Independentziaren eguna

2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Aurten inoiz baino beranduago dator Aberri Eguna; apirilarenazken igandean, hain zuzen ere. Nafarroaren Eguna Baigorrin azken hiru hamarkadotan Basaizea Elkartearen eskutik ospatu izan den egun berean. Beraz, bi ospakizunak egun berean, Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna.

Datorren urtean, 2012an, gure herriaren imajinario kolektiboan izugarrizko garrantzia duten iraganeko bi gertaeraren urteurren borobilak beteko dira: 75 urte Gernika bortizki bonbardatu zutenetik eta 500 Nafarroa indarrez konkistatu zutenetik. Gure herriaren aurkako eraso eta inposizio historiko bortitzak biak. Menperatzea, zanpatzea eta gure burujabetzaren deuseztea adierazten duten bi gertakizun.

Halabeharrez, Aberri Egunak eta Nafarroaren Egunak bat egin dute aurten, 2012ko urteurren hain esanguratsuaren ateetan. Abertzale guztiok Nafarroako Erresuma era bortitzean konkistatu eta gure Estatua deuseztatu ziguteneko data hain tristea gogoratu eta, 500 urte geroago, XXI. mendean, gure askatasuna berreskuratu eta euskal Estatua berriro eraikitzeko borrokari tinko eusteko konpromiso kolektiboa aldarrikatzeko prestatzen ari garen une honetan datorkigu ospakizun bikoitza apirilaren 24 honetan.

Hau guztia kontuan hartuta, Independentistak Sareak deialdi bikoitza egin du, eta aldi berean plazaratu du aurtengo eta datorren urteko Aberri Egunen deialdia. Aurtengoa, Gernikan eta Baigorrin, eta datorren urtekoa, Iruñean. 2011 eta 2012, Gernikatik eta Baigorritik, Iruñera. Gernika, gure askatasunaren ikurra, Baigorri, nafar lurralde batasunaren ikurra, eta Iruñea, Nafarroako Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua, lotu nahi ditugu bi urte hauetan.

Baigorrin, Basaizea Elkartearekin elkarlanean, Nafarroaren Egunaren baitan egingo da eguerdian Aberri Egunaren ekitaldia. Gernikan egun osoko egitaraua izango da, eguerdian manifestaldia eta ekitaldi politikoa eta, ondoren,aldarrikapenak eta jaiak bat egingo dute arratsalde osoan, gauera arte.

Argi berdea independentziari izango da aurtengo Aberri Egunaren leloa, hau da,euskal nazioa aitortu, eta independentziarako, askatasunerako duen eskubidea errespetatzeko exijentzia. Hiru puntu laburretan zehazten den aldarrikapena:

1. Euskal Herria, euskal nazioa, aitortu eta errespetatu, inolako ukazio eta lurralde mugarik gabe.

2. Euskal Herria nazioa izanik, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta errespetatu. Hots, Autodeterminazio Eskubidea.

3. Joko demokratiko garbia, proiektu politiko guztiek, independentziarena barne, jakina, baldintza berdinetan defendatu eta gauzatzeko aukera izan dezaten. Eta gauzatzeko orduan, baldintza: euskal herritarren gehiengoak era libre eta demokratikoan adierazitako babesa.

Argi berdea independentziari, euskal independentista guztiei, eta demokrata guztiei orokorrean, bideratzen zaien erronka, guztion artean independentziari argi berdea pitz diezaiogun, horixe izango delako, hain zuzen ere, argi berdea demokraziari.

Euskal Herri osoa animatzen dugu Independentistak Sareak Baigorrin eta Gernikan antolatu dituen ekitaldietan parte hartzera, denon artean Aberri Eguna izugarrizko olatu berde erraldoia bilakatu behar dugulako, era tinkoan erakusteko 75 urte geroago, 500 urte geroago, Euskal Herria bizirik dagoela! Eta, gainera, bere askatasunaren sua behin betiko pizteko prest, independentziaren argi berdea pizteko prest.

Alderdikeriak alde batera utzi eta mundu osoan zehar zabaldurik gauden sentsibilitate guztietako euskal independentistok izugarrizko mugimendu indartsu eta eraginkorra eraiki behar dugu datozen urteotan bere independentzia lortzeko bidean dauden nazioen taldean Euskal Herria ere sartzeko, eta hori horrela aitortua izan dadin nazioartean.

Apirilaren 24an berriro ere abertzale guztiok, kolore guztietako independentistok, aniztasunean, elkarturik Aberri Eguna ospatzeko aukera dugu. Alderdiek, eta gainetiko eragileek, urte osoa daukate euren eguna ospatzeko. Baina Aberri Eguna abertzale guztion eguna da, abertzale guztiok elkarturik ospatzeko eguna. Aberriaren Eguna. Independentziaren Eguna!

Independentistak Sarearen helburu nagusietariko bat da independentistak interkonektatu eta auzolan erraldoia martxan jartzea eta, aldi berean, independentismoaren indarra azaleratzea. Asko gara, gero eta gehiago, baina ikustezinak oraindik neurri handi batean. Aberri Egunak independentista guztion artean geure indarra erakusteko eguna izan behar du, gero eta gehiago garela erakusteko eguna, eta euskal independentismoaren hazkundea gure jendartearen aurrean, Estatuen aurrean eta mundu osoaren aurrean erakusteko eguna. Independentismoaren termometroa.

Iazko Aberri Egunean independentismoaren garai berri hauen lehen urratsa egin genuenetik lan handia egin dugu, sarea hedatu eta olatu berdea martxan jarri dugu. Orain, emaitzak erakusteko ordua da. Denok Gernika eta Baigorrira! Denok Independentziaren Egunera!

Artikulu hau honako hauek sinatu dute: Ramon Labaien, Itziar Ituño, Ixabel Etxeberria, Paul Nicholson, Maite Aristegi, Oskar Bañuelos, Txutxi Ariznabarreta, Maider Carrere, Jon Andoni del Amo eta Garbiñe Buenok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.