Udazkena bero datorkigula sumatzen dut. Tenperatura politikoa 38 gradutik gora igo zuen Kataluniako herritarrek ospatutako Diada itzelak. Euskal Herriko txoko honetatik inbidia ederra eman zidan sukar horrek: herritarrak bat eginik, arazo guztien gainetik, xede bera buruan,abesti batek zioen bezala «lotsa gabe oihuka» independentzia nahi, behar eta aldarrikatzearen sukarra.
Bildu, Amaiur edota orain EHBilduko kideok ere beroa gustuko dugula dirudi; izan ere, gure ernalketa bor-bor betean gertatu zen;legez kanpo utzi nahi gintuzten sutan zeuden batzuk, berotu ziren beste batzuen buruak Bildurik gabeko balizko eszenario baten aurrean, eta hauteskunde egunean herritarrek pronostiko guztiak erre egin zituzten.
Hasiera-hasieratik eta hotz-hotzean zein beroaldietan berdina esaten dihardugu koalizio berri honetatik: ezkerretik egindako politikak ezarriz, ezberdintzen gaituena albo batera utzi eta batzen gaituena lehenetsiz,independentziara heltzea dugula helburu. Badirudi, baina, argitasun horrek beste alderdi batzuetako politikak itsutzen dituela; izan ere, ohituak daude diskurtso epelak plazaratzera,gauza bat esan eta beste bat egitera, goxo-goxo maindire azpian gordetzera beraien helburu estrategikoak, gaueko intimitatean berotzeko edo…
Kanpaina garaian hitz asko eramaten ditu haizeak, hostoen antzera, baina zuhaitzen erroetara begira dezagun: Bilduk argi du bere helburua, arestian aipatu dudana eta euskal herritar guztiek, baita espainiar askok, europar ugarik, eta noski diasporako lagunek ere garbi dutena; Euskal Herria aurrera ateratzeko politikak ezartzea, herri bezala subiranotasun politikoa eta ekonomikoa lortu arte.
PPk eta PSEk ere badute edozeren gainetik dagoen xede bat: I need Spain lelopean espainiar estatuaren menpe mantentzea gure herria. Beste guztia bigarren maila batean dago, hala nola normalizazio linguistikoa, gizarte laguntzak edo Eusko Jaurlaritzari zor zaizkion eskumenak ez ematea, besteak beste.
Apustua egina du PNVk ere,eta, tamalez, ez da Euskal Herria Europako beste herri burujabe bat izatea. PNVren helmuga bat eta bakarra da Ajuria Enera bueltatzea. Badakite jeltzaleek Jaungoikoa eta Lege Zaharraren laguntzaz bakarrik ez direla bertara iritsiko, eta beste iturrietan egarria asetzeko prest daude: aurreko hauteskundeetan lehendakaritza «okupatu» zioten PP eta PSEren uretan, hain zuzen.
Bakoitzak bere bideari ekitea da noski naturalena, eta zilegia erabat, demokraziaren oinarri. Baina eta besteen helburuak zangotrabatzen diharduenari jada ezin esan diezaiokegu joko garbian dabilela. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizioan dauden hiru taldeek zaborrez zikindu nahi izan dute Bilduren azken helburua. Badirudi hondakinak erraustu baino, herri honek duen askatasun grina erre nahi dutela. Badirudi Pasaiako kanpo portuan ito nahi dutela euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, eta badirudi abiadura handiz geratu nahi dutela gizartearen parte-hartzea.
Oztopoak oztopo, inoiz baino argiago dugu Iparra koalizio berrian bilduta gaudenok. Lopez jaunari esango nioke Bilduri ez ziola PNVk beldurrez gobernua eman, herritarrek baizik. Urkullu jaunari, berriz, ausarta izateko garaia dela, orain arteko markoak apurtu eta geurea eta guk nahi duguna eraikitzeko garaia. Eta, azkenik, Basagoiti jaunari, pena dela bere kanpainako izar izango zen Esperanza Aguirre anderea gurera ez etortzea, berak bai berotuko lizkigukeelako bazter guztiak!
Independentziaren beroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu