Independentzia prozesu bat oztopo lasterketa bat da. Gaitasun politiko eta soziala behar da kolpeak saihestu, trabak gainditu eta hesiak banan-banan pasatuz bidea bukaeraraino egiteko.
Katalunia badoa aurrera, urrats berria emateko prest. Anbizioz, geltokiak marraztu eta etapa-bukaera bakoitzean hurrengoari begira. Orain desanexioaren txanda da, prozesua diseinatu eta burutzea, herriak erabaki duena betetzea. Biharko hauteskundeak ez dira Parlamentu baten osaketa erabakitzeko, estatuarekin apurtzea erabakitzeko baizik.
Beldurraren diskurtsoaren eguneroko errepikak Rajoy bera ere nahastu du. Madrilen ez dute argi desanexioa ematekotan kataluniarrak, espainiarrak, europearrak ala zer arraio izango diren. Hor dago aldea, kataluniarrek argitu dute, Herriak erabakitzen dutena izango dira eta kitto.
Prozesu kataluniarra ez omen da legezkoa, ez ditu Konstituzioaren mugak errespetatzen. Hala da, ez da konstituzioan oinarritzen, herritarren borondatean baizik. Zilegizkoa da, eta hori da gakoa autodeterminazio eta sezesio prozesuetan nazioarteko araudiaren arabera. Posible da Kataluniako Estatua sortzea herriaren gehiengoak horrela nahi badu, eta posible da Euskal Estatua eratzea gehienok hori erabakitzen badugu.
Europar Batasunetik kanpo geratzearekin mehatxatu dituzte. Botere ekonomiko eta politikoak beldurraren bidez baldintzatu eta aldatu nahi ditu hauteskunde emaitzak. Hori da Europan demokraziak duen osasuna. Ez da gutxi esaten dutena, baina sinesgarria da?
Katalunia Europar Batasunetik botatzea erabaki politikoa da, gaurko egoeran sinesgarria izan daiteke, baina Europako nazio ukatuek Estatu bat eratzea erabaki eta lortzen badugu, egoera goitik behera aldatuko da Europan, eta egoera aldatzeak erabaki politikoetan ere aldaketa eragingo du.
Ez du inon jartzen Europako Herri batek autogobernu gehiago lortzea debekatua dagoenik. Zergatik izango ditugu arazoak alde egin nahi dugunok eta ez geratuko den Estatu espainiarrak?
Badago beste funtsezko kontu bat. Galdetu die norbaitek Kataluniarrei Europar Batasun honen parte izan nahi duten? Galdetu digute guri?
Urteetan entzun behar izan dugu independentziarekin azak jango genituela. Eta hemen gaude, XXI mendean, Europaren bihotzean, Espainia markaren «babesea». Hamar langiletik bi pobreak dira; oinarrizko premiak asetzeko hamar herritarretik lauk prestazioak behar dituzte, enpleguak ez duelako pobrezia arriskutik ateratzea ziurtatzen. Langabezian daudenen erdiek ez dute inolako diru sarrerarik, ez babesik. Emakumeok orain hamar urte baino zailago dugu bakarrik aurrera ateratzea. Milaka gazte emigratzera behartuak. Askok aukeratu beharko dute neguan barazki freskoak jan ala berogailua piztearen artean. Arazoa ez da independentzia, kapitalismo basatia baizik.
Gainbehera ekonomikoaren mamua saldu nahi digute. Banketxeek ospa egingo dutela diote, eta kapitalak ez duela bertan inbertituko. Errealitate hori gurean ezaguna da, iaz inbertsio gehienak Euskal Herritik kanpo egin ziren. Kutxak likidatu eta gure aurrezkiak esku pribatuetan utzi dituzte, nahi dutenean ospa egiteko aukerarekin. Arriskua ez dugu guk sortu, independentistok finantza operazio horren kontra gaude. Ez da independentzia, Kapitalismoa da.
Ekonomiaz, egoera sozialaz, demokraziaz hitz egingo dugu, baina independentzia, gehienbat, botere kontua da. Bere baliabideak antolatzeko eta kudeatzeko ahalmena duen herriak etorkizun hobea izango du. Urkulluren Gobernuaren hitzetan Estatutua osorik beteko balitz 10.000 milioi euro gehiago izango genituzke. Eta burujabetza osoa lortuz gero? Atera kontuak. Burujabetzari uko egiteko arrazoi bakarra dago, gauzak aldatzeko ematen dituen aukerak nahi ez izatea.
Kateak apurtzea eta menpekotasunak gainditzea ez da arrisku bat aske izan nahi duen Herriarentzat. Bai, ordea, gaur boterea dutenentzat. Horregatik sartu dira buru belarri Kataluniako hauteskunde kanpainan elite ekonomikoak, espekulatzaileak eta CEOE.
Datozen urteak erabakigarriak izango dira. Lurralde ereduaren auziaz erabakiak hartuko dira. Kataluniak bere prozesua bizi-bizi duela begiratzen dio momentuari. Espainiarrak euren prozesua egiten ari dira lurralde batasuna eraberritu eta betikotzeko. Euskal Herrian nola helduko diogu momentuari?
PNVk egin du bere hautua: burujabetzari uko egitea. Eztabaida autogobernuari buruzko ponentzian lokartu du hemen, eta jendarteari bizkar emanez, negoziatzen ari da Madrilen. Iruzurra da.
Euskal independentismoak proposamen argiak behar ditu momentu politiko honi begira. Gure eskaintza zehaztu behar dugu apurtzeko, proposamen soberanistak errealitate berriak eraikitzeko, iniziatiba politikoak herriari protagonismoa emateko.
Independentziaren eztabaida pil-pilean dago, ez dezatela baztertu Euskal Herrian. Egin dezagun gure eztabaida hurrengo helmuga zehaztu eta bidea diseinatzeko. Hori da subiranotasun prozesuak behar duen bultzada.
Independentzia botere kontua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu