Independentziarako azken atala

2016ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Abisatuta zaudete: Kataluniaren independentzia prozesuak datorren urte politikoan ebatziko ditu bere azkeneko auziak. Batera edo bestera jo dezake nora ezean, baina datorren udaberrian jakingo dugu nola amaituko den proiektu zibiko, baketsu, demokratiko eta transbertsal hori, zeinak aurpegi eman behar baitio erabaki bakar gisa kriminalizazio eta judizializaziora jotzea aukeratu duen estatu bati.

Horrek berekin dakar Katalunian bide demokratikoan tematuko garela, borrokarako eta erresistentziarako aukera gisa; erabat jakitun gaude Estatuak demokraziaren kontrako metodoak erabiliko dituela, hain zuzen ere, eragotzi ahal izateko funtsezko printzipio demokratikoetan oinarrituz burutan ateratzea akordio proiektu hori. Guretzat, ez da gauza berria, inondik ere, baina horrek ez du esan nahi aintzakotzat hartu behar ez dugunik. Eta zuentzat ere ez, Euskal Herriko irakurleok, azkeneko orduotan ikusten ari baitzarete Espainiako Estatuak berriro erakutsia dizuela bere itxurarik antidemokratikoena, Arnaldo inhabilitatzen ahaleginduz, zeina bake bila aritzeagatik atxilotu baitzuten, eta, ezbairik gabe, huraxe lortzeagatik inhabilitatu. Egun, Espainiako Estatuak areago dirudi beren «erregimenaren» kontra doan oro zapaltzen duten estatuetako bat, Europako edozein demokrazia baino. Agerikoa da Otegiren kasuan, eta nabarmena da, halaber, Kataluniaren independentzia prozesuan.

Estatuaz eta Estatuaren arkitekturaz mintzo garelarik, ona da gogoraraztea hura babesten duten alderdien sistema bat duela euskarri, eta demokrazia aurreko aldi horretan segitzen duela. Gogorarazi behar da formala baino ez dela PPren, PSOEren, Ciudadanosen, Ezker Batuaren eta Podemosen arteko desadostasuna. Berriro diot: estetikoa baino ez. Guztiak ere —beren burua ezkerreko erreformatzaile progresistatzat izendatzen duten horien lotsagarri— bat datoz gezurrezko egitate honetan. Ez zaie askorik axola legedia hori inolaz ere ez etortzea bat Kataluniako gizartearen gehiengoak adierazitako erabakimen politikoarekin eta Kataluniako Parlamentuan gehiengo absolutu politiko bidez adierazitakoarekin. Podemos bera, ardi larruz jantzirik, ez da gai izan Francok ezarritako monarkia zalantzan jartzeko ere. Eta, behar izanez gero, Borboikoarekin argazkiak ateratzen dituzte, eta txalo ere jotzen diote.

Are gehiago: Estatuarekin adostutako erreferendum bat aldeztea, Espainiako Gorteetako ikuspegi politikoa gordez —Podemosekoek Katalunian egiten duten bezala—, zuzenean tesi unionisten alde egitea da, ezinago beteezina den alternatiba bat eskaintzen baitute jakinaren gainean.

Paradoxaz, Espainiari obeditzen dioten alderdiek halako batasun politikoa erakutsi izana, hain zuzen, ezinago eredugarria da independentzia prozesuaren azkeneko zatiari ekiten ari zaizkion Kataluniako taldeentzat. Independentziaren aldekoen artean ezin da izan estrategia alderdikoi baten arrastorik txikiena ere, ahuldu egingo bailieke batasun politikoa, prozesuaren azkeneko zati horri ekiteko ezinbestekoa.

Halako batasunak zer-nolako osasun egoera duen, lehen-lehenik, Puigdemont presidenteak proposaturiko konfiantza mozioan ikusiko dugu. CUPeko kide nabarmenek, eta haren Idazkaritza Nazional berrikoek, jendaurrean adierazia dute inolako eragozpenik gabe gainditu ahal izango dutela behaztopa harri hori. Modu ezin hobea urte politikoa hasteko.

Abagune egokia izango da, halaber, erakusteko unean-unean esku artean dugun horretan zentratzen garela eta ez diogula tokirik egiten batasun politiko argi eta gardeneko mezu bat lausotu dezakeen ezein azpikeria oportunistari. Konfiantza auziaz mintzo baldin bagara, konfiantza auziaz mintzo gara.

Beti bezala, Estatuaren ohiko aparatuen lankidetza daukagu, zeintzuek bidezko iritzia baitiote parlamentuko presidente Carme Forcadellen eta haren mahai osoaren jokabide politiko eta arauzkoa judizializatzeari. Oraindik erabakizun ditugu, halaber, Mas presidente ohiaren eta haren bi kontseilarien kontrako prozesu judizialak, A-9ko kontsultaren harira. Ezar litezkeen zigorrak —inhabilitazioa, esaterako— edo prozesu judizialak berak egokiera ezinago bikainak dira erakusteko ezen Katalunia protagonista duen autodeterminazio prozesuak argi eta garbi erakutsia duela ez dagoela desobedientzia zantzurik, baizik eta obedientzia zorrotza demokrazia erradikal bati, zeinak men egiten baitio Parlamentuari, legez ezarritako botere legegileari, eta entzungor egiten subiranotasun politikoa apaldu edo mugatu nahi dioten kanpo epaitegiei.

Espainiaren dinamika horrek eta Gorteetan ados jartzeko ezintasunak aldi bereko bilakabidea izan dute, beste hauteskunde batzuen sainetea ere buruan darabiltelarik, zortzi hilabete hauetan gertatu bezala. Rajoy, gero eta harrituago gauzkan hautesleria batek ezkutatua eta babestua; Rivera, gobernu baten premian, baldin eta ez badu bozetara jo nahi eta, haien ondorioz, Espainiako gutxiengo baten aktore bihurtu, inolako eraginik gabekoa; Sanchez, maila politikorik eman ezinda, bere baroien inposizioez haraindira —zilegi bekit nabarmentzea maila hori aitor diezaioketela bere hautesleek, are saritu ere, baldin eta erreferendum bat ituntzeko gai izango balitz epe jakin batean—; eta Iglesias, egunez egun, higatzen ari da bere buruzagitza, zeina hauskor ageri baita, eta etikaren eta estetikaren arteko oreka ezinezkoen mendeko.

Estatuaren kaos politiko horretaz bestera, baldin eta baieztatzen bada hauteskundeak hirugarrengoz egingo direla —eta uste osoa dut hala izango dela—, Kataluniakook beste aukera bat izango dugu Kataluniaren berezitasun politikoa erakusteko —Euskal Herriaren baimenarekin— estatuaren mapan

Badakigu prozesuaren ibilbidearen azken partean gaudela, eta gure nahia da hasi ginen modu berean irautea azkeneraino: modu zibiko, baketsu, demokratiko eta transbertsalean; horrexek egiten baitu berezi. Eta, bozkalekuetan amaitu nahi dugunez gero, alde bakarreko independentziaren erreferenduma egin beharko dugu, eta horretan zehaztuko da zer nahi duen Kataluniako herriak.

Hala, bada, urte politiko erabakigarri bati ekitear gaude, zeinak eragile politiko guztiei eskatuko baitie eskuzabaltasun, autoeskakizun, duintasun, estatu zentzu eta akordiorako borondate handiagoa. Estatuaz, eta haren estoldez eta xede zigortzaileez harago, geure esku dugu etorkizuna, zeina gure baitan baitago inoiz baino gehiago.

Eta, ez izan inolako zalantzarik, prest baikaude eta erabakia harturik baitugu etorkizun aske bat erdiesteko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.