Joan den apirilaren 10ean egin zuten Bartzelonan kontsulta independentista, eta horrek bururatu zituen gizarte zibil katalanaren ekimenak izandako ziklo ugariak, hasi 2009ko irailetik eta orain arte, eta, guk dakigula, erantzun halako bat izan da, Kataluniak Madrildik jasaten ari den erasoaren eta espoliazio basatiaren kontra klase politikoak agertutako konformismoari aurre egiteko emandakoa. Hauexek dira kopuruak: 22.000 milioi euro urtean, 60 milioi euro egunean, 12.000 euro urtean familiako, 3.000 euro katalan bakoitzak. Harrapakeria espainol horren tamainaz jabe gaitezen, nolabait, nahikoa da esatea munduan parekorik ez duen kasu bat dela. Zerga defizitaren muga BPGaren %4 da Alemanian; % 2,5 Ameriketako Estatu Batuetan; eta %2 Australian eta Kanadan. Katalunian, berriz, %10era iristen da, eta horri ezin zaio iraunarazi. Eta larriena da espoliazio hori guztia ez litzatekeela zilegi izango klase politiko katalanaren onespenik gabe, ezin eutsizko hitz-jarioa ageri baitu harro, baina benetako orduan masokista bat bezain otzan ageri baita bere dominatrix-aren aurrean. Izan ere, espantu hutsak besterik ez dira esaten dituen guztiak, haren etsipen lotsagarria ordezteko baliatutakoak. Ondo baino hobeto daki ez dagoela independentzia beste alternatibarik —Jordi Pujolek berak ere onartu du—, baina zangoek dar-dar egiten diote herrialdeari hitz egin behar diolarik, egoera azaltzeko eta horrenbestez jokatzeko eskatzeko.
Arrazoi horregatik, eta kale itsu batean dagoelako ziurtasunagatik, gizarte katalanak entzungor egin die Estatuko Fiskaltza Nagusiaren mehatxuei, eta independentziari buruzko kontsulta egin du 600 udalerritan guztira —944 daude—, eta honako hau galdetu: «Ados al zaude Katalunia zuzenbide estatu independente, demokratiko eta sozial bat izan dadin Europako Batasunean?». Emaitza, ondo baino hobeto dakigunez, baiezkoaren aldekoa izan da nabarmen —%90 baino gehiago—, eta prozesua begiratzen jardun diren nazioarteko ehunka begiraleri harrigarria iruditu zaie prozesu hori hain modu zorrotz eta eraginkorrean egin izana, antolakuntzarako gaitasun apartaz, eta milaka boluntariok lan eskerga egina halakorik burutan ateratzeko.
Kontsulten kontra, espero izatekoa zenez, obedientzia espainoleko alderdiek denetarik probatu dute: mehatxu egitea —arestian aipatu bezala—, hertsatzea, legez kanporatzea, omena kentzea, deabrutzea, mespretxua agertzea… Eta, hala ere, ez dute ezer lortu. Prozesuari enbarazu egin diote, egia da, baina ez dute ez hura geldiarazi eta ez politikan nabarmendu gabeko pertsona asko eta askoren sentiberatzea eragotzi ere. Uste dut Euskal Herriak bere egin beharko lukeela ekimen hori; egia bada ere ikuspegi juridiko batetik ez duela ezertara behartzen, ezin eztabaidatuzkoa da berebiziko hiru balio dituela: lehenik, kalera ekartzea independentziari buruzko eztabaida, eta gizarte eremu guztietara zabaltzea; bigarrenik, beren burua definitzera behartzea alderdi guztiak, eta amaitzea anbiguotasuna praxi politiko gisa; eta hirugarrenik, agerian uztea topiko bat, independentismoa gutxiengo bati dagokiolakoa, eta erakustea aukera hori etengabe ari dela handitzen.
Nolanahi ere, kontsultek eragin dituzten kontrako erantzunak ikusi besterik ez dago konturatzeko noraino behartzeko gauza diren. Lehenik eta behin, ezin harago behartu dituzte Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista, Falangearekin batean hiruko bat osatzeraino. Hiruko bitxia irudi dakioke norbaiti, baina, egiaz, zentzuzkoa da oso, hiru taldeek ere bai baitute batzen dituen zerbait, Espainia deituriko erlijio bat eta bera, haren izena entzun orduko estasiak jota geratzerainokoa. Montilla presidente ohiak, zehazki —erretiratu aktibo bat izaki, urtean 115.00 euroko pentsioa duena, kargu horretan lau urte bakarrik kotizatuta—, kritikatu egin du Artur Masek aldeko botoa eman izana kontsultan, eta esan du «itzal handiko ordezkari bat» dela, katalan guztiak identifikatzen direla harekin, eta halako keinuekin ez dakarrela «batasunik, zatiketa baizik».
Argudio bitxiak, «itzal handiko ordezkari» izatea eta «zatiketa» ekartzea. Montillaren ustez, ez berari eta ez gainerako sektore espainolistei minik ez ematearren eta Kataluniako Gobernuak ordezka zitzan, herrialdeko presidenteak ez zukeen bozkatu behar. Baina zer gertatzen da beren presidenteak bozkatu izan ez balu minduta sentituko liratekeen eta erakundeetan ordezkaririk izango ez luketen demokrata katalan horiekin guztiekin? Gizarte multzo hori ez al da aintzat hartzekoa? Bada, ez; dirudienez, ez da aintzat hartzekoa. Horrek bakarrik argi uzten du noren ordezkari zen Montilla presidente zelarik. Amarrua da, beraz, guztioi sinetsaraztea jarrera apolitiko eta neutral bat dela ez bozkatzea —kontsigna horixe eman zieten PPk eta PSOEk tokian tokiko sekzioetakoei—, eta, alderantziz, jarrera politiko eta partziala dela hautestontzietan paper bat sartzea besteak norberaren ordez erabaki ez dezan. Bitxia, inondik ere. Jostagarriena, ordea, argudio gisa «zatiketa» baliatzea da. Orain ere zatiketa hori egongo ez balitz bezala. Nolatan egin dituzte kontsulta horiek, orduan? Erreferendumak, hain zuzen ere, gai baten inguruan iritzi desberdinak daudelako egin ohi dira, eta erregimen totalitarioek bakarrik galarazi ohi dituzte. Erregimen horiexek, Jose Montillaren argudio berbera baliatuta, ez dute hauteskunderik egiten. Zertarako, gizartea zatitzeko besterik balio ez baldin badu pentsaera bakarraren batasun erosoaren kontrako iritzi politikoak bozkatzeak?
(Erredakzioan itzulia)
Independentziari buruzko kontsultak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu