berean, independentzia lortzeko hausnarketa baten aldarria egiteko ere erabili nahi dugu.
Munduan badira, gurea kasu, estatuen menpe bizitzera behartuak diren zenbait herri, estatu horiek inposatutako «herri bakarraren» zati bat izatera kondenatuak. Baina zapaldutako herri hauek, desagertzen ez diren artean, erantzun argi bat dute ahoan: beste herri bat direla; alegia, ez dutela onartzen berea ez den beste naziotasun bat indarrez inposatzerik.
Erantzun honek esanahi bakarra dauka: independentziaren nahia eta eskubidea; inork zapaldu ezin dezakeen eskubidea, berezkoa eta eztabaidaezina. Gure izaera, ohiturak, antolakuntza, kultura, hezkuntza, hizkuntza… hitz bakar batez gure identitatea desberdina izateak eta askatasun nazionala lapurtu zigutela jakiteak indartu egiten du askatasun borondate hori; baina benetako indarra gaur libre nahi izatea da.
Hausnarketa aipatu dut eta, lehen atal batean, gaur arteko emaitzak eta gaurko egoera ikusirik, zer eta nola egin dugun aztertu beharra daukagu. Independentziatik oso urrun gaude, bide okerretik ibili izanaren seinale nabarmena.
1998an hobetzeko grinari buruz idatzitako liburu baten azpitituluak honela dio: «Berdin segitzen badugu, lehengoa baino ez dugu lortuko». Ez ditzagun, ba, errepikatu orain arteko hutsegite berberak.
Pako Aristik, Etsai jauna, buenos días! artikuluan (BERRIA, 2012-01-15), honela itzuli zituen Slavoj ÃŽiÃek filosofoaren hitzak: «Zergatik gobernuak izuaren mende jartzen dira abstentzio masiboaren aurrean? Onartu beharra daukatelako bere boterea erabiltzea posible dela, soilik biztanleek onartzen badiete. Botere hori onartzen da baita hautestontzietan bere erretxazoa jarrita ere. Baina abstentzioa ukamen intrapolitikoa baino harago doa: erabakitze-markoa bera ukatzen duelako».
Hauteskundeak datoz eta, indar handiko zurrunbilo baten aurka joanda ere, gogoeta bat proposatu behar genuke: erabilgarriak izan al dira eta izan al daitezke noizbait, gure helburua lortzeko, gure estatu propioa berreskuratzeko? Soilik independentziarako estrategia baten barruan izan daiteke baliagarria, batzuetan eta taktika moduan, etsaiak antolatutako hauteskundeetan parte hartzea. Ez, ordea, sistematikoki, estrategia propiorik gabe eta hauteskunde horiek Espainia eta Frantziako ustezko «demokrazien» oinarria bailiran.
Ez dugu, ordea, horrela jokatu; itsu-itsuan joan gara, askatasuna lortzeko inola ere mesedegarri izan ez diren eta izango ez diren «gehiengo» edo «garaipen» elektoralen bila. Uste izan dugu jokaleku horretan, etsaiaren legalitatean, independentzia lortzeko indar nahikoa izango dugula noizbait.
Zapaldua dagoen eta erakunde nazional propiorik ez duen herri batek ezin du inoiz legezkotzat, legitimotzat jo etsaiaren legedia. Ez, behintzat, behartuta ez bada.
Oker egindakoa ez errepikatzearen garrantzia azaldu ondoren hausnarketaren lehen atalean, zer egin daitekeen aipatu nahi nuke bigarrenean. Erresistentzia zibilak egingarriak diren gauza txiki asko izan ditzake; kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak direnak. Horietako bat litzateke hauteskunde egunean mendira edo hondartzara joatea, abstentzio aktibo handi bat egitea.
Ondo antolatutako abstentzio aktibo batek gure legitimitatea indartuko luke, eta arerioarena ahuldu, neurri berean; gure askatasun nahia elikatzeko eta indartzeko balioko luke.1978. urtean izan genuen horrelako aukera bat, eta ez genuen erabili, ez genuen tresna eraginkor bihurtu. Denbora aurrera doa eta gure aldeko emaitzak ez ikusteak etsipenera darama herri hau.
Abuztuaren 15ean ospatuko dugun eguna, askatasun eguna, jai nazionala izendatu dugun egun hori erabili nahi nuke gauzak beste modu batean egitea proposatzeko. Lehen aipatu dudan zurrunbiloan etenaldi txiki bat egitea luzatu nahi genuke: hausnartu eta lagun artean hitz egin hemen esandakoari buruz eta, ondoren, buruak, bihotzak, edo biek batera aholkatzen dutena egin. Bat-batean ez bada ere, sor daiteke, agian, norabide desberdineko beste zurrunbilo handi bat.
Bitartean, antola dezagun buruzagitza berri bat, herriaren indarrean sinestuko duena eta egoki erabiliko duena. Erakunde nazional bat sortzeko pausoak eman ditzagun. Sor ditzagun talde kontziente eta eraginkor ugari, koordinatuak, guztiak norabide bakarrean, eta helduko gara, kostata bada ere, independentziara, demokraziara; aurtengo askatasun eguneko leloak dioen moduan, independentzia baita demokraziaren abiapuntua.
Independentziarik gabe ez dago demokraziarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu